Oihan Mendo. Garesko alkate eta Udalbiltzako kidea

«Burujabetzak arlo guztietan txertatuta egon beharko luke»

Udalbiltzak abian jarri du webgune bat, burujabetzaren eta herri eraikuntzaren arloan tokian tokiko esperientziak jasotzeko; Mendok dioenez, «praktika transformatzaileen mapa» osatu dute horrekin.

gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Joan den urtarrilean Oiartzunen (Gipuzkoa) egindako bilkuran, Udalbiltzak iazko bilana egin eta aurtengo lan ildoak finkatu zituen. Ildo horietako batzuk lehenago landutakoen jarraipena dira; hori da, esaterako, Hartueman egitasmoaren kasua. Emaitzak orain daude ikusgai, Euskal Herri osoko esperientziak biltzen dituen webgunea abian jartzeaz batera, baina horren atzean aspaldi hasitako lan handia dago, orain arte ezkutuan egon dena.

Esperientzia banku gisa definitu dute Udalbiltzan Hartueman proiektua, eta horrek laburbiltzen du beste ezerk baino hobeto zertan den egitasmoa: energia burujabetza, elikadura, euskara, feminismo eta, oro har, herriaren eraikuntzarekin zerikusia duten arloetan udal bakoitzak egindakoa bildu eta horrekin banku moduko bat moldatzea, norberak besteek egindakoetatik ikasi ahal izateko, Garesko alkate eta Hartueman egitasmoaren arduradun Oihan Mendok (Gares, Nafarroa, 1986) dioenez.

Nola sortu zen Hartueman esperientzia bankuaren ideia?

Udalbiltzak hausnarketa prozesu bat egin zuen 2015. urtean, Udalbiltzan bagabiltza prozesua, eta agerikoa izan zen Euskal Herriko burujabetza bultzatzen duten ekinbideak ikusarazteko eta indartzeko nahia eta beharra. Hartueman proiektuak erronka horri erantzuten dio.

Eta zein da haren helburua?

Badakigu Euskal Herrian maila ugaritan lantzen dela burujabetza egunero, baina azken boladan udalak eta herritarrak proiektu benetan interesgarriak eta transformatzaileak garatzen ari dira, eta arrakasta handiarekin, gainera. Esperientzia horiek jaso eta saretu nahi dituen ekinbidea da,Euskal Herriko praktika transformatzaileen mapa osatzeko.

Nolakoak dira sareko esperientzien bilduma horretan jaso dituzuen esperientziak?

Bildutako esperientziek bost ezaugarri bete behar dituzte: lehenik eta behin, geografikoki Euskal Herrian kokatzea; bigarrenik, gizarte onura izatea helburu nagusitzat. Horretaz gainera, beharrezkoa da errepikatzeko modukoa izateko aukera izatea, hots, beste leku batean antzeko proiektua aurrera eramateko gaitasuna izatea. Errealitatearen baldintzak aldatzeko gai izatea ere eskatzen zaie —hau da, transformatzailea izatea—, eta, azkenik, arrakastatsua izatea, hau da, behin martxan jarrita funtzionatzea.

Esperientzia horiek sailkatzeko, hainbat lan ildo markatu dituzue. Zeintzuk dira, eta zergatik aukeratu dituzue?

Ildo ugari egon daitezke, baina,gure ustez, Udalbiltzaren helburu estrategikoetatik gertu dauden zazpi lan ildo aukeratu ditugu. Lehenengo biak, euskara eta politika feministak, Euskal Herria josten duten helburu estrategikoak dira, dudarik gabe.

Horretaz gainera, gure lurraldearen burujabetzari lotutako beste bost lan ildo aukeratu ditugu: energia burujabetza, elikadura burujabetza, etxebizitza eta hirigintza, ekonomia sozial eraldatzailea eta lurra lantzeko erraztasuna.

Udalen batek edo beste eragileren batek esperientzia interesgarri bat ikusten badu bankuan, nolako informazioa jaso ahal izango du esperientzia horren inguruan?

www.udalbiltza.eus webgunean kokatuko den esperientzien bankuan, bisitariak eskura izango ditu proiektu konkretu horren inguruko hainbat material: azalpen fitxa bat eta proiektuaren inguruan sortutako dokumentuez gainera, ikus-entzunezkoak, txostenak eta abar.

Eta sareko plataforman agertzen dena baino informazio gehiago eskura dezake?

Bai. Euskal Herria esperientzia eraginkorren eta transformatzaileen bidez jostea da helburuetako bat; beraz, webgunera sartzen denak eskura izango ditu esperientzia horri lotutako norbaiten kontaktua eta informazio gehiagorako sarbidea.

Normalean, burujabetzaz hitz egiten dugunean, makropolitikako kontzeptuak datozkigu burura. Udaletatik eta tokian tokiko mailetatik ere eragin al daiteke burujabetzaren bidean?

Burujabetza ikuspegi eta kontzeptu transbertsala da, eta, nire ustez, bizitza politikoaren maila guztietako ekintzetan egon beharko luke txertatuta, herri eta pertsona guztien helburu desiragarria baita. Nire ustez, udalak eta herritarrak aspertuta daude makropolitikatik etorriko diren konponbideen zain egoteaz, eta beren bide propioa egiten hasi dira.

Gainera, udaletatik bideratzen diren neurri politikoen gertutasunak aukera ematen du giza ikuspegia txertatzeko, eta horrek izugarrizko ahalmena du. Burujabetza gako bilakatu da hainbat arazo konkreturi erantzuteko.

Adibideren bat emango zenuke?

Errigora proiektua izan daiteke esaten dudanaren adibidea [Nafarroako hegoaldeko produktuak oinarri hartuta, euskara ofiziala ez den eremuan euskalgintzari laguntzea xede duen egitasmoa da]. Herritar ekintza baten bidez eta burujabetzaren ikuspegitik, Nafarroa hegoaldeko arazo bati erantzun zitzaion, eta arrakasta paregabea bildu. Esperientzia hori ez zen goi mailako bulego batetik atera, herritar batzuen gogo eta esfortzu handiarekin baizik.

Webgunea atontzeaz gain, besterik egingo duzue esperientzia bankua gizarteratzeko?

Bai. Hiru mintegi prestatu ditugu.Lehenengoa Lekornen (Lapurdi) izango da, martxoaren 23an; jadanik izena emateko aukera dago gure webgunean, eta programazioa ere eskuragarri dago han. Izen ematea irekia da, eta nahi duen orok parte hartu dezake. Beste biak Nafarroan eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoan antolatuko ditugu, 2019an.

Badakigu mintegiak ez direla proposamenik originalenak, baina saretzeko eta elkar ezagutzeko aproposak dira, eta herrialde bakoitzera interesa izan dezaketen gaiak eramaten ahaleginduko gara; adibidez, Ipar Euskal Herrian politika feministak, euskara eta etxebizitza landuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.