Etxegabeei egoitza egonkorra eskaini nahi diete erakundeek

Eusko Jaurlaritzak %20 gutxitu nahi du kalean lo egiten dutenen kopurua. 2021era bitarteko administrazio arteko estrategian jaso du xedea
Etxegabeentzako Euskal Estrategiarekin bat egin duten administrazioetako ordezkariak, atzo.
Etxegabeentzako Euskal Estrategiarekin bat egin duten administrazioetako ordezkariak, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jon Rejado -

2018ko apirilak 17
Etxegabeei eskainitako arretaren norabidea egokituko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio nagusiek. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hausnartu du egungo eredua gizarte zerbitzuetan oinarritzen dela, baita «aldizkako ostatuan» ere. Horri uko egin gabe, beste ildo batzuk indartuko dituzte 2021era bitartean: batetik, egoitza egonkorragoen aldeko «ikuspegia garatzea»; bestetik, etxerik ez dutenen «administrazio egoera erregularizatzea», herritarrak diren heinean eskubideak balia ditzaten; halaber, prebentzioan jarriko dute arreta.

Artolazabalek 2018 eta 2021. urteen arterako Etxegabeentzako Euskal Estrategia aurkeztu zuen atzo. Estrategia horren helburua da administrazio publikoen politikei «norabide bat» ematea. Egitasmoarekin bat egin duten administrazioek plan batean zehaztu beharko dituzte jarduera ildoak, urte bateko epean. Eusko Jaurlaritzako hiru sailek —Enplegu eta Gizarte Politiketakoak, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzakoak, eta Osasunekoak—, hiru foru aldundiek, Eudelek eta bederatzi udalek —Gasteizek, Bilbok, Donostiak, Barakaldok, Santurtzik, Irunek, Getxok, Laudiok eta Portugaletek— sinatu zuten atzo estrategia.

Etxebizitza Sailak zeresana izango du etxegabeziari aurre egiteko lan ildo berrietan. Hain zuzen ere, etxegabeei bizitoki egonkor bat eskaintzen saiatu nahi dute erakundeek. Arriolak asmo horien berri eman du, dagoeneko, 2018-2020ko Etxebizitza Plan Zuzendariaren bitartez. Udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuekin eta aldundiekin «koordinatuko» dute lana, «etxebizitza bazterkeria larrian» daudenen beharrei erantzuteko: etxegabeak, etxetik kaleratutakoak eta errefuxiatuak. Asmo horietarako hainbat etxebizitza eskainiko direla iragarri dute Etxebizitza Saileko iturriek.

Osasuna, diru sarrerak bermatzeko errenta, laneratzea... Etxegabeek eskubide horiek erabili ahal izateko lan ildoak abiarazi beharko direla jaso dute estrategian. Hori guztia «bizitokia edozein dutela ere» ahalbidetu beharko zaiela gaineratu du.

Emakumeen egoera aztertu

Etxerik ez duten emakumeen egoerari heltzeko gidalerroak ere txertatu dituzte estrategian. Gizonezkoak baino gutxiago izan ohi direla zehaztu du sailburuak: kalean bizi direnen laurdenak emakumezkoak dira, 2016an jasotako datuen arabera. Gutxiago izan arren «bazterkeria handiagoa» pairatzen dutela azaldu du Artolazabalek: osasun txarragoa dute, eta euren harreman sozialen sarea ere«hondatuagoa» egoten da. «Informazio horrek bereziki kezkatzen gaitu». Sailburuak jakinarazi du ikerketa bat finantzatu dutela etxerik ez duten emakumeen errealitatea ezagutzeko.

Bestalde, estrategiak zenbait helburu kuantitatibo ezarri ditu. 2021. urterako kalean lo egiten duten etxegabeen kopurua %20 gutxitu nahi dute, gutxienez. Horretarako, «pertsonengan» zentratu nahi dute. «Ez dago etxe gabeko pertsonarik, baizik eta egoera jakin batean etxerik gabe geratu direnak, arrazoi ezberdinengatik». Sailburuak zerrendatu egin ditu arrazoi horiek biltzen dituzten multzo nagusiak: arazo estrukturalak, instituzionalak, harremanekin lotutakoak eta pertsonalak. Bada, etxerik ez duten gehienek multzo horietako bi aipatzen dituzte beren egoera arrazoitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna