Zortzi gizarte eragile akusazio gisa aurkeztu dira 'Cabieces auzian'

«Arduradun politikoak» ere epaitzeko eskatu dute LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, Euskal Herriko Pentsionistak, AHT Gelditu! eta EKA-k

Akusazio gisa aritu nahi duten sindikatu eta eragileetako ordezkariak, atzo, epaitegi aurrean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek, EKA kontsumitzaileen elkarteak, Euskal Herriko Pentsionisten Plataformek eta AHT Gelditu Elkarlanak akusazio gisa aritu nahi dute Cabieces auzian. Bilboko instrukzioko 4 zenbakiko epaitegira jo dute tramiteak egitera, eta ilungune guztiak argitzen saiatuko direla ohartarazi dute.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan zen Mikel Cabieces, eta, kargua utzi ondoren, Kutxabankek 243.000 euro ordaindu zizkion, ustez. Mario Fernandez zen, orduan, bankuko zuzendaria. Fernandezek berak aitortu zuen Cabiecesi «irteera profesionala» bilatzeko eskatu ziola «PPko buruzagi batek», eta abokatuen bulego batekin kontratu bat sinatzea lortu zuen. ETAren aurkako borrokan aritutakoei, karguak uztean, laguntzeko «lege idatzi gabe bat» dagoela esanaz arrazoitu zuen tratua Kutxabankeko buru zenak.

Akusazio gisa aurkeztu diren sindikatu eta eragileen hitzetan, ez da nahikoa gertaeretan ustez esku hartze zuzena izan duten Fernandez eta Cabieces bera zein Rafa Alkorta abokatua inputatzea. Erabakietan parte hartu zuten «arduradun politikoak» ere epaitu behar liratekeela diote.

Euskal kutxen pribatizazio prozesua hasi zenetik Kutxabank sortu arteko «irregulartasunak, mesede tratuak eta klientelismo politikoa» argitara ateratzea nahi dutela ere esan dute.

Izan ere, seguru daude Kutxabank «iruzurra» egiten ari del a. Kapital finantzarioari akzioak saltzea, Caja Sur entitatea erostea, aktiboak «fondo putreetan» saltzea, kutxa publikoen kontrola entitate publikoei kentzea eta Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidenteari egin dioten «eskandaluzko kontratua» egitea, esaterako, iruzurra posible egiten duten «tresnak» direla ohartarazi dute. Eta horren gaineko ardura politikoak EAJk, PPk eta PSEk dituztela.

«Euskal kutxen likidazioa izugarrizko iruzurra da, finantza erakunde horietan beren aurrezkiak urteetan utzi dituzten pertsonen kontrakoa», salatu dute Esk sindikatuko Isabel Castrok eta LABeko Urtzi Ostolozagak, akusazio gisa aurkeztu diren eragileen izenean.

Gauzak horrela, iruzurrak ezagutarazteko epaitegietan beharrezko diren jardun guztiak egingo dituztela azaldu dute. Are, herritarrei ere eman diete horretan laguntzeko aukera. Egoki iruditzen zaizkien datuak helarazteko proposatu diete, «iruzur hau betikotu ez dadin eta etorkizunean errepika ez dadin». Akusazio gisa aurkeztu direnek bideratuko lituzkete salaketa, datu eta frogak.

Ez da asko falta, gainera, ahozko saioa hasteko. Ostolozagak adierazi duenez, litekeena da apirilaren 17an ekitea epaiketari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.