Bortxa matxistaren aurka «konpromisoa» eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Erika Tavaresen hilketa gaitzesteko mobilizazio gehiago egin dituzte. Mercedes lantegiko biktimaren lankideak ere kalera atera dira

Gasteizko Mercedeseko langileen protesta, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak Gasteizen asteartean gertatutako hilketa matxista gaitzetsi zuen atzo, adierazpen instituzional baten bidez. Minutu bateko isilunea egin zuten legebiltzarreko kide guztiek, eta ondoren Bakartxo Tejeria legebiltzarreko lehendakariak irakurri zuen adierazpena. Idatziaren bidez, Erika Tavaresen hurbilekoei eta senideei «babes osoa» helarazi zien. Indarkeria matxista «botere harremanetatik eta emakumeen gaineko zapalkuntzatik datorren desberdintasunaren adierazpen larriena» dela gaineratu zuen. Horrekin batera, herritarrei eskatu zien «konpromiso pertsonal eta kolektiboak» har ditzatela emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde. Instituzioei, berriz, galdegin zien plan integralak garatzea andreen aurkako indarkeria behin betiko desagerrarazteko, eta Erika Tavaresenaren gisako «erailketarik» berriro ez gertatzeko.

37 urte zituen Tavaresek; bikotekideak erail zuen asteartean, Gasteizko Sansomendi auzoko beren etxebizitzan, bi semeak bertan zirela; bere buruaz beste egin zuen gizonak gero. Banatze prozesuan zen bikotea, baina, administrazioen arabera, biktimak ez zuen aurrez salaketarik jarri tratu txarrengatik.

Askotarikoak izan dira hilketak eragin dituen gaitzespen keinuak. Gasteizko Mercedes enpresako langilea zen emakumea, eta atzo mobilizazioak antolatu zituzten gertakaria salatzeko, ekoizpena hogei minutuz gelditzeaz gain.

Emilio Titos Mercedeseko zuzendari nagusiak eta Igor Gebara langile batzordeko lehendakariak sinatutako jakinarazpen batean, hilketa matxista «sakon» gaitzetsi zuten, eta langile guztien izenean «elkartasuna eta babesa» adierazi zieten «senide eta adiskideei», baita Tavaresen lankideei ere.

«Gertatutakoak agerian uzten du bide luzea dagoela eraso matxisten aurkako borrokan. Bakarkako eta taldeko konpromiso argi batekin egin behar dugun bidea da, desberdintasuna eta indarkeria sexista desager daitezen gure gizarteko eremu guztietatik», azaldu zuten. Zuzendaritzak eta langile batzordeak berretsi dute beren esparruan «beharrezkoak diren bitartekoak» jartzeko konpromisoa.

Bestalde, Emakumeen Mundu Martxak ere mobilizazioak antolatu zituen atzo Donostian, Iruñean eta Bilbon. «Kaleak okupatzeko» deia egin zuten «sistema heteropatriarkal, arrazista eta kolonialak eragiten dituen bidegabekeriak salatu eta bizitzak aldarrikatzeko».

Berdintasun Lege berria

Euskal Herrian 2003tik 112 andrazko hil dituzte bortizkeria matxistaren ondorioz; aurtengo bosgarren biktima da Tavares. Horrez gain, 11 dira indarkeria matxistagatik hildako umeak. Hori dela eta, Emakundek Berdintasun Legearen erreforma proposamena aurkeztu zuen iragan legegintzaldian. Umezurtz geratzen diren umeei laguntza ekonomikoa emango zaiela bermatu nahi dute lege berriaren bidez.

Horrez gain erreforma onartuz gero, administrazioek, beren politika guztietan, genero ikuspegia txertatu beharko dute, eta, esaterako, ordezkaritza orekatuaren printzipioa aplikatuko da zenbait kargu publiko izendatzeko orduan: epaimahaietako edo sozietateetako administrazio kontseiluetako kideak izendatzean, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.