Koronabirusa

Osasun arloko langileen baldintzak salatu, eta baliabideak eskatu dituzte

«Txaloak utzi eta ekiteko» garaia dela aldarrikatu dute osasun langileek. Frantziako Gobernuaren neurriak eskasak direla esan dute

Atzoko protesta, Baionako suprefeturaren aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Protesta eguna izan zuten atzo Ipar Euskal Herriko osasun langileek. Koronabirusak eragindako krisi garaian, «urteetan zerbitzu publikoak pairatu dituen murrizketak azaleratu dira», LAB eta CGT sindikatuen arabera. Ehunka lagun bildu ziren Baionako suprefeturaren aitzinean, eta, CFDT, FO eta ELB sindikatuak ere batu ziren protestara. Goiz osoa pasatu zuten han osasun langileek, maskarak soinean eta pankartak eskuan. Osasun langileak nekatuak: pazienteak arriskuan, zioen horietako batek, Dirua artatzeko, ez kapitalarendako beste batek. Frantziako Gobernuari «behin-behineko neurri txikiekin» gelditzeko eta «behar bezalako» neurriak hartzeko eskatu diote.

Izan ere, Frantziako Gobernuak maiatzaren 25etik osasun arloko partaide guztien arteko Segur izeneko eztabaida prozesua abiatu du, osasun zerbitzuak «hobetzeko» asmoz. Alta, Xan Brialy LAB sindikatuko erizainak ez du esperantza handirik: «Emmanuel Macronen gobernua komunikazioan aditua da, eta hori da Segur delakoaren helburua: komunikazioa lantzea. Baina baliabide gehiagorik ez dute emanen. Ez da bat-batean aldatuko: politika ultraliberala eraman dute orain arte, eta bide beretik segituko dute».

Txaloetatik ekintzetara

Konfinamendu garaian, 20:00etan txalo egitera ateratzen ziren milaka herritar Ipar Euskal Herri osoan, osasun langileei sostengua erakusteko. Xan Brialyk «plazerez hartu» zituen txaloak hasieran, baina, gerora, «oso gaizki». «Eskertzen ditugu, baina guk ez dugu eskatzen jendea gurekin zintzoa izatea. Guk nahi dugu gure ministerioek eta gure agintariek ongi trata gaitzaten, eta baldintza onak eman diezazkiguten». Krisiaren ondorena baliatu nahi izan dute sindikatuek mezua herritarrengana helarazteko. «Zerbait lortu nahi badugu, orain da momentua; bestela, ez dugu fitsik irabaziko», Brialyk.

Aldarriei dagokienez, Frantxoa Urdanpilletak, LABeko kide eta psikiatria arloko langileak, lan sarien emendatzea, postu eta oheen irekitzea eta ofizioaren eraldatzea galdegin ditu, «baldintza duinetan» aritzeko. Izan ere, Frantziako Estatuko erizainenlansaria Europako erizainen batez besteko saria baino apalagoa da. Sindikatuek,«gutxienez 300 euroko igoera» eskatu dute. Frantziako Gobernuak osasun langileei sariak banatuko dizkiela iragarri zuen maiatzean. Urdanpilletak ez du uste «aterabide seriosa» denik, ez baita iraunen duen neurri bat.

Bestalde, osasungintzaren kudeaketa «ultraliberala» salatu du Urdanpilletak: «Osasun zerbitzuak ez dira multinazionalen gisara kudeatzen. Birusa kapitalismoa da». Pandemia garaian Ipar Euskal Herrian kasu gutxi agertu arren, antolaketa «zaila» izan zela aitortu du Brialyk: «Gure lana bada pandemiari eta halako egoerei erantzuten jakitea ere. Baina, horretarako, baliabideak behar ditugu». Haren hitzetan, langileen «borondateaz» lortu dute pandemiari erantzutea eta gaixoak artatzea.

Konfinamendua aitzin, urte osoa pasatu dute «borrokan» arta arloko langileek. Baldintzen hobetzea «aspaldiko aldarria» dela esplikatu du Brialyk. Bestalde, erretreten erreformaren kontra mobilizatu direla ekarri du gogora. Frantziako Gobernuak martxan jarritako pentsioen erreformaren harira, 2019. urteko abendutik hiru hilabeteko protestak izan ziren Ipar Euskal Herrian. Zerbitzu publikoko langileak izan ziren lehen lerroan, orduan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.