Alejandro Zearreta. Geologoa, EHUko irakasle eta ikertzailea

«Egun, biosferan baino espezie gehiago daude teknosferan»

Urteen buruan, gizakiek orain erabiltzen dituzten objektu teknologikoek aztarnak utziko dituzte erregistro sedimentarioan. Zearretak azaldu du planeta 'Antroprozeno' deritzon garai geologikoan sartu dela.

Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Lurraren historia ezagutzeko, nahikoa izan liteke harkaitz batek dituen geruzak aztertzea. Garai geologiko bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta gaur egungo bizimoduak eragina eta isla izan ditzake horietan. Hala uste du Alejandro Zearretak (Bilbo, 1960), EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko ikertzaile eta irakasleak. Alegia, gizakiak Antropozeno deritzon aro geologiko bat sortu duela bere jardueraren bidez. Zearreta eta bere lantaldea geologoen komunitatea konbentzitu nahian dabiltza, Antropozenoa egungo denbora geologiko izendatzeko. EHUk aldaketa klimatikoaren inguruan antolaturiko udako ikastaroetan eman zuen Zearretak kontzeptu horren berri, uztailean.

Antropozenoa garai geologikotzat har al daiteke?

Lantaldeak zehaztu beharreko lan nagusia da hori. Batetik, zehazten ari gara Antropozenoa zer den eta zer ebidentzia dituen. Horren ostean, kategoria zehaztu beharra dago denbora geologikoen baitan: garai bat, aldi bat edo aro bat izan daiteke. Antropozenoak urte gutxi dituenez, ez ditu garaia baino goragoko kategoria baten ezaugarriak betetzen. Hori horrela, gure proposamenean diogu Antropozenoa garai berri bat dela, eta Holozenoa ordezkatuko luke, egungo garaia.

Zerk baldintzatu dezake Antropozenoa garai geologikoa izatea?

Antropozenoak bi baldintza betetzen ditu garai geologikotzat hartzeko: globala eta sinkronikoa da. Batetik, planeta osoan eta ekosistema guztietan eragina duelako, eta, bestetik, toki guztietan aldi berean gertatzen delako. Ondorioz, erregistro sedimentarioetan aurkitzen ditugun ebidentziak antzekoak dira planetako lekua gorabehera.

Ebidentziak aipatu dituzu; zeintzuk dira nabarmenenak?

Antropozenoaren hasiera eta garaia bera zehazten dituen ebidentzia sinkronikoena isotopo erradioaktiboen presentzia litzateke. Isotopo horiek superpotentziek [Erresuma Batua, AEB eta SESB] atmosferan eragindako leherketa atomikoen ondorioz agertu ziren. Lehenengo leherketa 1945. urtean izan zen, Mexiko Berriko [AEB] Alamogordo basamortuan. Beranduago, Hiroshima eta Nagasakiko [Japonia] bonbak lehertu zituzten, eta 1952. urtetik aurrera hasi ziren fusiozko bonba termonuklearrak jaurtitzen. Ordutik, bonba horien aztarnak lurraren gainazalean daude.

Isotopoak agertzeaz gain, zer beste bereizgarri ikus daiteke?

Azken hamarkadetan, aldaketa nabarmenak gertatu dira faunan eta floran. Zenbait espezie desagertu egin dira, eta ekosistema askotan jatorriz bertakoak ez diren espezie exotikoak sartu dira, nahita zein nahigabe, eta ekosistemak kolonizatu dituzte.

Zer eragin dute industria iraultzak eta teknologia berriek?

Eragina nabarmena da. Garai berri honetako ebidentziak dira industria jardueraren ondorioz ekosistema sedimentarioan sartzen diren metalezko eduki handiak, plastikoak, eta etorkizuneko teknofosilak; hau da, egunero ekoizten ditugun objektuak oro har. Ebidentzia berak dira planetako edozein lekutan.

