EH Bildu prest dago «bide orri» baten truke kontuak onesteko

Aitor Estebanek esan du «ideologia desberdina dutenen artean» ados jartzea nahi dutela autogobernuari buruzko eztabaidan
Arnaldo Otegi, EH Bilduk ekainaren 23an eginiko ekitaldi batean.
Arnaldo Otegi, EH Bilduk ekainaren 23an eginiko ekitaldi batean. I. ZABALETA / FOKU

Iraitz Mateo Gogorza -

2018ko abuztuak 28
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak azaldu du ez duela baztertzen Jaurlaritzaren aurrekontuak babestea, baina nabarmendu du «bide orri luzeago» bat adostu beharko dutela horretarako: subiranotasunaren eta eskubide sozialen inguruan ondutako akordio bat. Nolanahi ere, Otegiren arabera, jeltzaleek gehiago begiratzen diote PPri EH Bilduri baino. Eusko Jaurlaritzak gaur goizean Miramar jauregian egingo duen bilkurarekin emango dio hasiera urte politiko berriari, eta aurrekontuen gaia mahai gainean egongo da; izan ere, azken bi urteetan Eusko Jaurlaritzak PPren babesarekin atera ditu aurrekontuak aurrera. Aurten, ordea, sozialistak daude Espainiako Gobernuan, EAJk babestuta.

Radio Euskadin, Otegik adierazi du koalizioa prest dagoela Jaurlaritza babesteko eta «estatu politikak» gauzatzeko «ezkerreko eta eskuineko euskaldunekin», eta erantsi du hori egiten dutela beste zenbait herrialdetan. Halaber, autogobernuaren arloan ituna zabaltzearen alde agertu da, baina ohartarazi du legebiltzarreko lantaldean eginiko akordioak «minimoak» ezartzen dituela.

Izan ere, Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJko bozeramaileak esan du EAJren eta EH Bilduren adostasunarekin soilik ez dutela lortuko estatutua aldatzea. Horregatik, «ideologia desberdina dutenen artean» adosten saiatuko dira, eta horretarako «borondate zintzoa» agertu du Estebanek. Uste du ez dela «dogmatikoa» izan behar, eta nabarmendu du EH Bildurekin adostutako testuan ez dagoela «mugitu ezin den ezer». Estebanen iritziz, EH Bildu EAJren jarreretara gerturatu da, eta horregatik lortu dute elkar ulertzea. Bestetik, Elkarrekin Podemosi egotzi dio hitzarmenera batzeko ausardiarik ez izatea, eta PSE-EEri, berriz, «erabakitzeko» eskatu dio, beti Madrilera begira egoteari utzita.

Bestalde, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txiki-k esan du ELAren eta LABen batasunak «enbarazu» egiten diola EH Bilduri EAJrekin akordioak lortzeko orduan.