Josep Carles Rius. Kataluniako Informazioaren Kontseiluko presidentea

«Ezin dira diru laguntzak eman audientziaren arabera»

Kataluniako Kazetarien Elkargoak, Kataluniako Informazioaren Kontseiluak eta 11 unibertsitatek kode deontologikoa aldarrikatzeko agiri bat plazaratu berri dute.

KATALUNIAKO INFORMAZIOAREN KONTSEILUA.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Komunikazio zientzietan eta kazetaritzan doktorea da Josep Carles Rius (Valls, Katalunia, 1956). 25 urtez aritu da kazetaritza irakasle. La Vanguardia-ko zuzendariorde, El Periódico de Catalunya-ko erredaktore buru eta Público-ko Kataluniako zuzendari izan da. Kataluniako Kazetarien Elkargoko dekanoa izan zen. Duela lau hilabete izendatu zuten Kataluniako Informazioaren Kontseiluko presidente.

Kataluniako Kazetarien Elkargoak, Informazioaren Kontseiluak eta 11 unibertsitatek kode deontologikoa «kalitate demokratikorako» tresna funtsezkotzat jo duzue. Zer testuingurutan plazaratu duzue agiria?

Elkarrizketa prozesu luze bat egon da unibertsitateekin. Kataluniako Informazio Kontseiluak zaintzen du kode deontologikoa betetzen ote den. Kezka batzuez aritu gara denen artean, eta nagusienetako bat hau da: sare sozialek aukera ugari eskaintzen dituzte, baina espazio horretan albiste faltsuak daude, gorrotoaren diskurtsoa sustatzen da, eta intoxikatu egiten da.

Zer proposatu duzue?

Kalitatezko kazetaritza aldarrikatu behar dugu, kazetaritza zintzoa eta independentea. Denen artean egin behar dugu hori.

Nolakoa izan da Kataluniako Informazioaren Kontseiluaren lana urteotan?

1997an sortu zen. Bost urte lehenago kazetari elkargoak kode deontologikoa onartu zuen. Kodea ona zen, baina press council bat [prentsa kontseilu bat] behar genuen, Europako beste herri askotan bezala, kodea bete dadin. Kazetariak, hedabideak eta gizarte zibila daude ordezkatuta Informazioaren Kontseiluan. Herritarren kexak aztertzen ditu, eta irizpenekin erantzuten du.

Prebentzioa ere garrantzitsua da, ezta?

Bai, hain zuzen ere, presidente naizenetik prebentzioan saiatzen ari naiz. Ogibidean dauden eztabaidei aurre egin nahi diegu, eta kazetarientzako tresna praktikoak eskaini. Izan ere, ekosistema digital berrian kazetariok erabakiak oso epe laburrean hartu behar izaten ditugu, eta irizpideak oso argi izan behar dira.

Kazetaritza ikasle askok ikasiko dituzte kode deontologikoaren puntuak. Zenbait hedabidetan lanean hasi bezain laster, urratzera behartuta egon daitezke.

Lehentasuna da unibertsitateak inplikatzea. Unibertsitateek konpromisoa hartu dute etikari lotutako ikasketak indartzeko, eta graduazio ekitaldian presente egongo da kodea bera. Baina errealitatea halakoa da: praktikak egitera joaten diren zenbait ikasle deformatu egiten dira, formatu baino gehiago. Unibertsitateren batek proposatu du zenbait hedabideri betoa jartzea, bekadunak ez bidaltzea. Hedabideek eta administrazioek errespetatu egin behar dituzte informazio kontseiluak; kazetaritza zaborrean eta clickbait-ean oinarritzen diren hedabideek ez lituzkete diru laguntza publikoak eta publizitate instituzionala jaso behar. Bataila zaila da, baina administrazioak gardenak izan behar dira laguntzak ematerakoan. Ezin dira laguntzak eman audientziaren arabera, baizik eta hedabideen funtzio sozialaren arabera behar dira izan. Horrela ezin da jarraitu, ekosistema mediatikoa deformatu egiten baita.

Kode deontologikoaren puntu batek dio interesen gatazka eragotzi behar dela. Kasu askotan hausten da, ordea, ezta?

Kazetarien interes gatazkengan jartzen du fokua kodeak, eta kexu dezente jasotzen ditugu. Badira publizitatea egiten duten kazetariak, edo hedabide batean eta aholkulari politiko lanean batera aritzen direnak. Bestetik, zenbait hedabide botere edo interes taldeen ordezkariak dira —Espainiako ekosisteman kasu argiak daude—. Gardentasuna funtsezkoa da; herritarrek jakin behar dute nor dagoen hedabideen atzean.

Katalunian bada ikus-entzunezko kontseilu bat. Zer onura ekarriko lukete Euskal Herrian halako kontseiluek?

Hedabide sistema propioak dituzten erkidego guztiek izan beharko lukete kontseilu bat. Baita Espainiako Estatuak ere. Espainian dagoen telebista duopolioak [Mediaset-Atresmedia] nahi duena egiten du, eta ez dago hori zaintzen duen erakunderik. Europan sare bat beharko litzateke, telebistek ongizatearen alde jokatzen dutela ziurtatzeko. Gorrotoaren diskurtsoa telebista handietan zabaltzen bada, arazoa larria da. EAEn eta Nafarroan kontseilurik ez egotea defizit bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.