Mendozak atzera egin, eta jarraipen batzordera deitu du EH Bilduk

UPNren kritikak jaso ondoren, Hezkuntza Departamentuak atzera egin du Hizkuntz Eskolen bulegoko buruaren izendapenean
Jose Luis Mendoza Nafarroako Hizkuntza kontseilaria, ikasturte berriaren aurkezpenean.
Jose Luis Mendoza Nafarroako Hizkuntza kontseilaria, ikasturte berriaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2015eko urriak 10
UPNk berehala baliatu du zirrikitua. Atzo, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Hezkuntza Departamentuak Imanol Haranburu izendatu zuela Hizkuntza Eskolen eta Egiaztapenen bulegoko buru izateko. Berehala, UPNk salatu zuen gobernuak «ETAko kide ohi bat» jarri zuela Hezkuntzako goi kargu batean, eta «terrorismoaren biktimekiko sentsibilitaterik eza» erakutsi duela. Handik gutxira, foru agindu bidez, Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak atzera egin zuen. Jarraipen batzordea berehala biltzera deitu du.

Euskal Filologian lizentziaduna da Haranburu. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean euskara departamentuko burua izan zen 2011ko irailetik 2012ko irailera, eta, 2012az geroztik, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara departamentuko burua zen.

Curriculum hori izanik ere, hura izendatzea kritikatu zuen UPNk. Oharrean zioen Haranburu 1988an atxilotu zutela ETAko kide izatea egotzita, eta 21 urteko espetxe zigorra ezarri. 2003an Nafarroako Parlamenturako AuB ren zerrendatan 17. postuan aurkeztu zela gaineratu du: «Ibilbide horrek beste behin erakusten du, ez soilik gobernuaren izaera politikoa, euskal nazionalismoak Nafarroako hezkuntza kontrolatzeko duen obsesio kezkagarria baizik».

ETAren hizkiak agertzearekin batera, UPNren kritikek oihartzun zabala izan zuten hedabideetan, eta handik ordu gutxira Hezkuntza Departamentuak atzera egin zuen. «Erabaki horrek ez ditu zalantzan jartzen herritar orok gizartearekin dituen zorrak bete ostean dituen eskubide zibilak. Aitzitik, egoera horrek galarazi egiten du kargu horretarako konfiantza ematea», arrazoitu du Mendozak.

Erabakiak berehalako erreakzio katea eragin zuen. EH Bilduko Adolfo Araizek Mendozaren erabakia kritikatu zuen Twitterren, eta kontseilariak Nikaraguan izandako esperientzia ekarri zuen gogora: «Mendozak dimisioa eman beharko luke iraganean sandinista izan zelako? Hipokrisia gutxiago». Aurrerago, beste txio bat jarri zuen: «Mendozak egin du UPNko Kontseilaria egitera ausartu ez zena. Onartezina. Sorginen ehiza berria?».

EH Bilduk larritzat jo du

EH Bilduk larritzat jo du izendapena bertan behera uztea, «UPNren presioari men egitea baita». Koalizioaren ustez, «eskubide zibil eta politikoak bermatzea aldaketaren gobernuaren zutabeetako bat da, eta erabaki honek eskubide hau kolokan jartzen du». Horregatik, akordio programatikoaren jarraipen batzordearen berehalako biltzeko eskatu du.

LABek azpimarratu du Haranburu «eskubide osoko herritarra» izateaz gain, profesional ona dela. «Honela zigortzeak ez du inolako logika profesionalik. Are gehiago, preso ohi guztiek duten aukera berdintasun printzipioaren aurka doa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna