Gerra Ukrainan. Fatima Tlis. Kazetaria

«Deskolonizazioa behar du Errusiak, ez birkolonizazioa»

Putinek Ukraina, Bielorrusia eta Errusia batasun bakarrean biltzeko helburua izan du hasieratik, Tlisen iritziz. Presidentea eroriz gero, aukera bat ikusten du «Errusiako herri zapalduen» askatasunerako.

URTZI URRUTIKOETXEA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Fatima Tlis (1966) Ipar Kaukasoko kazetari bat da. Txetxeniako gerra ikusi zuen, eta, haren ostean, gatazka eskualde osora zabaltzen. Bahitu, torturatu eta seme-alabei ere mehatxu egin zieten, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetara jo zuen. Alemanian, Erresuma Batuan eta AEBetan saritu dute, besteak beste, Human Rights Watchek eta Amnesty Internationalek. Washingtonen, VOA hedabide publikoaren erredakzioan hartu du BERRIA. Mahaian Anna Politkovskaia lagun eta Novaya Gazeta-ko lankidearen liburu bat dauka, Barack Obamarekin argazki bat 2015ean kazetaritza sari bat jasotzen, eta gezi eta izar horiak dituen bandera berde txiki bat, Zirkasiakoa. «2007an AEBetara iritsi eta Kongresuaren aurrean deklaratu nuenean, esan nien geldiarazi ezean Vladimir Putin Errusiako presidentea mundu osoarentzat bihurtuko zela arriskutsu, ez Kaukason soilik».

Gerra piztu aurretik, posible zen beste modu batera jokatzea, bermeak ematea Putini, adibidez?

Mendebaldean kazetariak eta politikariak galdezka dabiltza kale egin ote duten diplomatikoki. Ez dut uste Putinek bide diplomatikoak nahi zituenik; gehienez ere denbora irabazteko erabiliko zuen, bere asmoa ezkutatzeko: batasun bakarrean biltzea Ukraina, Bielorrusia eta Errusia, bere aginduetara, noski. Horrekin tematuta zegoen, edozer gertatuta ere. Ukrainarren iritzia bost axola zaio. Txetxenian irabazteko modu bakarra infiltratzea eta txetxeniarrak elkarren aurka borrokan jartzea izan zen, eta Ukrainan berdin saiatuko da. Ulertzen dut ukrainarrek itxaropena behar dutela, eta egia da Errusiako armadaren morala apal dagoela; ustelkeria izugarriak ere erabateko kaltea egin dio. Eta kostu humanoa dago, noski, baina noiz ardura izan zaio Putini inoren bizia? Galdetzen badiozu zenbat hil behar diren, esango dizu: «Behar den guztiak».

Mehatxu nuklearra edonorentzat da beldurgarri.

Putinen etsaia gardentasuna da. AEBei burla egin zieten inbasioaz ohartaraztean, errusofobo histeriko bezala, Putinek denei esan zien arte. Bi egunen buruan eroriko omen zen Kiev, inork ez zuen geldiaraziko, zaldi zuri batean Maidanen sartuko zen. Baina Kiev eusten ari da, eta Putin erabat sututa dago, Errusia gainerako herrialdeen gainetik dagoela sinetsita. Orduan dator mehatxu nuklearra: zerbait egin, ukatu, distortsionatu, eta Mendebaldeari egotzi, [Errusiako Atzerri ministro] Sergei Lavrovek bezala, urteak daramatzate horrela. Errusian ere azken ahots disidenteak isilarazi dituzte; alde horretatik, Errusiako telebisten hacking kanpainak benetan eraginkorrak izan dira, Ukrainako errealitatea erakutsi dutelako. Baina horrela jarraituz gero, lege martziala ezarriko du.

Kiev ez da Alepo edo Grozni, errusiarren ikuspegi eslaviarretik.

Errusian 144,5 milioi biztanle dira. Gehienez 10.000 lagun ikusi ditugu kalean, ez gehiago, eta ez soilik beldurragatik. Gehienek erabat babesten dute inbasioa.

Borrokatzera joateko beste?

Gerrak oso egoera bereziak dira. Goizago ala beranduago, errusiarrek eta ukrainarrek, jende arruntak, batak bestea etsai gisa ikusiko dute. Honek belaunaldi batzuk iraungo du, eta hori da Putinen krimen handienetakoa. Harentzat krisi existentziala da, ekonomikoki bakartuta dago, bere zirkuluan ere bakeari buruz hizketan da jendea... baina, ume txiki baten moduan, jostailua orain eta hemen nahi du. Koldarra da, nahi duena lortzen ez duenean desagertu egiten da, baina berriz itzultzen denean ondorioak izugarriak izaten dira. Kursk urpekoa izan zuen lehen krisia. Gero, 2004an, Beslango bahiketan, desagertu eta berriz agertu zenean, errusiar tropei umez betetako eskola bat bonbardatzeko agindu zien: bost axola ehunka haur hiltzea. Ez dut alarmista edo ezkor agertu nahi, baina, krisiak nola landu dituen ikusita, ez dut inolako erantzun gizatiarrik espero.

Protestak izan dira, eta oligarka batzuen adierazpenak ere bai. Aldaketarako tarterik badago?

Errusian aberasteko eta aberats irauteko, errusieraz khryxa (estalki, aterki) esaten diogun horren azpian egon behar duzu, babesleak izan FSBn [Segurtasun Zerbitzu Federalean] eta armadan. Horregatik oligarkek ez dute esan gerraren aurka daudela, gehienez ere «bakearen alde nago». Bestalde, milaka hilkutxa baletoz ere, ez dakit herritarren matxinadarako aukerarik dagoen. Putin hori eragozten saiatuko da.

Putinek sinpatiak bilatu ditu bai eskuin muturrean, Frantzian eta Hungarian kasurako, baita ezkerrean ere, Latinoamerikan eta espainieraren munduan.

Putinen propaganda eta desinformazio agentziek lan handia egin dute Errusiaren irudi ona zabaltzeko; lotura estua daukate inteligentzia zerbitzuekin. Datuak bildu, eta aholkuak idazten dituzte: «Herrialde honetan, halako eta halako jarrerak daude; gai honekin zatiketa dago». Eta horren arabera, mezu zehatz bat lantzen dute. Propaganda hori oso ondo aztertu eta landu dute: badakite norengana heldu nahi duten.

Negoziaziotik irten liteke ezer?

Negoziatzera bidali dituenek zeregin bakarra dute: sabotatzea. Putinek ez du Ukraina bakera ekarri nahi; Ukraina konkistatu nahian dabil.

Eroritako inperioen haserrea.

Putinek esana da historiako tragedia handiena SESB desagertzea izan zela, eta ziur aski bere misio gisa ikusten du Errusiaren irudi historikoa berriz ezartzea. Beraz, Errusiak inolako antolakuntzarik behar badu, estatu gisa, deskolonizazio prozesu bat behar du, ez birkolonizazioa. Errusiarrek beren burua askatu behar dute iragan inperial horretatik, eta aurrera egin. Baina atzerantz ari dira. Putinen eta KGB/FSBren erregimena 1991ko estatu kolpean lanik eta botererik gabe geratu ziren haien operazio arrakastatsuena izan da. Horiek erortzen badira, badago Errusiako herri zapalduentzako leiho bat, euren naziotasuna aldarrikatzeko, urratsez urrats, ez berehalakoan. Eta bai, independentzia sorta handi bat etorriko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.