Albistea entzun

Aitor Servier. Aitzinako kidea

«Gure ardura da euskal gazteriarengana jotzea ondoko hilabeteetan»

Aitzina gazte antolakundea bere ibilbidea bukatutzat ematera bultzatu duten arrazoiak aletu ditu Servierrek. Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleak bilduko dituen proiektu baten beharra nabarmendu du.

BOB EDME / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko urriak 6

Aitor Servier (Azkaine, Lapurdi, 1997) Aitzina gazte antolakundeko bozeramaile izan da azken urteetan. Ibilbideari bukaera emateko erabakia jakinarazi zuen atzo gazte antolakundeak.

Zerk ekarri du erabakia?

Eztabaida eta gogoeta prozesu kolektibo baten ondorio izan da; hainbat belaunaldik parte hartu dute. Nabaritzen dugu Aitzinak ez diela behar bezala erantzuten ez Ipar Euskal Herriko gazteriak dituen erronkei, ezta gazteria gisa askapen prozesuari egin behar diogun ekarpenari ere. Azken urteetan, militantziaren apaltze bat gertatu da; gero eta eskualde gutxiagotan antolatu da Aitzina, eta haren eragiteko gaitasuna ere mugatu da. Noraez estrategiko handiko garaiak izan dira. Zailtasunak izan ditugu gure jardun politikoa errealitatera doitzeko.

Zergatik ibilbidearen bukaera?

Sinesten genuen urrats bat gibelera egiteko momentua zela. Euskal gazteriak baduela aski kemen, aski sormen, aski gaitasun, orain tresna berri batzuk asmatzeko. Agian 2020ko errealitate zehatz honi doituagoak, eta eraginkortasun handiagoz erantzungo diotenak lehenago aipatutako erronka horiei. Urrats bat gibelera egin, tresna bat ezabatu, ahalik eta manera naturalenean beste bati edo beste batzuei bide emateko.

Orain dunk tenorea prozesuan ehundik gora gazte bildu ziren Ezpeletan (Lapurdi) Aitzina sortu aitzin. Zer gertatu da ordutik?

Garai hartan nabari zen halako ilusio bat gazteriaren baitan. Baina aski fite izan zituen arazoak eskualdez eskualde atzeman zitezkeen problematikei erantzuteko. Zentzu horretan egin zen 2017an Jauzi bat aitzina! prozesua ere, funtzionamendua egokitu nahirik. Etengabeko bilaketa eta berrasmatze urteak izan dira. Militatzeko ereduak, diskurtsoak, praktikak... Orokorrean eskema militanteak berrikustekoak ziren. Eta, agian, gazteria bereziki harrapaturik gelditu da ataka horretan. Baldintzak guztiz aldatu dira, estrategia bera aldatu da. Nola egokitu gazte mailara, autonomiaz, baina, aldi berean, mugimendu abertzalearen ildo orokor horri ekarpena eginez, eta gazteak bilduz proiektu politiko ezkertiar, abertzale eta ekologistara.

Jakin du Aitzinak bere autonomia atxikitzen?

Erran nezake baietz. Uste dut hor badela aldebiko ardura bat. Gure irakurketa da batzuetan ez dugula jakin mugimendu abertzaleak zuen estrategia orokorra gazte mailara deklinatzen, eta gazteriak hori barnera zezan urratsak egiten. Eta, segur aski, aldi berean, Aitzinak jokatu behar zuen zubi lanean ez dugu jakin mugimendu abertzalean gazteriaren kezkak, ezinegonak, batzuetan frustrazioak, desadostasunak zeintzuk diren adierazten.

Zer eragin izan dute azken urteetan mugimendu ezkertiar eta abertzalean izan diren eztabaidek eta zatiketek?

Urte gutxian sekulako aldaketak gertatu dira Euskal Herrian, eta Ipar Euskal Herriari so eginez bereziki harrigarria da nola gertatu den historiaren azkartze bat urte hauetan. Estrategia aldaketak eta borroka armatuaren bukaerak posible egin dute hemen bestelako kontsentsu eta hitzarmen zabalak eratzea, islatu direnak nabarmenen instituzionalizazioan elkargoaren sorrerarekin, eta gatazkaren ondorioen konponbidean lorturiko adostasunarekin. Eta historiaren azkartze momentu horretan, oso normala da zentzu batean edo bestean harturiko erabakiek eta estrategiek sekulako gatazkak eta ezinegonak piztea. Aitzinak autokritika egin behar du, praktiken inguruan, diskurtsoaren inguruan... Nola lortu duen, batzuetan bai eta beste batzuetan ez, egon zitezkeen sentsibilitate ezberdin horiek barneratzen, proiektu kolektibo baten zerbitzura.

Badira gazte ezkertiar eta abertzaleak, militanteak direnak. Zergatik ez dira Aitzinan?

Gaur egun bada aktiboa den gazteria bat, hainbat ildotan. Baita maila lokalean sekulako ekarpena egiten duen gazte andana ere. Ikusten duguna da falta dela honi guziari zentzu partekatu bat emateko iruditeria komun bat; txapel orokor bat norabide berean militatu dezaten gazte horiek guziek. Eta espero dugu nolabaiteko dispertsio horretatik hainbat eremutatik norabide komuna elikatuko duten gazte proiektuen, gazte eragileen, aldarrikapen mugimenduen fase berri bat irekiko dugula.

