Josu Labaka. Uemako lehendakaria

«Bidea marraztu dugu; ausardia behar da orain»

Uemak uste du euskalgintzak eta instituzioek abiatu duten «lan egiteko modu berriak» bestelako hizkuntza politikak garatzeko aukerak zabal ditzakeela; datorren legegintzaldia gakotzat du Labaka lehendakariak.

jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Batzar nagusira deituta daude gaur Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak, Azpeitian (Gipuzkoa). Legegintzaldiko azken batzarra izango dute. Han, lau urteotan egindakoaz hausnartuko du Josu Labaka (Azpeitia, 1978) lehendakariak.

Uemako udalerriek zeintzuk dituzue arrisku eta erronka nagusiak gaur egun?

Azken aldiko azterketek erakutsi dute atzeraldi bat gertatu dela ezagutzan eta erabileran herri euskaldunetan. Alarmak piztu ziren datu horiek ezagutu zirenean, nahiz eta aurreikusitakoak izan. Horrek eraman gintuen hausnarketak eta estrategiak berritzera Ueman, eta uste dut asmatu dugula, bide berriak ireki ditugula.

Ikerketok diote udalerri horietan funtsezko faktorea direla haurrak. Zer egiten ari zarete alor horretan?

Haur hezkuntza eta DBHrako landu dugu programa bat soziolinguistikaren ikuspegitik, haurrek jakin dezaten zein den jaio diren tokiko euskararen egoera eta zeintzuk diren beste tokietakoak, sentsibiliza eta ahaldundu daitezen. Eskoletatik kanpo ere udalekuak antolatu ditugu udalerri euskaldunetako gazteak harremanetan jartzeko. Garrantzi handia eman nahi diogu sentsibilizazioari, baita helduenari ere.

Herri euskaldunen eta arnasguneen arteko bereizketa egiten duzue Ueman. Zergatik?

Bi ideia horiek zehaztea beharrezkoa ikusten dugu: lehenak ezagutzarekin du lotura; bigarrenak, erabilerarekin. Herri batzuetan, ez datoz bat. Uemako herriak zerbait homogeneo gisa tratatu izan ditugu, eta ikusten dugu batzuetatik besteetara aldea dagoela. Uemaren baitan saiatu behar gara tokian tokiko errealitateei erantzuten, eta ez neurri berak planteatzen herri guztietarako.

Udal Legean Eusko Jaurlaritzak jaso zuen —besteak beste, zuek proposatua— hirigintza proiektuetan aztertu behar dela hizkuntzaren eragina. Aldiz, lurralde antolaketarako gidalerroen harira ezezkoa eman dizue: argudiatu du euskara ez dagokiola lurralde antolaketari. Zer irizten diozue horri?

Deigarria da, eta kontraesan argiak daude. Agerikoa da lurralde politikak eragina duela. Ikusten da Jaurlaritzan ez dutela jarrera bera sailen arabera. Hizkuntzan eragiteko, argi dugu beste sailetatik ere ikuspegi hori txertatu eta landu behar dela zehar lerro gisa; bestela, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzatik egin daitezkeenak erdizka gera daitezke.

Euskaraldiak eta Korrikak hainbat irudi utzi dituzte. Zein nabarmenduko zenuke?

Bastidako argazkia: euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlanarena. Klima edo giro inportate bat sortu da. Euskalgintza eskuzabala izan da sentsibilizazioaren alde eginiko lanean, eta uste dugu badela momentu bat hori aitortzeko eta instituzioek euskalgintzaren ahotsa kontuan hartzeko. Hor, oraindik badago jauzi bat egiteko. Ezin gara argazkiarekin bakarrik geratu; konpromiso batzuk hartu ziren. Esaten da bidegurutze batera iritsi garela. Bidea marraztu dugu; ausardia behar da orain.

Nola baloratzen duzue Tolosaldean abian jarri duten Euskara Mahaia? Eskualde mailako lehen egitasmoa da.

Oso positiboa da. Euskalgintzatik sortutako zerbait da, eta horretara batu dira udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza... Hizkuntza politiketan eskualde ikuspegia txertatzea oso inportantea iruditzen zaigu. Erakunde bakoitzak jartzen baldin badu jarri behar duena, emaitzak etorriko dira. Beste eskualde euskaldun batzuetatik begira daude, esperientzia horretatik ikasteko.

Udalak ez diren bestelako administrazioekiko herritarren harremanak euskaraz izan daitezen laguntzen duzue. Non nabari duzue hutsune handiena?

Zerbitzuetan. Atal horretan, hainbat gabezia aurkitu ditugu, herri txikietan bereziki. Osasungintza adibide argi bat da: agerikoak dira gabeziak. Uematik eskua luzatu diegu Osakidetzari eta Osasunbideari, udalak euskalduntzeko gure esperientziatik abiatuz. Proposatu diegu, adibidez, osasun zentroren bat arnasgune bihurtzea, baina ez dugu lortu elkarlanerako bidea egitea. Turismoarekin loturiko zerbitzuetan ere nabaritu dugu kezka. Turismoak eragin soziolinguistiko nabarmena du hainbat herritan.

Udal hauteskundeak datoz. Legegintzaldi hasieran egon ziren sartu-irten batzuk Ueman. Zer espero duzue aurrera begira?

Egia da egon zirela mamu batzuk: Uemarekiko mesfidati agertu zirela hainbat udalerritako eta kolore politiko jakinetako pertsona batzuk. Uste dut Ueman lortu dugula hortik ateratzea, konfiantza giro bat sortzea, eta elkarrekin lan egitea. 71 udalerrirekin abiatu genuen legegintzaldia, eta 86 gara orain. Uema erakunde sendo bat dela erakutsi dugu, diagnostiko egokiak egiten badakiela, eta bide orri bat markatu duela: herri euskaldunen beharrei erantzuteko tresna eraginkorra bilakatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.