Sustrai Erakuntzak alegazioak jarriko dizkie 58 proiektu energetikori

Azpiegitura fotovoltaiko eta parke eoliko handiek «eragin larria» izango dute natur eremu eta landaguneetan, elkarte ekologistaren esanetan

Energia fotovoltaikoa ekoizteko eguzki plakak, Nafarroan. Artxiboko irudi bat. IDOIA ZABALETA / FOKU.
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Sustrai Erakuntza fundazioak alegazioak jarriko dizkie Nafarroan garatzeko bidean diren 58 proiektu energetikori; parke eoliko eta fotovoltaikoak dira guztiak. Fundazioaren hitzetan, «natur eremu eta landaguneetan kokatutako industrialde erraldoiak dira gehienak». Horrez gain, salatu dute krisi klimatikoari aurre egiteko proiektu gisa aurkeztuak izan diren arren azpiegitura horiek «eragin larria» izango dutela ingurune naturalean, eta klima aldaketa areagotuko dutela. Fundazioak ohartarazi duenez, «gutxienez zazpi proiektu berri» jarri dituzte martxan Nafarroan abuztuaren lehenaz geroztik. Horietako batzuk «bereziki handiak» direla gaineratu dute.

Sustrai Erakuntza fundazioak ez ezik, beste erakunde ekologista askok ere Ekologistak Martxan, Mugarik Gabe, Erreniega Salba Dezagun... kritikatu egin dute energia ekoizteko egitasmoak «modu desordenatuan eta plangintza demokratikorik gabe» sortzea. Zehazki, proiektu horien inprobisazioa txarretsi du Sustrai Erakuntzak: «Plangintzarik ezak proiektuak elkarren artean zapaltzea eragiten du, eta instalazio berri batzuek aurretik instalatutako beste batzuek elektrizitatea ekoizteko ahalmenaren zati bat galtzea eragin dezakete».

Eredu kapitalistatik at

Fundazioak ohartarazi du proiektu horiek egiteak «habitat naturalen zati handi bat desagertzea» ekarriko duela. Izan ere, Sustrai Erakuntzako arduradunen esanetan, proiektu eoliko horiek «basoak suntsitzen dituzte», eta uste dute bide horretan jarraituz gero etorkizunean bioaniztasuna eta klima aldaketaren aurkako ekosistema babesleak «desagertzeko arrisku larrian» egongo direla Nafarroan.

Fundazioak ohar batean azaldu duenez, energiaren eta materialen «kontsumoa etengabe handitzea» da aldaketa klimatikoaren atzean dagoen faktore nagusia, eta, beraz, «kontsumoa murriztera egokitzen laguntzeko sistemak ezartzea» proposatu diete agintari politikoei. «Hazkundearen helburua alde batera uzteko neurriak hartzea proposatzen dute zientzialariek, eta, beraz, eredu ekonomiko kapitalista gainditzea», gehitu dute.

Hortaz, «beste eredu energetiko batera lehenbailehen jotzeko beharra» dagoela nabarmendu du fundazioak. Besteak beste, «energia ekoizteko azpiegitura txikietan oinarritutako eredu berriztagarri» baten aldeko apustua egin dute, helburutzat hartuta energia kontsumoa «pixkanaka» murriztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.