Polizia indarren presentzia «egokitu» nahi du Jaurlaritzak

Segurtasun sailburuak «elkarrizketa» eskaini dio Madrili akordioa lortzeko. Espero du «ongi» egitea 'Cabacas auziaren' kontakizuna
Estefania Beltran de Heredia sailburua, Josu Zubiagak eta Ana Agirrek lagunduta, atzoko agerraldian.
Estefania Beltran de Heredia sailburua, Josu Zubiagak eta Ana Agirrek lagunduta, atzoko agerraldian. JUANAN RUIZ/ ARP

Edurne Begiristain -

2017ko urtarrilak 20
Ertzaintzak polizia «integrala» izan behar du, eta eskumen guztiak bere esku izan behar ditu bere lanean «esklusiboa» izan dadin, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez. Haren hitzetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden Espainiako segurtasun indarrek euren eskumenak «mugatu» beharko lituzkete, eta, ondorioz, haien presentzia «egokitu». Beltran de Herediak iragarri du Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministro berriarekin batzartzen denean eskaera horiek mahai gainean jarriko dizkiola, eta«negoziazioa, elkarrizketa eta akordioa» eskaini.

Segurtasun Sailaren lan ildo nagusien berri eman du sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Estatuko segurtasun indarren presentzia «egokitzeko» proposatu duen arren, ez du eskatu poliziak EAEtik joateko. EH Bilduren galderei erantzunez, argitu du Ertzaintzak polizia integral bati dagozkion «eskumen guztiak» eskuratzeak ez duela esan nahi eskumen batzuk beste polizia batzuekin «partekatu» ezin ditzakeenik. Duela lau urte bere sailaren lan ildo nagusiak azaldu zituenean, ordea, harago jo zuen: Guardia Zibila eta Espainiako Polizia EAEtik ateratzeko «irmo» eskatu zion Espainiako Gobernuari, ETAk jardun armatua utzi ondotik sortutako abagunean haien presentziak ez zuela «inolako justifikaziorik» argudiatuta. Orduan iragarri zuen «behar beste» aldiz eskatuko ziola Madrili polizia indarrak EAEtik joateko.

Bestalde, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako galderei erantzunez, Cabacas auzia hizpide izan du sailburuak. Adierazi du Segurtasun Sailak justiziarekin «kolaboratzen» jarraituko duela eta espero duela gertatutakoaren «kontakizuna ongi egitea», hori familiaren eta Ertzaintzaren «onurarako» izango delako. Gai horrek ika-mika eragin du Julen Arzuaga (EH Bildu) eta Beltran de Herediaren artean, Arzuagak Iñigo Cabacasi gertatutakoaren erantzukizuna egotzi dielako EAJri eta PSEri. Sozialistei «delitua» egitea eta jeltzaleei hura «ezkutatzea» egotzi die EH Bildukoak. Segurtasun sailburuak «oso larritzat» jo ditu haren hitzak: «Hori uste baduzu, jo ezazu auzitegietara salaketa jartzera», esan dio.

Hurrengo lau urteetako erronkei dagokienez, «akordioen» legealdia izatea nahi du Beltran de Herediak, eta esan du lan egingo duela Madrilekin «elkarrekiko leialtasuna» eta «alde biko harremana» praktikara eramateko. Besteak beste, ertzainen kopurua handitzea —mila ertzain gehiago izan nahi ditu lau urtean— eta hiru lan eskaintza berri egitea jarri ditu lehentasunen artean. Alabaina, Espainiako Gobernuak helegiteak jarriak ditu Ertzaintzaren 25. eta 26. promozioak egiteko lan eskaintzei, eta errekurtso horiek kendu ezean, Jaurlaritzak ezin izango du promozioetara deitu. «Ezin dugu esku hartze gehiagorik onartu». Madril «arduragabekeriaz»jokatzen ari dela salatu du, baina eskua luzatu dio akordio bat egiteko.

Lehen bilera ofiziala

Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Javier de Andres Espainiako Gobernuko ordezkariaren arteko lehen bileran ere Ertzaintzaren izaera «integrala» eta segurtasun indar guztien koordinazioa jorratu dituzte. Elkarrizketa berreskuratu eta akordioak bilatzeko prest agertu dira biak ala biak. Bileran, Urkulluk autogobernua errespetatzeko eskatu dio De Andresi, batez ere euskararekin eta ikurrekin zerikusia duten gaietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna