Eskumenen atala datorren astean itxiko du Eusko Legebiltzarrak

Autogobernu Lantaldeak gaia beste astebetez lantzeko eskatu du Elkarrekin Podemosek. «Euskal konstituzioa» egin nahia salatu du PPk

Eusko Legebiltzarreko talde politikoak, atzo, Autogobernu Lantaldearen asteazkeneroko batzarrean. BERRIA.
jon olano
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Eskumenen atalean ados jarri ezinda dabil Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politikoari buruzko eztabaidan, onartuak dituzte hitzaurrea eta Atariko Titulua, eta eskumenei buruzkoa da hurrengo atala. Joan den asteko bileran, alderdiek ez zuten akordiorik lortu horren inguruan, eta atzo eguerdian eginiko batzarrean, berriz, erabaki zuten beste astebeteko epea hartzea, Elkarrekin Podemosek hala eskatuta.

EAJk eta EH Bilduk maiatzaren 23ean onartu zuten hitzaurrea, eta astebete geroago Atariko Titulua. Erritmo hori moteldu egin da eskumenekin, eta espero da datorren asteazkeneko bileran ixtea atal horri buruzko eztabaida. Botere publikoei buruzko gogoeta ere abiatuta dute, eta ondoren hitz egin beharko lukete Ogasunaz eta Ondareaz, xedapen gehigarriez, eskubide eta betebeharrez eta kanpo politikaz. Lan horiek aurretik izanik, ez dirudi talde politikoek atal guztiei buruzko eztabaida uztaila baino lehen amaituko dutenik, eta, beraz, litekeena da uztailean zehar eztabaidatzen jarraitzea —hilabete horretan ez dago osoko bilkurarik Eusko Legebiltzarrean, bainalanean jarrai dezakete batzordeek—.

Estatutu berriaren oinarriak dira adosten ari direnak. Atal bakoitzeko eztabaida amaituta, agiria aditu talde baten esku utziko du Autogobernu Lantaldeak, talde horrek testu artikulatua idatzi dezan. Halaber, Eusko Ikaskuntzak aditu horien esku utzi behar du, irailaren 30a baino lehen,joan den larunbatean Bilbon, Donostian eta Gasteizen eginiko herritarren foroetan jasotakoekin landutako txostena. Hortaz, adituak udazkenerako has litezke testu artikulatua idazten.

Eskumenei buruzko sintesi dokumentua EAJk prestatu zuen, eta, bertan jasotzen denez, espetxe politika eta Gizarte Segurantza Eusko Jaurlaritzaren esku uztea proposatzen dute jeltzaleek. Botere publikoei buruzkoa, berriz, EH Bilduk idatzi du, eta haren berritasuna da, ohiko hiru botereez gain —eragilea, legegilea eta judiziala—, «botere sozial-herritarra erakundetzeko» proposamena. Gainera, hurrengo asteko bilerarako, EAJk Ogasunari eta Ondareari buruzko atalaren sintesia eramango du.

Lantaldearen jardunarekin kritiko agertu zen atzo Borja Senper PPko legebiltzarkidea, eta ohartarazi zuen EAJ eta EH Bildu «konstituzioaren erreforma bat» proposatzen ari direla «euskal konstituzio baten bidez». Hori «marko juridikotik eta demokraziatik kanpo» dago, Senperren iritziz. Orain arteko atalak EAJk eta EH Bilduk adostu badituzte ere, eztabaidaren «azken fasean» taldeen arteko adostasuna «ahalik eta zabalena» izatea litzateke «egokiena», Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearentzat. Hitzaldi batean, Erkorekak esan zuen «prozedura luze baten lehen pausoak» ematen ari dela lantaldea.

PPren zuzenketak, «zigor»

Espainiako aurrekontu proiektuaren aurka PPk Senatuan aurkeztutako zuzenketak kritikatu ditu Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara bideratutako 35 milioi kendu nahi ditu PPk aurrekontuetatik, eta neurri horrek «zigortu» egingo ditu berrikuntzaren alorrean «Euskadirentzat oinarrizkoak diren proiektuak», Urkulluren esanetan.

Innobasque agentziaren bazkideen batzarrean parte hartu zuen atzo; hain justu, sektore horretan urritu nahi du PPk Espainiako Gobernuaren ekarpena. Cidetec erakundean energiari buruzko ikerkuntzarako erabili behar ziren 5,5 milioi euro Espainiako landa guneak sustatzera bideratu nahi zituen PPk, baina atzo EAJk azaldu zuen diru hori Cidetecek jasoko duela azkenean, PPk zuzenketaren idazketan «akats handi bat» eginda. Bestetik, Kanarietara joango dira Bimep erakundean itsas energiari lotutako proiektuak ikertzera bideratutako hiru bat milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.