Haizea Ziluaga Larreategi. ITAko antolatzailea

«Txinpartek elkar ezagutu behar dute sua pizteko»

Elikadura burujabetzaz, tokikotasunaz, belaunaldien arteko harremanez eta sareez mintzo da Ziluaga: «Garrantzitsua iruditzen zitzaigun umeak subjektu aktibo gisa hartzea».

BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun

Sua pizteko prest daudela dio Haizea Ziluaga Larreategik (Bilbo, 1979), ITA Iraultza Txikien Akanpadako antolatzaileetako batek. Elkarrekin borrokatzeko, gogoetatzeko eta eraikitzeko Euskal Herriko mugimenduen topalekua izatea du helburu kanpalekuak. Abuztuaren 25etik 29ra bitarte izanen da, Arteagako Basoa proiektuaren eremuan (Bizkaia). Pil-pilean dauden gaiak landuko dituzte, hala nola feminismoa, antiespezismoa, sexu eta genero disidentziak, krisi ekologikoa eta internazionalismoa. Ziluaga, besteak beste, harreman sareak sortzeaz, tokikotasunaz, belaunaldien arteko harremanez eta elikadura burujabetzaz mintzo da.

 

Sua pizteko gonbidapena egiten duzue; zer su piztu nahi duzue?

Euskal Herrian dauden mugimenduak aktibatu nahi ditugu; ongi bizitzeko errepublika irudikatzeko eta hor dauden mugimendu guztiak edo aktibismo guztia berpizteko.

Erantzunak bainoago, galderak sortu nahi dituzue; zeintzuk?

Nik ikusten dudan oinarrizko galdera bat da zer den ongi bizitzea; zer irudikatzen dugun ongi bizitze horretan. Zer-nolako Euskal Herria eraiki nahi dugun denok ongi bizitzeko, eta horrek ekartzen duen guztia. Ongi bizitzeko, besteak beste, elikadura burujabetza behar dugu, txikitasunean ikasten bizi eta gaur egungo sistema kapitalistaren handikeria horietatik tokikotasunera hurbildu.

Txikiak, zergatik? Tokikotasunetik borrokatzeko?

Gure ikuspegia beti tokikoa delako; gertukoa eta txikia, baina eragin handia daukana: horri ematen diogu garrantzia. Iraultza txikiak izan arren, Euskal Herri osoan proiektu asko hedatzen ari dira, eta aurrera doaz. Txinparta horiek elkar ezagutu behar dute sua pizteko.

Basoan egingo duzue; esanahi berezia dauka horrek?

Arteaga herrian sortzen ari den proiektu polit bat da. Basoa Defendatzaileen Etxea borrokan ibili diren pertsonei harrera emateko etxea edo babesgunea da. Hau da, toki segurua bizitzak babesteko, osatzeko eta indarberritzeko. Lurraldeetako borroken ikaspen, elkar ezagutza, aktibismo berrien formakuntza gunea eta migrazioaren inguruan gogoeta egiteko lekua da. Orain, Dadila bertan dago: meatzaritzaren kontrako borrokan ibilia den Hondurasko emakume bat da.

Lehenengo kanpalekua hiru egunekoa izan zen, zergatik luzatu duzue bost egunera?

Ikusten genuelako hiru egunetan labur gelditzen zela, ez zuela astirik ematen guztion artean konplizitateak sortzeko eta harremanak egiteko. Pentsatu genuen aukera gehiago izango genuela denbora eta patxada gehiagorekin trukatzeko eta harreman sareak sortzeko.

Hiru bloke dituzue: elkarrekin borrokatu, hausnartu eta eraiki. Hortaz, harreman sareak sortzea garrantzitsua da?

Bai. Parte hartzera etorriko diren hizlariez gain, ekintzetan, hitzaldietan, programan... parte hartzen dugun guztion artean truke bat egotea nahi genuen. Modu horretan, elkarrekin hausnartu, elkarrekin borrokatu eta elkarrekin eraikitzeko.

Haurrentzako guneak ere badituzue; gogoetarako guneak izanen dira, edo sormenerako eremuak?

Kanpalekuaren oinarrien artean belaunaldien artekoa izatea nahi genuen; hau da, adin guztietako pertsonak egotea. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun umeak kanpalekuan ikusgai egotea, eta umeak ere subjektu aktibo gisa hartzea; haiek ere parte har dezaten, sortzaileak izan daitezen eta haientzat ere izan dadin kanpalekua.

Horretarako, hiru gune sortu dituzue: lasaitasunerako, sorkuntzarako eta mugimendurako. Zer egingo duzue?

Gune lasaia umeak lasai egoteko izanen da: hala nola baso etxean liburutegia dago, puzzleak daude, eta gauzak eraikitzeko egurrezko piezak. Sorkuntzarako gunean eskulanak egiteko eta margotzeko aukera izanen dute, eta sahararrek haima bat ekarriko dute bertan umeak egoteko. Azkenik mugimendu gunea naturarekin eta mugimenduarekin jolasteko izanen da. Ekintza hauek goizean izango dira gehienbat.

Pandemiak eragindako egoera sua pizteko bultzada izan da?

Argi dago pandemiarekin hartu diren neurri gehienak azken finean elkarrekin egoteko oztopo izan direla. Beraz, gaur egun ditugun murrizketa horien guztien aurrean guk ere harago joan nahi dugu. Horrek ez du eraginik izan behar elkarrekin gauzak antolatzeko, elkarrekin borrokatzeko eta elkarrekin eraikitzeko. Horrenbestez, COVID-19aren aurrean neurriak hartuko ditugu, baina, aldi berean, elkartzea ere garrantzitsua dela ikusten dugu.

Kanpalekuan sortutako oasia nola zabalduko duzue egunerokora?

Askotan trikitiarekin konparatzen dugu. Iraultza Txikien Akanpadan denak elkartzen gara, eta ostean trikitia zabaltzen da; bere auzoetan, bere herrietan, bere lantokietan... zenbait esparrutan zabaltzen dira jasotako irakaspenak, esperientziak, sentimenduak... eta guztia.

Nola aurreikusten duzue aurtengo kanpalekua?

Jendea animatzen ari da; 200 pertsona inguru bilduko garela kalkulatzen dugu. Batzuek bost egunetarako izena eman dute; beste batzuek, bi edo hiru egunetarako, denetarik dago. Aurreko asteburuan auzolan bat egin genuen, eta jendea etorri zen. Bihar ere 10:00etan auzolan bat deituta daukagu basoan, azken gauzak egiteko. Talde motorrak lan batzuk aurreratu dituen arren, helburua da kanpalekura etorriko direnek ere txandetan parte har dezaten. Kanpalekua denon artean eraikiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.