EH Bilduk Zigor Kodea aldatu nahi du, eutanasia ez zigortzeko

Ekinbide legegile bat aurkeztu du, Eusko Legebiltzarrak proposa dezan araudi aldaketa Espainiako Gorteetan. Lege bat gauzatzea da asmoa

EH Bilduren proposamenaren agiriari argazkia, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Eutanasia arautzeko bidea hasi nahi du EH Bilduk. Ekinbide legegile bat aurkeztu du, Eusko Legebiltzarrak eska diezaien Espainiako Gorteei Zigor Kodea aldatzeko. Kodearen 143.3 artikulua aldatzeko eskatu dute, zehazki: pertsona baten heriotza eragiteko «aktiboki» kooperatu duena ez zigortzea proposatu dute, aurrez zendutako pertsonak «zalantzarik gabe eta modu jarraituan» hiltzen laguntzeko eskatu badu «sufrikario iraunkor» baten ondorioz. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak atzo aurkeztu zuen proposamenak hiru ardatz nagusi ditu. Lehena Zigor Kodearen 143.4 artikulua aldatzea da, eutanasian laguntzen duen pertsona zigortua izan ez dadin. Bigarrena da Espainiako Gobernuak eutanasia arautzeko lege bat bideratzea ekinbide legegilea Kongresuan onartu eta sei hilabeteko epean. Hirugarrenak arreta jartzen du Zigor Kodea aldatu eta legea onartu arteko tartean: hilabete horietan, Espainiako Gobernuak bideak abiarazi beharko lituzke Eusko Legebiltzarraren proposamena gauzatzeko.

Uberak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi gehienek eutanasia arautzearen alde egin dutela Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. PP izan da alde agertu ez den bakarra. Legebiltzarkidearen ustez, jarrera horrek erraztu beharko luke EH Bilduren proposamena tramitatzea. Tramitazio hori ohiko ekinbide legegile baten modukoa litzateke, eta, hori osoko bilkuran onartu eta gero, Espainiako Gorteetara bidaliko lukete, han eztabaida dezaten.

Beste proposamenekin bat

Kataluniako Parlamentuak ere eutanasia arautzeko proposamena bidaliko du Kongresura. 2017an antzeko eskakizun bat bidali zuen, Junts pel Si, PSC, CSQP eta CUPen babesarekin. Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin batera ekinbidea hutsean geratu da. Orain berrabiarazteaz gain, Kataluniako Parlamentuak aztertuko du nola arautu eutanasia eta suizidio lagundua Kataluniako osasun sisteman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.