Xabier Doncel. Gazteako zuzendaria

«Bisualagoa izan behar du Gazteak»

EGMren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan liderra da Gaztea irrati musikalen artean. Doncelek entzule datuak erlatibizatu ohi ditu, eta uste du faktore bat baino ez direla.

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
2009. urtean Gazteako B-Aldea irratsaioan hasi zen lanean Xabier Doncel (Getxo, Bizkaia, 1982), eta sei urte egin zituen han. Eitb.eus-eko Kultura sailean eta ETB1eko Ahoz aho eta Egun on Euskadi saioetan ere aritu da.

Zer moduz joan zaizkizu lehen asteak Gazteako zuzendari lanetan?

Ondo, pozik nago. Erronka sekulakoa da, baina nire etxera bueltatzea da, nolabait esateko. Lantalde osoa ezagutzeak asko erraztu dit lana aste hauetan. Lantaldea oso aldeko daukat, eta lehen pausoetan oso beharrezkoa da hori; nire proposamenak interes handiarekin ari dira hartzen.

Ardurazko postu batean modu desberdinean ikusten dira irratiaren gorabeherak, ezta?

Bai, noski. Ikuspegia guztiz aldatu behar da, eta hori izan dut lehen erronka. Erredakzioan zaudenean, ikuspegia egunerokoa da, eguneko saioa edo biharkoa aurrera ateratzea. Baina kargu honetan eguneroko kudeaketa dago, eta epe ertainera begira izan behar da burua. Denbora eskatzen du halakoei ekiteak.

Urko Aristi EITBko irratietako zuzendariak esan izan du EGM ez dela fidagarria. Baina zer adierazten du EGMk Gazteari 100.000 entzule eta irrati musikaletan lidergoa emateak (Araba, Bizkai eta Gipuzkoan)?

Joerak dira; kasu honetan, goranzkoa da joera. Baina audientziak erlatibizizatzea gustatzen zait, bai datuak onak direnean, bai txarrak direnean. Faktore bat dira, baina ez bakarra. Ez dakit ondorioak atera ditzakegun argazki zehatz batetik; ez dut uste EGMk 100.000 entzule eman dizkigulako dominak jartzen hasi behar dugunik.

Odile Kruzetak iaz BERRIAn aipatu zuen EITBren aldetik ez dela behar bezala nabarmendu Gazteak irrati musikalen artean lidergoa sarri lortu izana.

Ni, behintzat, etxe barruan oso babestua sentitzen naiz. Jende askok goraipatzen du datu hori. Euskaldunengana iristen gara, eta euskaldunak ez diren zenbait entzulerengana ere bai. EITBn balioa ematen zaio Gazteak egiten duen lanari, eta orain inoiz baino gehiago.

Beste joera bat da belaunaldi gazteek gero eta gutxiago entzuten dutela irratia modu tradizionalean. Nola irits daiteke Gaztea haiengana?

Hori da oraintxe bertan daukagun erronka nagusia. Badakigu belaunaldi oso gazteak ez daudela irratian, eta beste modu batzuk bilatu behar ditugu haiengana iristeko: Instagram, Spotify edo beste bide batzuk izan daitezke [Instagramen 28.800 jarraitzaile ditu Gazteak].

Nolako estrategia ari zarete erabiltzen sare sozialetarako?

Uste dut oso fin gabiltzala. Irratiak bere burua erakutsi dezan,bide ezin hobea dira sare sozialak. Sekulako taldea daukagu horretarako, eta jendea oso prest dago gauzak egiteko.

Zita zitala bideo sortan, Baserria saioko lehiakideak elkartzen dituzue txantxa giroan. Umorea tresna ona al da gazteengana iristeko?

Bai, umorea Gaztearen oinarrietako bat da oraintxe bertan. Ez bakarrik Antton Telleria daukagulako, baizik eta lantaldea oso prest dagoelako umorerako. Etorkizunean produktu hibrido batzuk landuko ditugu: adibidez, Baserria-ren eta Gaztearen artekoak.

Aurki EITB Podkast plataforma aurkeztuko dute. Gaztean nolako lanketa egiteko asmoa duzue podcastekin?

Gazteak badaramatza hiruzpalau urte podcastak egiten. Podcasta bideo formatuarekin uztartzen ere ahalegindu gara, multiplataforma deitzen diren formatuetan.

Jon Lamarka aurreko zuzendariak iaz esan zuen euskal musikaren presentzia %20 dela Gaztean. Handiagoa izan al daiteke?

Minimoa izan da %20 hori, baina orain hortik oso gora gaude: erditik hurbil. Euskal musika inoizko garairik gozoenetako batean dago. Urte oparoak dira, eta musikariek Gaztearekin duten harremana inoizko onena da.

Musika estilo guztiak ez dira entzuten, ordea.

Heavy doinuek edo gogorragoek badituzte beste bide batzuk; B-Aldea saioan ertzetan dagoen musika entzuten da, Julen Idigorasen lan bikainari esker. Edonola ere, talde guztiek ez dute zertan Gazteatik pasatu.

Luzera so, zer erronka dituzue?

Gazteak bisualagoa izan behar du. Etxeak argi du Gaztea irrati bat baino askoz gehiago dela, eta horretan sakondu behar dugu. Horretan ari gara lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.