Joseba Gezuraga. EAko behin-behineko idazkari nagusia

«EAk aro berrirako egin duena publikoki onartuko da noizbait»

Gezuraga orain hamar egun eskas hasi zen lanean EAko jarduneko idazkari nagusi gisa. Primarioak bururaino eramatea du xede, baina traba izan du hasieratik, Berme Batzordeak eten egin duelako prozesua.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Joseba Gezuragak (Lekeitio, Bizkaia, 1959) urteak egin ditu politikan. Gaztetan hasi zen EAJn, eta Eusko Alkartasunaren sorreratik da kide. Alderdiaren bilakaera ezagutu du, eta aldaketen sustatzaile izan da; EAko, Bilduko eta EH Bilduko ordezkari izan da Bizkaiko Batzar Nagusietan. Pello Urizarrek postua utzi ostean, jarduneko idazkari nagusi hautatu dute, eta primarioen prozesua «berme guztiekin» egitea da bere mandatua. Horren ostean, erretiratu egingo da, bai politikako lehen lerrotik, baita bere lanbidetik ere; irakaslea da Leioako Ostalaritza Eskolan.

Zertan da primarioen prozesua?

Hasteko dago prozesua, baina epeen barruan gaude. Lehen aldia da primario bidez idazkari nagusia hautatuko dugula. Prozesu ireki eta garden bat izatea nahi dugu. Jarduneko idazkari nagusi moduan, prozesu hau erronka gisa hartu nahi dut, eta bukaeran afiliatuek eta iritzi publikoak gogoan izatea prozesu garden eta emankorra izan dela. Alderdi gehienak endredatu egiten dira primario prozesuetan.

Berme Batzordeak primarioen prozesua eten zuen behin-behinean; ordea, zu idazkari nagusi hautatzeko batzarra egin zitekeela ebatzi zuen. Azken unera arte izan zen tentsioa?

Berme Batzordeak ebatzi zuen primarioen prozesua eten egin behar zela baina Batzar Nazionala egin zitekeela. Batzordeak esan zuen aldeek helegiteak jartzeko aukera genuela, baina horrek ez ziola eragiten batzarrari. Ni hautatu naute, eta mandatu argi bat daukat: primarioak martxan jartzea bi hilabeteren epean.

Ika-mikak zatiketa atera du argitara. Kritikoek eskatu dute prozesu garden bat bermatzeko.

Guk ere hala nahi dugu. Ados gaude horretan. Badakit haiek badakitela bermea dutela, ni prozesu horren gidari naizelako.

Irailerako idazkari nagusi berria hautatuta egongo dela diozu.

Hori da nire asmoa. Egun batzuk atzeratu arren, nire asmoa da uztailean prozesua abiaraztea. Hiru fase egongo dira: Hauteskunde Batzordea eratzea, hautagaiak aurkeztea eta kanpaina egitea. Berme Batzordearen erabakiak atzeratu dezake, baina irailerako aukera egongo da kanpainarako.

Abuztua ez bada lanaldi, epe estu horietan nahikoa berme izango dela ziurtatu dezakezu?

Bai. Gure alderdia oso garantista da, eta hautagai bakoitzak izango du sarbidea afiliatuen datu guztietara. Kezka hortik doa. Batzuek duela hilabete batzuk eskatu zuten sarbidea izatea datu basera, baina garaiko zuzendaritzak esan zuen ezinezkoa zela datuen sarbidea erabat irekitzea, hor datu pertsonal asko daudelako. Halere, emango da errolda bat.

Posible al da kontsentsuzko hautagai bat edukitzea?

Afiliatu guztiek dute aukera aurkezteko, baina ez dakit zenbat hautagaitza egongo diren.

Lurraldeetako zuzendaritzak ikusita, esan liteke sektore kritikoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela?

EA ez dago bitan zatituta. Agian kanpotik horrela ikusiko da, baina errealitatea da lurralde guztietan daudela bi iritzi baino gehiago. Egia da barne hauteskundeetan Ipar Euskal Herrian eta Bizkaian Pello Urizarren aldekoak gailendu zirela; Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan, berriz, ez. Horrek ez du esan nahi lurralde horietan ez daudela iritzi diferenteak.

Maiorga Ramirez da sektore horretako ezagunenetariko bat. Esan du «alderdiaren eta militanteen esanetara» dagoela. Aurkeztuko da primarioetan?

Zoriondu egin ninduen idazkari nagusi izendatu nindutenean, laguna dut eta. Baina ez dakit zer egingo duen. Irakurri ditut hark esandakoak.

Zuk, ordea, esan duzu ez zarela aurkeztuko.

Ez, erretiro fasean nago.

Pello Urizar ere joan da, ibilbide luzea egin ostean. Hasierako belaunaldi horretakoak erretiratzen ari zarete?

Naturala da. Adin bat bete dugulako edo urte asko eman ditugulako politikan. Ez dut uste belaunaldi baten desagerpena dagoenik.

Urizarrek zioen alderdia fase berri batera heldu dela.

Urizarrek itxaron du ziklo politiko oso bat pasatzera. Ziklo bat itxi da, bai EH Bildun, baita EAn ere. EH Bildu eratze prozesu berri batean dago, eta beste egitura bat izango du. Zalantzarik gabe, beste fase batean sartuko gara.

EAk ba al du funtzio konkreturen bat egituratze berri horretan eta fase berri horretan?

Jakina. EA egon da hasieratik Euskal Herriaren eraikuntzan eta EAEko instituzioetan. Autogobernuari buruz Eusko Legebiltzarrean egindako aldarrikapenetan egon gara, egon gara udaletxeetan, Lizarra-Garaziko sustatzaileak izan gara, abertzaleen arteko elkarlana sustatu dugu, ilegalizazio garaiak gainditzeko aliantza estrategikoa egin genuen. Horren ostean sortu genuen Bildu. Aralar sartu, eta EH Bildu sortu zen, eta baita EH Bai ere. Fase guztietan egon gara, eta azken urteetan Nafarroako Gobernua eskuratu eta Euskal Elkargoa sortu da. Badago EAren ale bat baino gehiago hor. Lehendakari bat dugu, eta hainbat kargu publiko, baita hainbat gazte ere EH Bildun lanean.

Baina egungo gazteek EA EH Bilduren barruko alderdi gisa soilik ezagutuko dute akaso.

Egun batean onartuko da publikoki EAk zer lan egin duen Euskal Herria garai berri batean sartzeko. Sorreran egon ginenok eman behar diegu testigua beste belaunaldi batzuei. Hori da alderdi batek egin behar duena berriztatze fase batean. Lekua egin behar diogu jende gazteagoari eta lehen lerroan aritu ez denari.

Baina EH Bilduren egitura berrian, EAk badu irauteko nahikoa nortasun propio?

Geure gazteak Euskal Herriko aniztasunaren adierazle dira. Haiek badakite askotariko jendea dagoela herri honetan, baina ezkertiarrak dira, eta erraz ulertzen dute elkarlan bat egin daitekeela beste indar batzuekin ere.

EH Bilduren parte izateak eztabaida sortu izan du EAn; Hamaikabat-en zatiketa, lehenbizi.

Ongi gogoratzen dut, Bizkaiko koordinatzaile bainintzen. Pentsatzen zuten apustua EAJri hurbilduz egin behar zela; beste askok uste genuen ezetz. [Juan Jose] Ibarretxeren planaren babesle nagusienetakoak izan ginen, eta haiek bota ziren atzera. Euskal gizartea ere ez da berdina; Gernikako Estatutua gaindituta dago: ez da Europa ere aipatzen. Oraindik lan handia dugu.

Gero etorri da alderdi barruko kritikoen kezka, EAk pisua galduko duelakoan.

Aralar desagertu zen, baina guk ez dugu desagertzeko bokaziorik. Ez gara ezker abertzalearen zati bat, gu abertzaleak eta ezkerrekoak gara. Are, gu ez gaude EH Bildun; gu EH Bildu gara. Onena litzateke EH Bildun oreka bat bilatzea, proiektu berriak izateko norabide eta pisu propioa, eta hori osatzen duten alderdiek irauteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.