Koldo Hernandez. Ekologistak Martxan-eko kidea

«Glifosatoak uretan duen presentzia eskaski neurtzen da EAEn»

Espainiako Estatuko ibaien azalak glifosatoz «oso kutsatuta» daudela frogatu du, azterketa baten ondoren. Hego Euskal Herrian Guardiako aintzira batean jarri du arreta. Pestizida horren arriskuez ohartarazi du.

BERRIA.
Igor Susaeta.
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Glifosatoa: izurrite bat gure ibaien, ingurumenaren eta pertsonen osasunerako txostena kaleratu du Ekologistak Martxan-ek. Koldo Hernandez ekologisten taldeko kideak (Bilbo, 1967) osatu du. Herbizida horrek Espainiako Estatuko ibaien azalean duen presentzia frogatzeko, 2017ko eta 2018ko datuak eskuratu ditu Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bidez. «Ibaietan duen agerpen handia». Aintzat hartu behar da IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak 2015ean plazaratutakoa: substantzia horrek, «ziurrenik», minbizia eragin dezakeela gizakiengan.

Espainiako Erresumako ibaietan zenbat glifosato dagoen aztertu duzue, eta frogatu herbizida horrek «oso kutsatuta» dauzkala. Zein egoeratan daude Hego Euskal Herrikoak?

Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari eskatu genizkion datu ofizialak, baina, arrazoia edozein dela ere, Uraren Euskal Agentziak ez dizkio EAEkoak pasatu. Guk geuk jo genuen Uraren Agentziara, eta 2017ko eta 2018ko analisien datuak pasatu zizkigun. Uraren Agentziaren eskumeneko ibai guztietan glifosatoa 169 aldiz aztertu zuten bi urte horietan. Azterketa oso gutxi dira. Pentsa zenbat ibai, erreka eta neurketa puntu dauden... Lindanoaz, aldiz, buruz ari naiz, baina 3.000 bat lagin hartu zituzten.

Eta azterketa horietan glifosatorik aurkitu al dute?

Bai, eta kutsadura gehien duen puntuetako bat Guardiako [Araba] Carravalseca aintzira txikia da. Nafarroari dagokionez, Ebro ibaiari begiratu behar zaio, baina han inoiz ez dute glifosatoa aztertu. Txostenean aipatu dugu Ebroko arro hidrografikotik erantzun digutela ez duela datu horiek emateko obligaziorik, eta, beraz, ez duela neurtzen presentziarik ba ote dagoen. Tira, guk legedia beste modu batean interpretatzen dugu. Uste dugu substantzia jakin batzuk dauden bitartean, arro hidrografikoak horiek aztertzera eta kontrolatzera behartuta daudela. Legediak substantzien izenak jasotzen ditu.

Hego Euskal Herriko ibaietan glifosatoak duen presentzia aintzat hartuta, zein ondorio atera dituzu?

Iruditzen zaigu glifosatoaren presentzia eskaski aztertzen dela EAEn. 169 azterketa horietan 41 aldiz detektatu dute glifosatoa. Glifosato litroko 67 mikrogramoko pilaketa bat dago Guardiako puntuan; hau da, guk erreferentzia moduan jarri dugun litroko 0,1 mikrogramoa baino 670 aldiz handiagoa da. Egin kontu: gure neurketaren arabera, Guardiakoa da Espainiako pilaketarik handienetan bigarrena. Harrigarriki, Europako eta Espainiako legediek ez dute ezartzen pestizidentzako balio muga bat azaleko uretan. Ezartzen du ahoko uretan eta lurpekoetan: litroko 0,1 mikogramokoa.

Neurketa gehiago egin izan balira, glifosato gehiago detektatuko zen?

Ziurrenik, bai. Egiten diren gutxi horietan detekzioa %25 ingurubada, pentsa daiteke neurketa gehiago eginez gero gehiagotan detektatuko zela. Izan ere, glifosatoa da munduan eta Espainian gehien erabiltzen den herbizida, eta, administrazioen eta nekazarien pertzepzioa denez arrisku oso gutxi eragiten duela, bada, asko-asko erabiltzen da.

Masiboki erabiltzen da, bai, baina IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziaren arabera, «ziurrenik» minbizia eragin dezake gizakiengan; eta EB Europako Batasunarentzat toxikoa da uretako organismoentzat. Hori guztia kontuan hartuta, zergatik ez dute erabilera kontrolatzen?

Oso merkea delako. Glifosatoa jaio zen sendagai gisa, eta, ia arrakastarik eduki ez zuenez, hasi ziren hodi libragailu gisa saltzen. Orduz geroztik, munduan arrakastarik handiena duen hodi libragailua da, ziurrenik. Azkenik, herbizida gisa saltzen hasi ziren, eta sekulako arrakasta izan zuen. Bayer-ek Monsanto etxea erosi zuen, eta horretarako arrazoietako bat izan zen Roundup herbizida zuela. Monsantoren txostenen batean irakurri izan dut bere etekinen %40 glifosatoa saltzetik lortzen zuela. Horrenbestez, ekoizten duenarentzat diru iturri handia da.

Glifosatoa AEBetan jarri zuten aurrenekoz salgai, eta kantzerigeno gisa sailkatu zuten. Handik oso denbora gutxira, sailkapen horretatik kendu zuten, eta toxikologikoki ia guztiz ez-kaltegarritzat hartu. Zergatik esaten zuten hori? Belarrei eraso egiten dienean aminoazido batera jotzen duelako. Hori landareei dagokie, eta halakorik ez dago animalietan. Horregatik esan zen ez-kaltegarria zela animalientzat, eta, logikoki, pertsonentzat. Hasieratik eragin du eztabaida.

Nekazaritzan eta lorezaintzan asko erabiltzen da. Arriskuez ohartarazteko, sektore horiekin harremanetan jarri al zarete?

Ez, ez. Ez da ohikoa elkarrizketa mota hori eragiteko harremana; beste herrialde batzuetan, ordea, bai. Hori arazo bat da... Baina administraziorena da ardura. Administrazioek herbizida hori modu oso indartsuan erabiltzen dute parke eta lorategietan; baita arroiletan ere, eskuz egin beharreko sastraka kentzea saihesteko.

Legeek zer dioten herbizida horren erabileraz?

Europako Batasunak guztiz baimendutako herbizida bat da glifosatoa. Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak adierazi zuenean kantzerigenoa zela, glifosatoa berritze fasean zegoen bete-betean. Hori arazo bat izan zen berritzeko ahaleginean ari zirenentzat. Baina azkenean arazo horiek konpondu ziren hamabost urteko baimena eman beharrean, bostekoa emanez. Erabiltzeko baimena 2022ra arte dago indarrean.

Hau da, glifosatoa erabiltzeko baimena?

2022ra arte dago indarrean Europan, baina glifosatoa berritze fasean dago berriro, eta fabrikatzen dutenek eskatuko dute, ziurrenik, aurrerantzean ere erabil dadila.

EBk erabiltzeko baimena ukadezake? Edo fabrikatzaileen presioa handiegia da?

Presioak egongo dira, argi dago; baina espero dugu gizarte zibilaren presioa ere egotea. Nolanahi ere, substantzia baten erabilera onartzea ala ez Europako Batasuneko estatukideen esku dago. Azkenean, bozketa bat egingo da. EBko herritarren %65 ordezkatzen duen botoen %55 lortzen badira, onartu egiten da substantziari buruzko bozketa. Glifosatoaren erabilerarako azken baimena berritzeko orduan, bozketa saiakera asko egin ziren, ez zelako boto nahiko lortzen horretarako.

Frantziako Gobernua, esaterako, bere lurretan glifosatoa erabiltzearen aurka agertu izan da azken urteotan.

Bai, keinuak egiten ari da... Debeka dezake produktuaren edukia erabiltzea, baina ezin du eragotzi Espainiak, esaterako, erabiltzea, eta Espainiak Frantziara esportatzea pestizida horren hondakinak dituzten elikagaiak.

Txostena aintzat hartuta, zer eskatzen die Ekologistak Martxan-ek agintariei?

Ubikuitatea edo nonahikotasuna da glifosatoak eragiten duen arazorik handienetako bat. Hain masiboki erabiltzen denez, eguneroko objektuetan topatu daiteke: detektatu da konpresetan, pixoihaletan... Gu eta Europako beste talde batzuk beti ari gara eskatzen substantzia hori debeka dadila. Eta ezin baldin bada egin, ibaietan-eta, gutxienez, kontrolatu dadila eta murriztu daitezela pestizida horren pilaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.