Katalanen auziari antza ikusten diote

'Bateragune auziko' kideek diote Espainiak bere batasunerako «manipulatu» egiten duela Justizia. «Haustura demokratikoa» eskatu dute
Jacinto, Rodriguez, Diez eta Zabaleta, atzo, Donostian.
Jacinto, Rodriguez, Diez eta Zabaleta, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2018ko azaroak 8
Herenegun, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auziko epaia atera ondoren, Euskal Herriko hainbat eragileren deiak ez ezik, Kataluniako erakunde independentisten ordezkari esanguratsuenak ere jaso zituzten auzian zigortutakoek. Arnaldo Otegik, adibidez, jakinarazi du «solasaldi atsegin bat» izan zuela Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta erbesteratuarekin. Bai katalan independentistek bai Bateragune auzikoek ikusten diote gatazkari antzekotasunik. Hala, Kataluniako gatazka Bateragune katalana dela esan du Arkaitz Rodriguez auziko kide eta Sortuko idazkari nagusiak: «Buruzagi independentista kataluniarren aurkako prozesuak gure aurka erabili zuten prozesuaren ezaugarri eta helburu berberak ditu. Bateragune katalana dela esan dezakegu». Eta hori da, haren esanetan, kasuan-kasuan «kontakizun faltsu bat eraiki» eta «Justizia manipulatzea Espainiaren batasuna defenditzeko». Ondorioz, Rodriguezek beharrezko ikusten du «haustura demokratikoa». Bateragune auziko Sonia Jacintorekin, Rafa Diezekin eta Miren Zabaletarekin batera prentsaurrekoa eman du, Donostian, Europaren ebazpena baloratzeko. Beste zigortua, Otegi, atzo ere Bruselan izan zen, GUE-NGL Europako ezkerreko alderdiak antolatutako jardunaldietan parte hartzeko.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi du Bateragune auziko kideek ez zutela bidezko epaiketarik izan Espainiako Auzitegi Nazionalean, Angela Murillo epaimahaiburua ez baitzen «inpartziala» izan. Rodriguezek azaldu du sententziak «egiaztatu» duela 2009ko urrian beren atxiloketaren eta kartzelatzearen bidez ezker abertzalearen estrategia aldaketa trabatzen ahalegindu zela Espainiako Estatua. «Estrategia politiko-militar bat zena estrategia politiko eta demokratiko huts bihurtzea oztopatu nahi izan zuen. Azken batean, ahalegina egin zuen oztopatzeko herri honetan burujabetzaren aldeko gehiengoa politikoki eta instituzionalki eragingarri bihur zedin. Horretarako, kontakizun faltsu bat eraiki zuen, eta, gero, juridikoki jantzi egin zuen».

Sortuko idazkari nagusiak «estatu estrategia» deitu dio horri. «Arazoa ez da Murillo edo [Kataluniako auziko instrukzioaren egile Pablo] Llarena; arazoa estatuaren estrategia osoa da, proiektu politiko jakin baten zerbitzura dagoena. Eta orain, lehen bezala, haren helburua da Kataluniako gizartearen gehiengoaren borondatea neutralizatzea» .

Asteartean Europako Parlamentuan bezala, Otegik atzo ere hizpide izan zuen Kataluniako auzia. Catalunia Radio irratiari emandako elkarrizketa batean adierazi du uste duela Europaren epaia «positiboa» izango dela preso independentista katalanentzat, «[Espainiako] magistratuek orain badakitelako euren sententzia aztertu egingo dela».

Rodriguezek deitoratu du Madrilek ez duela «eskaintza demokratikorik» Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat, eta, ondorioz, «GAL judizialera jotzea» egotzi dio. «Indarkeriara jotzen du, Justiziaren instrumentalizazioa indarkeria baita, legeak helburu politikoekin bihurritzea ere indarkeria den moduan, eta, nola ez, iazko urriaren 1ean [erreferendumean] Katalunian egindakoa ere indarkeria den moduan».

Estrategiak adostu

Espainiako Estatuak Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskubide nazionalak onar ditzan, euskal herritarrek eta kataluniarrek «indarrak batzera» dei egin du Sortuko idazkari nagusiak, baita «estrategiak adostera» ere hauteskundeetan, politikagintzan eta gizartean. «Bakearen, demokraziaren eta justiziaren aldeko borroka hau irabaziko dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna