Joseba Argiñano. Sukaldaria

«Sukaldaritza desfasatzen ari da gaur»

Ez da harritzekoa Joseba Argiñano sukaldari izatea, Karlos Argiñanoren semea eta Eva Argiñanoren iloba izanik. 'Historias a Bocados' saioa aurkeztuko du ETB2n gaurtik aurrera.
ETB

Edu Lartzanguren -

2018ko irailak 22
Joseba Argiñano (Zarautz, Gipuzkoa, 1985) gozogilea da. Fai Hung sukaldariaren lekukoa hartu du gaurtik aurrera ETB2ko Historias a Bocados saioa aurkezten. 20:00etan ikusi ahalko da lehenengo atala.

Auto lasterketetako pilotua izan nahi zenuen. Nola desbideratu zinen?

Beti gustatu izan zaizkit auto lasterketak. Anaia zaharrenarekin ibiltzen nintzen karting eta halakoetan. Txapelketa batean hartu nuen parte: 200 pertsonak eman zuten izena, eta 100 sailkatu ginen Olaberrian [Gipuzkoa] txapelketa egiteko. Horretan, lehen kanporaketa pasatu nuen, eta 25 bat geratu ginen. Hurrengoan, ordea, lau besterik ez ziren pasatu. Seigarren sailkatu nintzen, eta hor amaitu zen nire ibilbidea. Halere, ez naiz inoiz lehiatzekoa izan, gehiago gozatzekoa. Gaur, ematen du irabazi egin behar duzula beti, bestela ematen duelako ez duzula ezertarako balio. Umeak, gaur, entrenatzen dira txapelketa egiteko. Tristea iruditzen zait: umeek kirolean ondo pasatu behar dute.

Sukaldean filosofia bera daukazu?

Sukaldea elikatzea da, ezer baino lehen. Gaur, jendeak nahi du sukaldari izan eta bakailao aparra egin, jakin gabe bakailaoa Bizkaiko erara egiten. Guk etxean ikasi dugu bazkariak lehengai onekin egin behar direla, sinple, gisatuz, frijituz eta gozatuz. Ematen du ez zarela sukaldaria ez badituzu aparrak egiten edo patata batekin esfera bat egiten. Sukaldaritza desfasatzen ari da gaur. Nik produktua erabiltzen duen sukaldaritza gustatzen zait, eta puntua bilatzea, ez sekulako apaingarriak egin, eta, biharamunean, bihotzerrea.

Aitaren antza duzu, baina gozogilea zara. Izebaren aldekoa atera zara sukaldaritzan?

Oso bizia izan naiz beti, eta gozoa beti etorri zait ongi, gora etortzeko energia azkarra lortzeko. Halere, oso ondo moldatzen naiz gazia prestatzen, eta lagunak beti desiratzen daude soziedadean nik zeozer prestatzeko. Bartzelonan urtebetez ikasi nuen gozogintza: txokolatea nola erabili, bonboiak eta turroia nola egin... Eta izugarri gustatu zitzaidan. Gozogintzak beste abantaila bat du: jatetxeko lana gogorra da berez, goizetik gauera eta asteburuetan ere egin behar delako lan. Baina ni goiz jaikitzekoa naiz, eta, gozoak goizean prestatzen dituzunean, arratsaldeak libre dituzu.

Telebista ez zaizu arrotz: iaz Cocina Abierta saioa aurkeztu zenuen Nova kanalean. Balioko dizu esperientziak ETBrako?

Txikitan, Kanarietako bananen inguruko iragarki bat egin nuen aitarekin [1995ean]. Cocina Abierta esperientzia ona izan da, baina Historias a Bocados saioarenak ilusio handia egin dit. Izan ere, platoan gustura nengoen, baina ez nuen orain bezainbeste disfrutatzen. Orain, herriz herri joan, jendea ezagutu... Oso aberasgarria da niretzat. Aurrekoan, nik besteei gauzak prestatzen erakustea zen kontua; honetan, berriz, nik ikasten dut besteek herrietan zer egiten duten.

Esan duzunez, zuentzat lehengaia da garrantzitsuena sukaldean. Produktuak nondik datozen erakusteko asmoa duzu saioan?

Sukaldean jakin behar dugu, baina garrantzitsuagoa da jakitea produktuak non erosi, azkenean horiek ematen dizutelako arrakasta. Gaztagileak nola aritzen diren ikusi dut, eztia nola ateratzen duten... Arabako Errioxan egon nintzen, baina ez ardoaren kontuekin, baizik eta olioa nola egiten duten ikusten. Pentsatzen dugu Kataluniara edo ez dakit nora joan behar dugula olio onaren bila, baina hemen ere badaukagu olio bikaina. Beizaman [Gipuzkoa] egiten duten intxaur olioa erakutsiko dugu.

Aita, sukaldaria izateaz gain, showman hutsa da. Ez duzu beldurrik telebistako lanean harekin konparatu nahi izango zaituztela?

Gu ere ohituta gaude entzutera jendeak zer esaten duen eta zer ez duen esaten. Ziur esango dutela, egiten duenari egite hutsarengatik esaten diolako jendeak beti. Baina ni neu izango naiz. Saioak, dena den, martxa dauka dagoeneko, eta polita da; nik ere jarraitzen nion. Oraingoz, ez dut neure burua showman gisa sailkatzen, tipo normaltzat baizik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna