Antonio Pampliega. Kazetaria

«Mezua da: 'Erraza eta merkea da kazetariak hiltzea'»

Gatazka guneetan aritzearen arriskuak onartu ditu. Al-Qaedak 299 egunez bahitu zuen. «Gerra batean, kazetariak argi eduki behar du hil edo bahitu dezaketela». Lagun zuen Roberto Fraile.

- / BERRIA.
Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hamar urte bete dira aurten Siriako gerra hasi zela. Antonio Pampliega kazetariak (Madril, 1982) gertutik ezagutu izan zituen gatazka haren nondik norakoak —Al-Qaedak bahitua eduki zuen 2015eko uztailetik 2016ko maiatzera, 299 egunez—, eta hari buruzko dokumental bat ontzen ari da ekoiztetxe batekin. Burkina Fason hil duten Roberto Fraile euskal kazetariak «materiala» bidali behar zion. Sirian denbora asko pasatu zuten elkarrekin. «Apirilaren 15ean hitz egin nuen azkenekoz harekin. Esan zidan Afrikara zihoala hiru asterako, bueltan hitz egingo genuela. Eta begira... Nire laguna zen». David Beriainekin ere bazuen harremana, aurreko asteleheneko erasoan hildako beste euskal kazetariarekin. «Gogoan dut elkarrekin zerbait egin beharko genukeela esan izan geniola elkarri».

Ikusi gehiago:Beriainen gorpua Euskal Herrian dago, eta gaur egingo dute hileta elizkizuna

Teknikoki, behintzat, Burkina Fason ez dago gerrarik, baina 2015eko estatu kolpeaz geroztik indarkeria nabarmen areagotu da herrialdean, dela jihadisten ekintzengatik, dela komunitateen arteko gatazkengatik. Pampliegarentzat, halako egoera batean dauden eremuetara joaten diren kazetariek aldagai bat eduki behar dute barneratua: «Gerra gune batera doanean, kazetariak argi eduki behar du hil edo bahitu dezaketela; hori, hasteko, onartu behar da. Soldaduak eta zibilak hiltzen baldin badituzte, kazetarioi ere gauza bera gerta dakiguke».

Pampliega bahitu egin zuten, hain zuzen, BERRIAko kolaboratzailea zenean. 2012ko abenduan, berriz, ia-ia hil egin zuten, Alepon (Siria). Granada bat lehertu zen, eta Fraile zauritu zuen: metraila sartu zitzaion eskuineko hankan. Pampliegak eta Jose Manuel Lopezek ospitalera eraman zuten —hura ere BERRIAren kolaboratzailea eta Pampliegarekin batera bahituta egondakoa—, eta gero Turkiara. «Zortea ere beharrezkoa da gerra batean. Robertorengandik hiru metrora nengoen granada lehertu zenean». Beste aldagai bat, beraz.

Al-Qaedaren barneko talde batek hartu ditu bere gain Beriainen eta Fraileren hilketak, eta lapurtu zien materialaren irudiak zabaldu ditu sare sozialetan. Nolanahi ere, Espainiako Atzerri Ministerioak exijitu dio Burkina Fasoko Gobernuari ikertu eta «argitu» dezala erasoa. Pampliegaren iritziz, «lapurreta itxura» du gertatutakoak. «Jokatzeko modua —tiroketa hori, pick up-a metrailadorearekin...— ez da EI Estatu Islamikoarena edo Al-Qaedarena; horiek, nahiz eta gero ez hil, bahitzen zaituzte eta bideo arraio horiek egiten dizkizute».

Ikusi gehiago:TVEk Beriain eta Fraile omenduko ditu gaur bi dokumentalen bidez

Lapurretaren hipotesiari tira egin dio. «Zuriak ziren, ibilgailu batean zihoazen, erasotzaileen zelatapean egongo ziren ziurrenik... Antza, bi ibilgailutan zihoan taldea [legez kanpoko ehizari buruzko dokumental bat egiten ari zen], eta haiena atzean gelditu zen drone batekin... Imajinatu, Afrika erdian, ibilgailu bat drone bat hegaldarazten ari diren zuriekin... Erasotzaileek pentsatuko zuten: 'Hauek ziur dirua dutela'. Azkenean gertatzen da gertatzen dena».

Isilpeko ehizari aurre egitea helburu duen Wildlife Angel GKEarentzat ari ziren filmatzen bi kazetariak, eta Pampliegak pentsatzen du, «agian», gobernuzko kanpoko erakundeak eremuan zuen arduradunaz, Rory Youngez, «fidatu» zirela —hura ere erasoan hil zuten—. Haren iritziz, gatazka guneetara joaten diren kazetariek batzuetan «ausarkeriaz» jokatzen dute, baina ez zen Fraileren eta Beriainen kasua. «Eskarmentu handia zuten. Baina galdetuko zuten: 'Hemen segurua da drone bat hegaldaraztea?'. Baietz erantzungo zieten, eta... hanka sartu zuten».

Pampliegak uste du kazetariek «errealitatearen zentzua» gal dezaketela gatazka guneetan. «Hain sartuta zaudenez, ahazten duzu zaurgarria zarela. Hotzean pentsatuta, Sirian egondako hamabi aldietan izan nintekeen bahitua. Eremuan zaudenez eta ez zaizunez gertatzen, konfiantza hartzen duzu eta pentsatzen duzu: 'Niri ez zait gertatuko'. Gertatzen zaizun arte... Eta orduan arazoa da ez dagoela atzera-bueltarik».

Hala eta guztiz ere, bahitua izan ondoren, bost hilabete geroago, beste gatazka eremu batera joan zen: Irakera. «Halako bizipen traumatiko bat pasatzen duzunean, zeure burua probatu nahi duzu berriro, ikusteko ea horretan jarraitu nahi duzun ala ez duzun jarraitu nahi». Irakera joan zenean jaso zituen kritika batzuk. «Beti jasoko ditugu... Ziur Davidek [Beriain] eta Robertok [Fraile] ere jaso dituztela Afrikara joateagatik dokumental bat grabatzera».

Afrikako gakoak

Afrikan lan egindakoa da Pampliega: Somalian, Hego Sudanen eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, hain justu. Iruditzen zaio kontinente hura, oro har, Ekialde Hurbilarekin konparatuta «oso diferentea» dela gatazken gakoak azaltzeko orduan. «Afrikako eremu batzuetan Boko Haram dago [muturreko talde islamista bat da], Al-Qaeda, tribuen arteko kontuak ere badaude... eta bidelapurrek eraso ditzakete, esaterako, GKE batentzako edo petrolio konpainia batentzako lanean ari diren zuriak. Ekialde Hurbilean, egun, behintzat, auzi geopolitikoak pisu handiagoa du erasoetan. Eta Afrikan, normalki, baliabide naturalen auziarengatik hiltzen da, mineralengatik».

Eta kazetarien hilketa honek eragindako mezua argia da, Pampliegaren aburuz: «Mezua da: 'Erraza eta merkea da kazetariak hiltzea'. Inork ez du ezer ordaintzen egiten digutenarengatik. Azkenean, gerra batean kazetari bat hiltzea erraza da». Mezuak, gainera, «ohartarazpen bat» du gatazka guneetara joateko asmoa duten kazetarientzat. Adibide bat jarri du: «Guri gertatu zitzaigunaren ondoren, uste dut beste kazetaririk ez zela sartu Sirian errebeldeen lekutik, ez zutelako arriskatu nahi».

Horrek guztiaren ondorioz, «gizarteak» galtzen du: «Ez dakielako eremuan zer gertatzen ari den. Kazetaririk gabe, mundua askoz ere lausoagoa da. Gizarteak exijitu beharko luke kazetarientzako babesa eremu deseroso horietara joatean, haien lana egin eta urraketak salatu ditzaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.