Hautetsien Kontseiluak hasiko ditu orain negoziazioak

Garapen Kontseiluak lurralde kontratuaz bere ekarpena aurkeztu dio, eta Ipar Euskal Herriko ondoko sei urteetako norabideak proposatu

Hautetsien Kontseiluak orain abendu bukaera arte du kontratuaren negoziatzeko. SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Oraindik ez da deus bozkatu, ez deus behin betiko erabaki. «Euskal Herriaren eskaera zein izanen den» prestaketa lanetan urrats bat izan zen bardakoa, Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko buruak laburbildu zuenez. Estatua-Eskualdea 2014-2020rako Lurralde Kontratuaz bere ekarpena aurkeztu zion Garapen Kontseiluak Hautetsien Kontseiluari, horren biltzar nagusiaren karietara. Kontseiluak Hautetsiak orain azken hunkitu batzuk eman eta negoziazioen hasteko atarian da, besteak beste Frantziako Estatuarekin. Ipar Euskal Herriko ondoko sei urteetarako proiektu nagusiak eta diru parteak adosteko, abendu bukaera dute jomuga.

Hasteko, Garapen Kontseiluak egin lana «miresgarria» dela goraipatu zuen bilkuratik ateratzean Martine Bisauta Baionako auzapezordeak: «Beste behin, herri hau lanean aritu dela erakusten du, gizarte zibilak Hautetsien Kontseiluaren deiari ihardetsi diola. Eta, horri esker, kontratuaren negoziaziora joan gaitezke zinezko estrategia bat marrazten duen dokumentu batekin». Estrategia «koherente» bat. «Hautetsien Kontseiluak bereganatzen badu, lurraldearentzat zentzu bat lukeen proiektu bat gauzatzen ahalko litzateke».

Bisautak damutu zuen, halere, ohiko arazo baten atarian izan daitekeela lurraldea: «Beti gara ikasgelako hoberenak. Egiten duguna beti biziki ontsa da, baina ez dugu inoiz lortzen, ondotik, nahi duguna». Ekarpenaren proposamenarekin batera ez da aurrekontu proposamenik eginik, hain justu. Negoziazioetan argituko da zenbat sos ematen den eta zertan: «Bistan da badirela puntu ezezagun batzuk. Finantzaketak aurkitu behar dira. Eta bistan da borrokatu beharko dugula horretarako».

Garapen Kontseiluak 700 orriko dokumentu bat eman du Hautetsien Kontseiluaren esku. Azken aste eta hilabete hauetan, 30 bilkura baino gehiago egin dituzte horretarako, 735 parte hartzailerekin. Jakinez pertsona gutxiago izan dela, bakoitzak lantalde batean baino gehiagotan parte har baitzezakeen. Orotara, 140 elkarte edo gizarte eragile bildu dira ekarpen horien latzeko.

9 arlo finkatu dituzte: goi mailako ikasketak eta ikerketa; biharko ekonomia, mugikortasuna, teknologia berrien hedapena eta Internet jarioa lurralde osoan bermatzea; trantsizio ekologikoa eta energetikoa; enplegua; prestakuntza. Bereziki Ipar Euskal Herri osoan garatu nahi dituzten lau atal daude: euskara, kultura, etxebizitza eta zerbitzuen eskuragarritasuna. Eta euskararen arloan, hain zuzen, ekarpenean sartu elementuen artean, badago tokiko berezko akademia ikuskaritza bat sortzeko proposamena, baita eremu publikoko zein pribatuko eskoletan murgiltze ereduaren orokortzearen ideia ere, partikularki ama eskola eta lehen mailan.

Bardako bilkuran Pirinio Atlantikoetako Pierre Andre Durand prefetak ez zuen, haatik, deus zehaztu Ipar Euskal Herriarentzat lukeen proiektuaz, lurralde mailan. Azaldu zuenez, ekain bukaerako utzi du hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.