Olanok estrategia propioa aldarrikatu du etorkizunaz erabaki ahal izateko

Gipuzkoako ahaldun nagusiak funtsezkotzat jo ditu erabakitzeko askatasuna, eraldaketa instituzionala, eta gizartearen eta erakundeen elkarlana

Markel Olano ahaldun nagusia, atzo, Donostian, Gipuzkoako politika orokorrari buruzko eztabaidan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
31 orrialdeko diskurtsoa izan du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak herrialdeko politika orokorraren eztabaida saioan, eta horietatik bi pasatxo baizik ez dira izan egoera politikoaz. Hor, berriro egin du erabakitzeko eskubidearen alde. «Garrantzitsu» deritzo Eusko Legebiltzarrean EAEko estatutu politiko berriaz eztabaida egiteari, baina, «herri gisa» aurrera egiteko, «estrategia propioa» izatea aldarrikatu du. Hala, funtsekotzat jo du hiru osagai bat etortzea: erabakitzeko askatasuna, eraldaketa instituzionalean aurrera egiteko gaitasuna, eta gizarteak eta instituzioek partekatutako aitzindaritza. «Ezingo dugu aurrera egin gure etorkizunaren jabe ez bagara, paralisi instituzionalean geratzen bagara edo gizartea kontuan hartzen ez badugu», esan du Olanok hitzaldiaren amaieran, Donostian, Batzar Nagusietan.

«Euskadiko sistema instituzionala gaurkotzeko», elkarrizketa eta akordioa galdegin ditu, betiere uko egin gabe erabakitzeko eskubideari. «Kontsentsurik zabalena lortzen ahalegindu behar dugu, aniztasuna integratzeko, eta arlo sozialean eta demokratikoan arau aurreratu bat finkatzeko. Baina ezin dugu onartu euskal herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubiderik ez duenik, ezta eskubide hori erabiltzeak euskal gizartea zatitzen duenik ere, edo gatazka elikatzeko bidea denik». Taldeei emandako erantzunetan, adierazi du «gatazkaren gakoa subjektuan» dagoela, eta hor dagoela abertzaleen eta ez-abertzaleen arteko aldea. Olanoren alderdi EAJk gobernu koalizioa du PSErekin.

Ahaldun nagusiak joan den irailaren 5ean argi utzi nahi izan zuen ezin zaiola uko egin EAJk eta EH Bilduk estatutuaren oinarrietan lortutako akordioari. «Garbi daukat erabakitzeko eskubidea ezin dugula alde batera utzi adostasuna areagotzeko», adierazi zuen, hedabideen aurrean. Bezperan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eskatu zuen «bideragarria» izan dadila estatutu berriaren akordioa, eta esan zuen «aztertu» egin beharko dela EAJk eta EH Bilduk orain arte adostutakoa.

Bizikidetzarako, Olano «baikor» agertu da ETAren desegiteak sortutako egoerarekin, etalegebiltzarreko eztabaida «interferentzia antidemokratikorik gabe» egiteko eskatu du. Alde horretatik, salatu du indar batzuek «euskal gatazka politikoa bere horretan mantendu» nahi dutela, haientzat «demokraziaren muga legezkotasun konstituzionalak ezartzen duelakoan».

Dena dela, politika orokorrari buruzko eztabaidako hitzaldian EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuaren legealdiko kudeaketa plana izan du ardatz. «Harro» azaldu da «proiektu estrategikoak bideratuta» ikusten dituelako. Sozio-ekonomiaren «hobekuntzaz» aritu da —esate baterako, langabezia tasa %7,7an dagoela nabarmendu du—, gizarte ongizateaz, edota herrialdea «modernizatzeko» egitasmoez —erraustegia, Donostialdeko metroa, Pasaialdearen biziberritzea, Gipuzkoako biribilgunea, gobernantza «ona»...—. «Urteotan behar genuen gobernua da».

Oposizioaren kritikak

Oposizioko kideen txandan, Xabier Olanok (EH Bildu) diputatu nagusiari egotzi dio hitzaldian «oso arin» mintzatu dela EAEko estatutu politiko berriaz. «Balorazio sakonagoa eta hobea espero genuen». EH Bilduko eledunak uste du «ona» dela oinarrien inguruan legebiltzarrean erdietsitako akordioa, eta «bide berri bati ekiteko prest» agertu da. Burujabetzaren, genero berdintasunaren eta erabateko bakearen alde azaldu da, eta murrizketen aurka.

Juantxo Iturriak (Ahal Dugu) aldundiaren politika sozialak eta zerga sistema kritikatu ditu, eta berdintasuna aldarrikatu. Juan Carlos Canok (PP) Espainiako ordena konstituzionala defenditu eta abertzaleen apustu subiranista txarretsi ditu. EAJko eta PSE-EEko bozeramaileek foru gobernuaren kudeaketa goretsi dute.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako harmailetan izan dira, besteak beste, Joseba Egibar EAJren GBBko presidentea eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako EH Bilduren hurrengo ahaldungai nagusia. EAJren hautagaia, Markel Olano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.