Ramon Martinez. Idazlea eta LGTBI ekintzailea

«LGTBI mugimenduak teoria kritiko global bat garatu behar du»

Feminismoak bortxaketaren kultura definitu eta borrokatzen duen modu berean, LGTBI mugimenduak homofobiaren kultura salatu eta suntsitu beharra dauka, Ramon Martinezek adierazi duenez.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ane Zurutuza Irastorza -

2018ko ekainak 29
Hispaniar filologian doktore, idazle eta LGTBI aktibista da Ramon Martinez (Madril, 1982). Hainbat saiakera idatzi ditu, eta baita nobela bat ere. Aste honetan Donostian izan da, Lo nuestro sí que es mundial (Gurea bai mundiala) liburua aurkezten.

Zer aldarrikatu behar du LGTBI mugimenduak ekainaren 28an?

Hasieran, trans errealitateak aldarrikatu behar genituen, OME Osasunaren Mundu Erakundeak transexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zezan. Aurreko astean, ordea, OME aurreratu egin zitzaigun, eta zerrendatik kendu zuen. Orain, baliteke iruditzea ez dagoela aldarrikatzeko ezer, helburu handia lortu baitugu. Badago, ordea: transexualen errealitatean izugarri dago oraindik lortzeke. OMEk esan du transexualitatea ez dela buruko gaixotasuna, genero nahasmendua baizik. Aurrerapauso txikia da; ez da nahikoa.

Nola dago LGTBI mugimendua oraintxe bertan?

LGTBI mugimenduak, nire ustez, arazo handi bat du: helburuak gaizki finkatzen ditu. Urte luzez, bazirudien gay eta lesbianen ezkontza eskubidea lortzea zela mugimenduaren helburu bakarra. Oso helburu zehatza da, zehatzegia. Hori beteta, zaila da jakitea zer egin behar den gero. Izan ere, LGTBI mugimenduari falta zaio herri mugimendu orok izan behar duen elementu bat: errealitatearen analisi kritiko bat, teoria bat. Feminismoak badauka: patriarkatuari egiten dio kritika. LGTBI mugimenduak ere edaten du kritika horretatik, patriarkatua homofoboa, transfoboa eta bifoboa delako, baina ez dauka teoria globalik.

Esan nahi duzu jendeak uste duela homofobia desagertu dela, hainbat helburu txiki lortu direlako?

Horixe gertatu zen 2005ean. Espainian gay eta lesbianen ezkontza eskubidea aitortu zen, eta bazirudien gure lana bukatu zela, baina ez zen hala izan. Gauza asko lortu ditugu, baina irudipena daukat lorpen txiki horietan zentratzeagatik, ahaztu egin zaigula zein den benetako helburua. Pentsatu beharko genuke zein den LGTBI aktibismoaren helburu nagusia: despatologizatzea? Despenalizatzea? Edo erreforma sozial oso bat egitea, genero identitateek eta orientazio sexualek garrantzitsu izateari utz diezaioten?

Beraz, zure ustez, zer izan beharko litzateke LGTBI aktibismoaren helburua?

Uste dut mugimenduak irudimena galdu duela, aurrez aipatutako helburu txiki horiek eta kritika globalaren gabezia horrek mugimenduaren garapen diskurtsiboa oztopatu dutela. Hortaz, nik planteatuko nuke teoria kritiko global bat garatzea, utopia bat finkatzea, eta utopia horren bila hastea. Horrela, gure ekintzek zentzua izango dute diskurtso historiko batean.

Homofobiaren kultura bat existitzen dela esan izan duzu.

Sarritan aipatzen dut: bortxaketaren kultura bat dagoen bezala, homofobiaren kultura bat ere badago. Feminismotik hartutako ideia bat da, feminismotik baitatoz ideia on gehienak. Ez dakigu oso ondo nola egin aurre homofobiaren kultura horri, analisi global bat falta zaigulako, esan bezala. LGTBI talde ugari dago; oso garrantzitsuak dira guztiak, eta duela urte batzuk ez genuke inolaz ere pentsatuko zehaztasun horretara iritsiko ginatekeenik. Baina ikuspegi globala falta zaigu. Talde horien artean loturak egin behar ditugu, eta kulturarekin eta hezkuntzarekin lotu behar ditugu. Lan handia egiten dugu hezkuntzan, baina beharbada ez dugu ondo egiten. Noizean behin esku hartze bat egitearekin nahikoa dela uste dugu.

Zer lan egin beharko litzateke hezkuntzan?

Orain oso zaila da literatura eskoletan autore bat gay-a zela esatea. Irakasleek ez dute Lorcaren homosexualitateaz hitz egiten, baina bai Lope de Vegaren heterosexualitateaz. Har dezagun Antonio Erauso, adibidez, Alferez moja. Pertsonaia historiko oso garrantzitsua da; donostiarra, gainera! Hari buruz hitz egiteak izugarri lagunduko lieke ikasleei trans errealitatea ulertzen: jaiotzean, emakumetzat hartu zuten, komentu batean sartu zuten, bertatik ihes egin zuen eta Ameriketara joan zen soldatu, hori izan baitzen bere betiko ametsa. Institutuetan, ordea, Katalina Erausoz bakarrik hitz egiten dute. Eskolan halako figurak aldarrikatuko balira, asko aldatuko litzateke errealitatea. Ikastetxeetan azaldu beharko litzateke generoa eraikuntza sozial bat dela, eta pertsona orok eskubidea duela bere burua nahi duen moduan agertzeko; izan zaitezkeela Katalina Erauso, baina Antonio Erauso gisa bizitzeko erabakia hartu.

Eskutik al doaz LGTBI mugimendua eta mugimendu feminista?

Behar luketena baino gutxiago, denboraren poderioz urrundu egin baitira. Badago nik asko erabiltzen dudan hitz bat: gaytxirulo kontzeptua. Nire ustez, gizon homosexualen askapenak nolabaiteko atzerapauso bat eragin du. Lehen, feminismotik oso gertu zeuden, eta orain badirudi feminismoak ez duela garrantzirik askorentzat. LGTBI mugimendua eta feminismoa oso lotuta daude, txanpon beraren bi aurpegi baitira homofobia eta matxismoa. Esan izan dut homofobia dela gizonek pairatzen dugun matxismoa. Feminismoa historiako herri mugimendu zaharrena da, historia teoriko luzeena duena, marxismoak baino gehiago, horri arreta gehiago eman bazaio ere. Feminismoaren gisako eskola bat izanda, hain oparoa, hainbeste korronte dituena, ezinbestekoa iruditzen zait bertatik edatea.

Eztabaida handia dago LGTBI komunitatean haurdunaldi subrogatuen inguruan; zu kontra agertu zara.

Hala da. Nik ulertzen dut bi pertsonak guraso izan nahi izatea, eta beti defendatuko dut. Baina ez dut uste nahi guztiak beti ase behar direnik, eta are gutxiago nahi horiek emakumeen askatasunaren kontura gauzatzen badira. Harreman biologikoaren ideia hori gainditu behar dugu; Erdi aroko ideia bat da, odolaren nobleziarekin lotua.

Zein da haurdunaldi subrogatuen auzia konpontzeko bidea?

PP Espainiako Gobernuan egon den urteetan, alde batera utzi dituzte adopzio politikak, eta orduan hasi dira agertzen alokairuzko sabelen agentziak; lotura zuzena dago. Alokairuzko sabelen sistemaren bidez lortzen dugun gauza bakarra zera da: seme-alabek biologikoak izan behar duten ideia indartzea; zilegi dela, alegia, emakume pobreei ordaintzea zure haurra izan dezaten. Gizon gayentzako zerga patriarkal moduko bat da: eros ezazu haur bat, eta benetako gizona izango zara.

Adopzioak erraztu behar dira. Guraso izateko garrantzitsuena ez da genetika, hazkuntza baizik, eta hor igarri behar dira giza eskubideak: haur bat hazteko aukera berberak izan behar dituzte bikote homosexualek, heterosexualek eta bikoterik ez dutenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna