Sanmartinak Bergaran

Nekazarien lana herrira gerturatzeko

Euskal Herriko produktuak dastatu eta erosteko aukera egongo da gaur Bergarako San Martin ferian. Lehiaketak ere egingo dira

60 postu inguru egongo dira San Martin ferian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko irailaren 9a
00:00
Entzun
San Martin egunaren aurreko larunbatean, San Martin feria egiten dute Bergaran (Gipuzkoa). Herritarrek aukera izaten dute eskulangileen produktuak, barazkiak, fruituak, gaztak eta odolosteak dastatu eta erosteko. «Aurten, 60 bat postu egongo dira Oxirondo plazaren inguruan eguneko ekintza gehienak han izango dira, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorriak», argitu du Edurne Korta kultur teknikariak.

Postu horietako hamalauk barazki eta fruitu lehiaketan parte hartuko dute, eta hemeretzik, gazta txapelketan. «Nekazariek postuak apain-apain jartzen dituzte epaileen eta bezeroen arreta erakartzeko. Baserritarrek euren produktuak saltzea ere nahi dugu. Jendea ez dadila soilik begiratzera etorri», dio Kortak.

«Lehiaketaz gain, talo eta odoloste txosnak ere egongo dira. Odolkien kasuan, Bergarako harategiek egindakoak dira, eta pintxoak banatuko zaizkie etortzen direnei», gaineratu du Kortak. Aurten, zazpi odoloste desberdin dastatzeko aukera egongo da, herrian harategi gehiago egon arren.

Eztiak ere izango du bere tokia San Martin ferian. «Iaz harrera ona izan zuen Erlantz Olabarriaren tailerrak. Eztia nondik ateratzen zen erakutsi zuen, eta aurten jarraipena emango diogu», azpimarratu du Kortak.

Halere, inor gosez gelditu bada, tokiko produktuekin egindako bazkaria jan dezake. 14:30ean izango da, feria gunean.

Arratsaldean, musikaz gozatzeko aukera egongo da. 18:00etan, DJ Big Timen txanda izango da. Jarraian, Aukeran dantza konpainiak Maurizia dantza emanaldia eskainiko du udal pilotalekuan eguraldi ona eginez gero San Martin plazan izango da, eta, eguna borobiltzeko, Munibe plazan, Pelax & Telmo Trenor eta Kuartzen kontzertuak izango dira.

Tokiko produktuaren alde

Debagoiena bezalako eskualde industrializatu batean, nekazarien lana itzalean gelditu ohi da. «Nekazaritzaren pisua ez da oso handia Bergaran. Biztanleriaren ehuneko hiru inguru biziko da lehen sektoretik», azaldu du Lander Arregi Auzoetako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko batzordeburuak. «Halere, dedikazio partzialak indar handiagoa du, jende askok baititu baratze txikiak herrian», gaineratu du batzordeburuak.

«Feria hau antolatzean ahalegin handia egiten dugu hemengo ekoizleei tokia egiten. Arauak jartzean, Euskal Herriko ekoizleen aldeko apustua egiten dugu, bertakoa defendatu nahi dugulako», azpimarratu du Arregik. «Beharbada postu gutxiago etorriko dira horrela, baina bertako nekazariak eta produktuak lehenesten ditugu, azokari balio erantsia emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.