Albistea entzun

Oihan Mendo. Garesko alkate eta Udalbiltzako kidea

«Burujabetzak arlo guztietan txertatuta egon beharko luke»

Udalbiltzak abian jarri du webgune bat, burujabetzaren eta herri eraikuntzaren arloan tokian tokiko esperientziak jasotzeko; Mendok dioenez, «praktika transformatzaileen mapa» osatu dute horrekin.
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2019ko martxoak 19

Joan den urtarrilean Oiartzunen (Gipuzkoa) egindako bilkuran, Udalbiltzak iazko bilana egin eta aurtengo lan ildoak finkatu zituen. Ildo horietako batzuk lehenago landutakoen jarraipena dira; hori da, esaterako, Hartueman egitasmoaren kasua. Emaitzak orain daude ikusgai, Euskal Herri osoko esperientziak biltzen dituen webgunea abian jartzeaz batera, baina horren atzean aspaldi hasitako lan handia dago, orain arte ezkutuan egon dena.

Esperientzia banku gisa definitu dute Udalbiltzan Hartueman proiektua, eta horrek laburbiltzen du beste ezerk baino hobeto zertan den egitasmoa: energia burujabetza, elikadura, euskara, feminismo eta, oro har, herriaren eraikuntzarekin zerikusia duten arloetan udal bakoitzak egindakoa bildu eta horrekin banku moduko bat moldatzea, norberak besteek egindakoetatik ikasi ahal izateko, Garesko alkate eta Hartueman egitasmoaren arduradun Oihan Mendok (Gares, Nafarroa, 1986) dioenez.

Nola sortu zen Hartueman esperientzia bankuaren ideia?

Udalbiltzak hausnarketa prozesu bat egin zuen 2015. urtean, Udalbiltzan bagabiltza prozesua, eta agerikoa izan zen Euskal Herriko burujabetza bultzatzen duten ekinbideak ikusarazteko eta indartzeko nahia eta beharra. Hartueman proiektuak erronka horri erantzuten dio.

Eta zein da haren helburua?

Badakigu Euskal Herrian maila ugaritan lantzen dela burujabetza egunero, baina azken boladan udalak eta herritarrak proiektu benetan interesgarriak eta transformatzaileak garatzen ari dira, eta arrakasta handiarekin, gainera. Esperientzia horiek jaso eta saretu nahi dituen ekinbidea da, Euskal Herriko praktika transformatzaileen mapa osatzeko.

Nolakoak dira sareko esperientzien bilduma horretan jaso dituzuen esperientziak?

Bildutako esperientziek bost ezaugarri bete behar dituzte: lehenik eta behin, geografikoki Euskal Herrian kokatzea; bigarrenik, gizarte onura izatea helburu nagusitzat. Horretaz gainera, beharrezkoa da errepikatzeko modukoa izateko aukera izatea, hots, beste leku batean antzeko proiektua aurrera eramateko gaitasuna izatea. Errealitatearen baldintzak aldatzeko gai izatea ere eskatzen zaie —hau da, transformatzailea izatea—, eta, azkenik, arrakastatsua izatea, hau da, behin martxan jarrita funtzionatzea.

Esperientzia horiek sailkatzeko, hainbat lan ildo markatu dituzue. Zeintzuk dira, eta zergatik aukeratu dituzue?

Ildo ugari egon daitezke, baina, gure ustez, Udalbiltzaren helburu estrategikoetatik gertu dauden zazpi lan ildo aukeratu ditugu. Lehenengo biak, euskara eta politika feministak, Euskal Herria josten duten helburu estrategikoak dira, dudarik gabe.

Horretaz gainera, gure lurraldearen burujabetzari lotutako beste bost lan ildo aukeratu ditugu: energia burujabetza, elikadura burujabetza, etxebizitza eta hirigintza, ekonomia sozial eraldatzailea eta lurra lantzeko erraztasuna.

Udalen batek edo beste eragileren batek esperientzia interesgarri bat ikusten badu bankuan, nolako informazioa jaso ahal izango du esperientzia horren inguruan?

www.udalbiltza.eus webgunean kokatuko den esperientzien bankuan, bisitariak eskura izango ditu proiektu konkretu horren inguruko hainbat material: azalpen fitxa bat eta proiektuaren inguruan sortutako dokumentuez gainera, ikus-entzunezkoak, txostenak eta abar.