Azaldu duzu Antropozenoak globala eta sinkronikoa izan behar duela garai geologiko gisa izendatzeko. Noiz gertatu ziren bi baldintza horiek batera lehen aldiz?

XX. mende erdialdera hasi zen Azelerazio Handia deritzona. Ordutik aurrera, globalizazioa zabaltzen hasi zen, eta, Interneten ondorioz, edozein material aldi berean bana daiteke planeta osoan. Gaur egun ere zenbait enpresak produktuak iragarri eta egun berean saltzen dituzte munduko denda guztietan. Sinkronizazio maila hori ez zen ezagutzen Antropozenoaren aurreko garaietan.

Eta nola lotzen da hori guztia geologiarekin?

Objektu teknologikoak zabor bihurtzen dira erabiltzen ez direnean. Batzuk zabortegietara joaten dira, baina beste asko erregistro sedimentarioetan gelditzen dira. Horietako gehienek iraun egingo dute; etorkizuneko arroken parte izango dira, eta teknosfera sortuko dute. Hori horrela, egun biosferan baino espezie gehiago daude teknosferan. Espezie teknologikoak asmatzen ari gara, eta espezie biologikoak kanporatzen; ondorioz, planetako biota pobretuz doa.

Zertan da desberdina Antropozenoa aurreko garaietatik?

Garai geologikoa aldatzeko, zientzia geologikoak hasiera bat zehaztea eskatzen du, estratotipo bat bilatzeko. Hots, arroken edukiari dagokionez, goiko arrokek erakutsi behar dute desberdinak direla behean daudenekin alderatuta. Horien presentziak urte bera markatu behar dute planeta osoan. Antropozenoaren berritasun nabarmena da ebidentzia teknologikoak erregistro geologikoan sartu izana lehen aldiz. Aurreko garaietan moluskuen aztarnak gelditzen ziren, eta orain, objektu teknologikoenak.

Antropozenoaren hasiera zehazteko ikuspuntu bat baino gehiago atera izan dira. Zertan oinarritzen dira gainontzekoak?

Antropozenoak gure espezieari eta egungo gizarteari buruzko zalantzak sortzen dizkigu; ondorioz, zenbait komunitate zientifiko ikertzen ari dira azkenaldian. Zenbait adituk iraultza neolitikoan jartzen dute Antropozenoaren hasiera; elikagaiak ekoizteko animaliak eta landareak etxekotzen hasi ziren garaian, alegia. Beste batzuek industria iraultzarekin lotu izan dute, CO2a igorri eta milioika ondasun industrial ekoiztu ziren garaiarekin. Eta badaude garaiaren hasiera Amerikaren aurkikuntzaren momentuan jartzen dutenak ere, argudiatuz orduan globalizatu zela mundua. Baina Antropozenoaren lantaldeko kideon ustetan, mundu osoko eta aldibereko gizakion aztarna Azelerazio Handitik aurrera gertatu da soilik. Halere, azpimarratu behar da Azelerazio Handia ezin dela azaldu aurretiko etapa horiek gabe, batak bestea sortzea eragin baitu.

Antropozenoa kontzeptu geologiko hutsa al da?

Aurrez aipatutako osotasunaren eta sinkronikotasunaren ondorioz, planeta garai geologiko berri batean sartzen da, eta hori ezinbesteko baldintza da garai geologikotzat hartu ahal izateko. Ebidentziak globalki berdinak izango ez balira, gizakiaren fase kultural bat izango litzateke. Hala ere, paleolitikoa edo mesolitikoa izan ziren bezala, Antropozenoa ere kontzeptu kultural bat izan daiteke. Giza aztarna bat egoteaz gain aldaketa kultural garrantzitsu bat baitago gure espeziean, eta horrek kontzeptu kulturalera garamatza. Hala ere, gure ikerketari dagokionez, azpimarratu behar da geologiaren aldetik erregistro geologikoa uzten badu soilik izango dela garrantzitsua. Azken finean, Antropozenoa, denbora geologiko gisa, fase kultural baten erantzuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.