Roberto Uriarte. Ahal Dugu-ren hautagaia Kongresurako

«Hautesle gehienak EAJren ezkerretara kokatzen dira»

EAEko Ahal Dugu-ren hautagaiak ez du uste egokia izango litzatekeenik Espainiako Gorteetarako hauteskundeak datorren maiatzera aurreratzea; horrek kanpaina «baldintzatu» egingo lukeela deritzo.

gotzon hermosilla
Leioa
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Politikagintzaren lehen lerroa utzi zuen Roberto Uriartek (Bermeo, Bizkaia, 1960) Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ren idazkaritza nagusia laga zuenean, 2015ean. Orain, lehen lerro horretara itzuli da, Ahal Dugu-k Espainiako Kongresurako hautagai gisa proposatuko baitu —azken zerrenda koalizioa osatuko duten gainerako alderdiekin adostuko dute—.

Zer dela eta erabaki zenuen Ahal Dugu-ren primarioetara aurkeztea?

Pablo Iglesiasek deitu zigun Rafael Sainz de Rozasi eta bioi, eta esan zigun datorren legealdian bi aukera egongo direla: hiru alderdi eskuindarrek bat egitea Andaluziako ereduari jarraikiz, edoPSOEren eta Podemosen arteko gehiengo bat sortzea, gaitzespen mozioa babestu zuten indarren laguntzarekin, eta, bigarren aukera hori gauzatuko balitz, interesatzen zitzaiola gure profil teknikoko jendea edukitzea.

Hala ere, oraindik ez dago datarik hauteskunde horietarako. Zuek noizko espero dituzue?

Ez da erraza jakitea, orain politika epe oso laburreko aurreikuspenetan oinarritzen baita. Nik uste dut, ikuspegi demokratiko batetik, ez dela komeni hauteskunde gehiegi batera egitea, gune eta interes desberdinak nahasten direlako. [Espainiako] Kongresurako eta Senaturako hauteskundeek udal, foru eta Europako hauteskundeekin bat egiteak sortuko luke kanpaina berean oso gauza desberdinak erabaki behar izatea, eta horrek kanpaina baldintzatuko luke.

Inor gutxik espero zuen Pedro Sanchezek Espainiako presidentetza eskuratuko zuela.

Nik bi urte eman ditut hainbat tertuliatan esaten posible zela gaitzespen mozio batek aurrera egitea, eta EAJko eta PSOEko askok esaten zidaten ezinezkoa zela, zenbakiak ez zirela nahikoak. Borondaterik ez dagoenean, zenbakiak ez dira inoiz nahikoak izaten.

Zer iritzi duzu Sanchezen gobernuak hilabete hauetan egindakoaz?

Uste dut gainerako aukerak okerragoak liratekeela. Jakina, niretzat aukerarik egokiena PSOEren eta Podemosen arteko gobernu bat litzateke, baina, Sanchezek berak elkarrizketa batean esan zuen moduan, botere faktikoek ez liokete erraz jarriko horrelakorik egitea. Uste dut gobernu honi ausardia falta zaiola; ausartagoa balitz, aukerak izango lirateke gauza gehiago egiteko.

Eta eskuin muturraren gorakadaz?

Ni horretan nahikoa autokritikoa naiz ezkerrarekin. Indar horiek goraka badatoz, neurri batean da ezkerra ez delako gai izan konfiantza sortzeko. Ezkerreko indarrak askotan makurtu egin dira eskuinak ezarritako esparru diskurtsiboetara. Epe laburrerako politikak albo batera utzi, eta aldaketarako benetako programak aurkeztu beharko lituzke, Erresuma Batuan Jeremy Corbyn [Alderdi Laboristako burua] egiten ari den bezala.

Horrelako programak bultzatu nahi dituzue zuek Espainiako Kongresuan?

Nire ustez, erabaki politiko nagusia da munduan sortzen diren ondasunak nola banatzen diren, nor jabetzen den zertaz. Jendeari azaldu behar zaio gizarteak ondasun nahikoa sortzen duela denok ongi samar bizi ahal izateko, eta demokrazia ekonomikoaren bidean sakondu behar dela.

Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko aurrekontu proposamenak ez du aurrera egin, eta aurrekontuak luzatu egin dituzte. Nola ikusi duzu negoziazio prozesua?

Aurrekontu proposamenak ez zuen aldaketa handirik ekartzen.EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek erraztasun handiak eman dizkiote EAJri hitzarmen bat lortzeko, ez dutelako planteamendu maximalistarik egin, eta eskatzen zituzten gauzak errazak eta EAJk bere egiteko modukoak zirelako. Baina EAJk ez du nahi izan, planteamendu hegemoniko bat egin nahi duelako, eta zentralitate politikoari eutsi nahi diolako. Ez du aliaturik nahi, gaur batekin eta bihar bestearekin hitzartu baizik.

Bestelako gehiengorik eratzeko aukerarik ikusten duzu?

Bai, baina borondate sendoa behar da horretarako. Nire ustez, gakoa da zer aukera estrategiko egiten duen ezker abertzaleak. Ezker abertzaleak bi estrategia desberdin ditu Nafarroan eta EAEn. Nafarroako estrategia naziogintzan sustraituagoa dago estatugintzan baino. Gizarte kohesionatu eta integratuagoa lortzea da helburua, independentziari uko egin gabe. EAEn, aldiz, epe laburreko independentziara makurtzen da guztia. Ideiak berak dira, baina lehentasunak ez. Eta lehentasunen arabera hautatzen dira aliatuak. Ezker abertzaleak EAEn ere ezarriko balu Nafarroan duen estrategia, aukerak zabalduko lirateke. Baina hauteskundeen ostean EH Bildu eta Elkarrekin Podemos batu ere ez ziren egin PSEri eskaintza egiteko. Herritarrek merezi zuten ahalegintxo bat egitea.

Herritarrek babestuko lukete?

Nik uste dut hautesle gehienak EAJren ezkerrera kokatzen direla. Gehiengo progresista bat dago, baina ez da bideratzen, eta politika neoliberalak gauzatzen dira. Hori ezkerreko alderdien ahulezia da. Hemen, EAJren kontrako oposiziorik gogorrena ELAk egiten du: sindikatu batek, alegia; datu horrek, nire ustez, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen ausardia falta salatzen du.

PSE-EE horrelakorik egiteko prest ikusten duzu?

Orain haien apustua da EAJren makulu izatea, baina, behintzat, aukera horren aurrean jarri beharko lituzkete.

Zuk iritzia eman zenuen Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean. Zer espero duzu prozesu horretatik?

Ezin da pentsatu adituek egingo dutela politikariek egitea lortu ez dutena. Ez da problema tekniko bat. Problema da adostasun politikoak ez direla nahikoa, eta hutsune hori ezin dute adituek bete.

Zergatik diozu lortutako adostasuna ez dela nahikoa?

Egin nahi den bidearen araberakoa da hori. Asmoa baldin bada legezko bidea egitea, horrek eskatzen du Eusko Legebiltzarraren bi herenen adostasuna, eta [Espainiako] Kongresuan, erdiak gehi bat. Eta horrek esan nahi du PSOE eta Podemos adostasun horretan egotea, eta gaur egun ez daude. Legezko bideari jarraitu nahi diotela esaten dutenean, hori ez da idazten dena legearen araberakoa izatea soilki; legeak ezartzen dituen bideak errespetatzea ere bada.

Uste duzu Nafarroan aldaketak maiatzeko hauteskundeetan ere eutsi egingo diola?

Ikusteko dago. Nik ez dut askorik sinesten inkestetan, baina badirudi aldaketaren esparruan Ahal Dugu-k zerbait galduko lukeela, eta galdutako hori agian Geroa Baik eskuratuko lukeela. Ez da erraza izango, baina eskuineko alderdiek ere ez dute erraz izango gailentzea, eta, gainera, badirudi Vox eta Ciudadanos agertzeak kolokan jar dezakeela UPNren nagusitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.