Eta sareko plataforman agertzen dena baino informazio gehiago eskura dezake?

Bai. Euskal Herria esperientzia eraginkorren eta transformatzaileen bidez jostea da helburuetako bat; beraz, webgunera sartzen denak eskura izango ditu esperientzia horri lotutako norbaiten kontaktua eta informazio gehiagorako sarbidea.

Normalean, burujabetzaz hitz egiten dugunean, makropolitikako kontzeptuak datozkigu burura. Udaletatik eta tokian tokiko mailetatik ere eragin al daiteke burujabetzaren bidean?

Burujabetza ikuspegi eta kontzeptu transbertsala da, eta, nire ustez, bizitza politikoaren maila guztietako ekintzetan egon beharko luke txertatuta, herri eta pertsona guztien helburu desiragarria baita. Nire ustez, udalak eta herritarrak aspertuta daude makropolitikatik etorriko diren konponbideen zain egoteaz, eta beren bide propioa egiten hasi dira.

Gainera, udaletatik bideratzen diren neurri politikoen gertutasunak aukera ematen du giza ikuspegia txertatzeko, eta horrek izugarrizko ahalmena du. Burujabetza gako bilakatu da hainbat arazo konkreturi erantzuteko.

Adibideren bat emango zenuke?

Errigora proiektua izan daiteke esaten dudanaren adibidea [Nafarroako hegoaldeko produktuak oinarri hartuta, euskara ofiziala ez den eremuan euskalgintzari laguntzea xede duen egitasmoa da]. Herritar ekintza baten bidez eta burujabetzaren ikuspegitik, Nafarroa hegoaldeko arazo bati erantzun zitzaion, eta arrakasta paregabea bildu. Esperientzia hori ez zen goi mailako bulego batetik atera, herritar batzuen gogo eta esfortzu handiarekin baizik.

Webgunea atontzeaz gain, besterik egingo duzue esperientzia bankua gizarteratzeko?

Bai. Hiru mintegi prestatu ditugu. Lehenengoa Lekornen (Lapurdi) izango da, martxoaren 23an; jadanik izena emateko aukera dago gure webgunean, eta programazioa ere eskuragarri dago han. Izen ematea irekia da, eta nahi duen orok parte hartu dezake. Beste biak Nafarroan eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoan antolatuko ditugu, 2019an.

Badakigu mintegiak ez direla proposamenik originalenak, baina saretzeko eta elkar ezagutzeko aproposak dira, eta herrialde bakoitzera interesa izan dezaketen gaiak eramaten ahaleginduko gara; adibidez, Ipar Euskal Herrian politika feministak, euskara eta etxebizitza landuko ditugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Gauzak aldatzeko ilusioa berreskuratu behar dela uste dugu»

Joxerra Senar

Garrantzi berezia eman dio Iruñean eta Bilbon egingo den manifestazioari; larunbatean egingo dute, gazteen pobretzeari eta pandemiari eman zaien erantzun autoritarioa salatzeko. «Beharrezkoa da bide propio bat egitea».
Martin Villa, Madrilen egindako agerraldi batean. ©FERNANDO ALVARADo / EFE

Bartzelonako Urrezko Dominarekin jarraituko du Martin Villak

Iosu Alberdi

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du hiriko udalak hartutako erabakia. 

Markel Olano eta Jean-Jacques Lasserre akordioaren berri eman dute gaur goizean, Donostian. ©Gipuzkoako Foru Aldundia

«Mugaz gaindiko» lehen aurrekontuak onartu dituzte Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako ordezkariek

Unai Etxenausia

300.000 euroko aurrekontu bat zehaztu dute bi aldeek; 150.000 euro erakunde bakoitzak.

Zaballako espetxearen atarian 2020ko abenduan euskal presoen seme-alaben eskubideen alde egindako ekitaldi bat. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Zaballan dira Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

3 urte bete berri dituen Izadi umearen gurasoak dira. Espainiako Espetxe Erakundeek abendu akaberan iragarri zuten Euskal Herriratuko zituztela, eta gaur gauzatu da lekualdatzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.