Berriro aztertuko dute Fernandez Iradiren zigorra eteteko aukera

Preso segitu behar zuela ebatzi zuen Zigorren Ezartzeko Epaitegiak joan den urtean, baina Kasazio Auzitegiak baliogabe utzi du epaia

Ibon Fernandez Iradi askatzea galdegiteko protesta bat, 2014an, Baionan. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2016ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako Kasazio Auzitegiak Ibon Fernandez Iradiren aldeko erabakia eman du, eta, horrenbertzez, Zigorren Ezartzeko Epaitegiak berriro aztertu beharko du larriki eri den euskal presoaren zigorra eteteko eskaera. Joan den urteko udaberrian epaitegi horrexek emandako deliberoaren kontra egin du Frantziako auzitegi gorenak, hain zuzen. Epai haren arabera, Fernandez Iradiren eritasuna bateragarria zen haren espetxealdiarekin, baldin eta kartzelako administrazioak arta egokia ematen bazion. Kasazio Auzitegiak kontraerrana ikusi dio ebazpen horri, arta egokien menpe egoteak berak ez baititu bateragarri egiten espetxea eta gaixotasuna. Zigorra etetearen eskaera hutsetik hasten ahalko du Fernandez Iradik, beraz.

Maritxu Paulus Basurko abokatuaren ustez, «oso garrantzitsua» da erabakia: «Berriz irekiko da eztabaida, eta, gainera, beste epaile batzuek hartuko dute kasua». Horrek aukerak eman diezazkioke Fernandez Iradiri espetxetik ateratzeko, baina ez hari bakarrik: «Oso inportantea da berarentzat, baina orokorki ere, zeren eta etengabe epaitegi horren kontra aritu baikara, eta Kasazioak hori esatea aurrerapauso handia da». Abokatuak adierazi duenez, hain zuzen, etengabe erraten aritu direna «frogatuta» gelditu da, hots, legea ez zela betetzen ari.

Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, eta 2003tik dute preso, Lannemezanen. 2013ko martxoan eskatu zuen haren eritasuna zela eta zigorra eteteko. Izan ere, espetxean ezin du eri arrunt batek kalean jaso ahal izanen lukeen arta bera ukan. Abokatuak eta Bagoaz kolektiboak salatu dutenez, gainera, askatzeko eskaera egin zuenetik hiru urte eta erdi pasatu dira jada: denbora gehiegi. «Hiru urte dira ez dituela behar dituen artamenduak, beti gabiltza denboraren atzetik».

«Edozer» gerta liteke

Hutsetik hasiko da orain Fernandez Iradiren zigorra eteteko eskaeraren azterketa, eta, Paulus Basurkok azaldu duenez, «edozer» gerta liteke orain. Epaiketaren datarik ere ez dute, eta posible da hilabete batzuk behar izatea oraino egunaren berri izateko. Hori dela eta, epaia «pozik» baina «atzerapenarekin» hartu dutela azaldu du.

Lehendik ere buelta ugari emandakoa da Fernandez Iradiren auzia. 2014ko ekainean zigorra etetea onartu zion Zigorren Ezartzeko Epaitegiak, baina bi baldintza ezarrita: Pirinio Atlantikoetako departamendutik kanpo bizitzea, eta Frantzian egoteko duen lurralde debekua bertan behera gelditzea. Abokatuak eta prokuradoreak dei egin zuten, eta hirugarren azterketa mediko bat eskatu zuen epaileak orduan: azken azterketa horrek erran zuen Fernandez Iradiren eritasuna eta espetxea bateragarriak zirela.

Bagoaz-ek «aukera berri bat» ikusten du Kasazio Auzitegiak emandako azken epaiaren ondotik, eta jakinarazi dute horri begira dinamika bat abiatuko dutela. «Frantziako Estatuari exijitzen diogu Ibon Fernandez Iradi urgentziaz aska dezala», adierazi du Garbiñe Eraso bozeramaileak. Espainiako espetxeetan larriki eri diren euskal presoak askatzea ere galdegin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.