Urkulluk eta Iglesiasek zentsura mozioaren gehiengoa zaindu nahi dute

Bien arteko aurreneko bilera egin dute Jaurlaritzako lehendakariak eta Podemoseko buruak. Estatuko aurrekontuez eta ereduaz mintzatu dira

Iñigo Urkullu eta Pablo Iglesias, atzo, Gasteizen. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
enekoitz esnaola
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Duela lau hilabete eta erdi Mariano Rajoy (PP) Moncloatik kentzeko PSOEren zentsura mozioaren alde agertu zen gehiengoa zaintzeari buruz hitz egin dute Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak, Gasteizen. Ados daude horretan, Iglesiasek jakinarazi duenez. Bien arteko aurreneko bilera izan da, eta ordu eta erdiz hitz egin dute, Lehendakaritzan —Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusia ere izan da—. Batzarraren ondoren, Iglesiasek hedabideen aurrean azaldu du Espainiako Kongresuko gehiengo hori «zaintzen» badute eta «salbuespenik gabeko elkarrizketa guneen» alde apustu egiten badute aurrerantzean «posible» izango direla akordioak; tartean, Espainiako aurrekontuetakoak.

PSOEk eta Unidos Podemosek estatuko aurrekontuei buruzko ituna egin zuten orain aste batzuk, baina Kongresuko euskal eta katalan taldeen babesak behar dituzte bozketa irabazteko. Lehendakaritzako iturriek ohar batean esan dute aurrekontuez hitz egitea ez dagokiola Urkulluri, Kongresuko EAJren taldeari baizik —Aitor Esteban diputatu jeltzaleak bileraren aurretik ohartarazi zuen Iglesiasek badakiela «aurrekontuez mintzaidea EAJ» dela, «ez [Urkullu] lehendakaria»—, baina lehendakariak ontzat jo du «egonkortasun instituzionalaren eta politikoaren» alde egin izana Madrilen ere.

Podemoseko idazkari nagusiak argitu nahi izan du EAJk Espainiako aurrekontuak babesteak ez lukeela esan nahiko Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzarenak sostengatuko lituzkeenik.

Iglesiasen arabera, balizko akordioak ez dira aurrekontuetara eta legealdiaren iraupenera mugatu behar. «Estatu erronkei ere aurre egin behar zaie». Kasurako, adierazi du Kataluniako «salbuespen eta judizializazio» egoera amaitu behar dela, aintzat hartuta «gatazka politikoak bide demokratikoetatik konpondu edo, gutxienik, kudeatu» behar direla. Iragarri duenez, hor ere bat egin du Urkulluk.

Lehendakaritzak adierazi du estatu ereduaz ere hitz egin dutela Gasteizko bileran. «Estatuaren lurralde diseinuak konponbide politikoa behar duela azaldu du lehendakariak, eta beharrezkoa dela eredua erreformatzea, errealitate plurinazionala aintzat hartuta. Biek [Urkulluk eta Iglesiasek] erreformaren beharra partekatua dute, eredu konfederala/ federala oinarri hartuta».

Lehendakaritzak oharrean esan du gai ekonomikoez (Naval) eta sozialez, eta EAEko estatutu politiko berriaz ere hitz egin dutela bi ordezkariek.

Amaya Fernandez EAEko PPko idazkari nagusia Urkulluren eta Iglesiasen arteko bileraren aurka mintzatu da. Esan du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren «ordezkari» modura etorri dela Gasteizera Iglesias, estatuko kontuak aurrera ateratzeko asmoz. «Aurrekontu horiek txarrak dira Euskadirentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.