Festak Agurainen

Aguraingo azoka zaharra, sasoiko

Aguraingo festetako egun handia izaten da azokakoa. Euskal Herriko mendiko arrazako zaldirik ederrena aukeratuko dute asteartean

Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Udari agur esan eta udazkena ongi hasteko, Agurain (Araba) festetan murgilduko da gaurtik aurrera. Festen ardatza, beste behin, urriaren hiruko azoka izango da. Bertan, Euskal Herriko eskulangile eta gastronomia produktuak erosteko aukera ez ezik, nekazaritzako makineria eta behi, txerri, ahuntz eta ardi erakusketak ere izango dira. Baina, bereziki, lehiaketak dira garrantzitsuenak: gazta lehiaketa eta Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako lehiaketa.

«Lehiaketa berezia da. Tradizio handia du, bakarra da, eta, gainera, Euskadiko Txapelketa da», azaldu du Guillermo Perez de Lezeta Abere enpresako teknikariak. Abere abeltzaintza ustiapenetan berezitutako enpresa bat da, eta hura arduratzen da Aguraingo zaldi lehiaketa antolatzeaz.

Aurten, 24 ganadutegi lehiatuko dira elkarren artean. «Arabatik hamasei ustiategi aurkeztu dira, Bizkaitik sei, eta Gipuzkoatik bi», zehaztu du Perez de Lezetak. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko zaldiek ezin dute parte hartu, «arrazaren jatorria Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mendietakoa delako, eta federazioak soilik hiru lurraldeetako zaldiak biltzen dituelako».

Tradizio luzeko azoka

Adinaren arabera, maila desberdinetan lehiatuko dira zaldiak. «Lehiaketa morfologikoa da; hau da, itxuraz ederrena denak irabazten du», dio Perez de Lezetak. «Lehen begi kolpea oso garrantzitsua da. Zaldiak dotorezia helarazi behar du, eta harmonia izan behar du. Burua eta lepoa oso garrantzitsuak dira horretarako, gorputz atalen arteko proportzioak ezartzen dituelako», nabarmendu du adituak. «Landako ezaugarriak ere izan behar ditu irabazleak. Azken finean, mendiko zaldia da gurea», gaineratu du.

«Aguraingo ferian betidanik egon da zaldien salerosketa. Geroago hasi ginen txapelketarekin», aipatu du Perez de Lezetak. Guztira, 30 bat txapelketa antolatu dituzte. Hasieran, Arabako txapelketa zen, baina badira hamar urte Euskal Herriko izena duela txapelketak.

Gazta lehiaketak, berriz, badaramatza hogeita hamar aldi. Asteartekoarekin, 31 izango dira. «Gure munduko artzainei omenaldi berezia egin nahi diegu», esan du Iñaki Beraza Aguraingo alkateak. Berazak gogoratu du lan asko egin dutela eragile desberdinek berezko ekoizpeneko artzain gaztari merezi duen balioa emateko, eta gaineratu du eskualdeko gaztagile askok sariak irabazi dituztela.

Historia handiko herria da Agurain, eta tradizio handikoa bertako azoka. 1256. urtean, herri titulua jaso zuenean, asteartetan azoka egiteko eskubidea ere jaso zuen. Urte batzuk geroago hasi ziren, ordea, azoka berezia antolatzen, 1395. urtean zehazki. 622 urteren ostean, azokak sasoiko jarraitzen du.

Eta hori, ia-ia sei mendez azokak atsedenik ez duela izan. Gerra karlistengatik eta 36ko gerraren ondorioz, izan dira urteak azokarik gabe. Era berean, 2009. urtean azoka egin, egin zen, baina animaliarik gabe—otsoen aurka neurriak hartzeko eskatzeko artzainek protesta egin zuten—.

Azokak horrenbesteko garrantzia du, ezen Aguraingo festak bere inguruan antolatzen baitituzte. Gaur hasiko dira jaiak, 19:00etan, txupinazoarekin. Halere, aurretik kirol ibilgailu klasikoen erakusketa egongo da, gazte bazkaria, txirrindularitza proba... 20:00etan, txosnagunea zabalduko dute, eta, gauean, besteak beste, Def Con Dos eta En Tol Sarmientoren kontzertuak egongo dira.

Osterantzean, aste guztian, denetariko ekintzak egongo dira. Astelehena erretiratuen eguna izango da, ostirala blusena, eta, igandean, Euskal Jaia ospatuko dute. Tartean, dibertitzeko, dantza egiteko, sabela betetzeko... giro aparta egongo da Arabako Lautadako hiriburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.