Zein da ondoko pausoa?

Baditugu etxeko lan batzuk; besteak beste, zazpi urteko ibilbidearen bilana egitea, eta autokritikan sakontzea. Baina ardura gisa ulertzen dugu euskal gazteriarengana jotzea datozen hilabeteotan, umiltasunez, zintzotasunez, haiekin proiektuaren etorkizuneko norabideak zeintzuk izan daitezkeen aipatzeko, eta ahalik eta modu plural eta zabalenean Ipar Euskal Herriko gazteriak izanen dituen erronkei erantzuteko tresna berriei bide emateko.

Baduzue eperik?

Hilabete batzuk. Uste dugu badela fase berri batera egokitzeko momentua, behar diren gogoeta sakonak egitekoa, baina era berean badakigu nolakoa den gazteriaren pultsua, bihotz taupadak, eta gazteriak behar du unean uneko gertakariei, momentuan bizi dituen injustiziei erantzunen dien mugimendu bat. Oreka bat atzematen entseatuko gara, ez daitezen belaunaldi militante batzuk galdu, eta gaur egun 15, 16, 17 urte dituen belaunaldi hori ezkertiar eta abertzale gisa politiza dadin, eta, espero dezagun, nehoiz baino proiektu eraginkor, berritzaile eta herrigintza ikuspegi batetik sortzaileagoen bidez.

Eragile berri bat da helburua?

Hainbat hipotesi egon daitezke mahai gainean. Batzuek pentsatuko dute gazte antolakunde berri baten sorrerari bide eman behar diola Aitzinaren bukaerak. Batzuek ikus lezakete espazio politiko jakin batzuei lotuago termino politikoetan, organikoki; beste batzuek izaera askotarikoagoa, hainbat engaiamendu maila uztartuko lituzkeena, herrietatik abiatua. Badira, noski, pentsa dezaketenak ez dela gazte antolakunde baten beharrik. Eta gazte mugimenduan ildoz ildo pitz daitezkeen dinamikek erantzunen dietela gazteriak dituen erronkei. Posizio horiek guziak dira zilegi.

Aukeretako bat da Ernai nazional bilakatzea?

Azken hilabeteetan gai hori mahai gainean egon da. Prozesu horretan baliteke, noski, hipotesietako bat izatea. Erabakia edozein izanik ere, Euskal Herriko gazteriak gune batzuk behar ditu gogoeta komunerako, eta elkarrekin egin daitezkeen praktika batzuetara iristeko, eta elkarlan proiektuak biderkatzeko.

Bilan kolektibo baten beharra aipatu duzu. Zein da zurea?

Orain dunk tenorea eratze prozesuan hasi nintzen militatzen. Hedabideetan argazkiak, garai bateko ekimenen berri argitaratzen hasi dira, eta, pertsonalki, oso sentipen berezia da, baita gogorra ere batzuetan, atzera begirako hori. Uste dut gure belaunaldiarentzat Aitzina eskola bat izan dela, ezinbestekoa, goiz politiza gintezen, goiz has gintezen ardurak hartzen, goiz has gintezen beste gazte batzuk ezagutzen, goiz has gintezen barneratzen militante gisa zein zen gure egitekoa fase honetan; islatu dena Aitzinan, baina islatu dena Aitzinako militanteok lan egin dugun beste hamaika eremutan ere. Uste dut, bere akats eta hutsune guziekin, Aitzinak sinpleki hor izanaren bertutea duela, eta historiara modu horretan pasatuko dela. Dagokion garaian, zituen militanteekin eta zituen ahalekin, onena eman duen antolakunde gisa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

<b>Batasunaren aurkako operazioa.</b> Herritar ugari Batasunaren Bilboko egoitza babesten, 2002ko abuztuaren 27an. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

AREATZAREN BI AURPEGIAK

Jon O. Urain

Bi eserialdi, aski diferenteak. 2002ko abuztuan, Batasunaren egoitza babesteko eserialdia egin zuten herritarrek Bilboko Areatzan; legez kanpo jarduteko ziklo bat abiatzekoa zen. Bederatzi urte geroago, ia gune bereko beste eserialdi batek irudikatzen du Bilduren legeztatzea. Tartean, Alderdien Legea eta ondorio ugari.
AuB legez kanporatu ostean, herritarrak botopaperak erakusten. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Eskuak, lanabesak, irudimena

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Legez kanpo egondako urteetan, martxan segitu zuen ezker abertzaleak: zerrendak, kanpainak... Garai hartan egituretan arituriko birekin elkartu da BERRIA, guzia nola antolatzen zuten jakiteko.
 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Abstentziora jo zuten, eta Patxi Lopez etorri zen»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

EAJri inoiz gertatu ez zitzaiona jazo zitzaion ilegalizazioen ondorioz: Jaurlaritzako agintea galtzea. Ondarroako Udala kudeatzeko bazkide izan zen Ariztondo.
 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Denak etsaitzat hartu gintuen Batasunak»

M. A. T. I.

Berako zinegotzi eta Aralarko koordinatzaileorde gisa, ezker abertzaleko bi «familien» arteko talkak kudeatzea egokitu zitzaion Abrili: «Injustizia gisa bizi nuen».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna