Koronabirusa

LABek «zaintzarako eredu berri bat» aldarrikatu du

Zahar etxeetako egoera salatzeko bilkura bat egin du sindikatuak, Bilbon. Uste du izurriteak zerbitzu sozialen gatazka «larriagotu» duela

LABeko ordezkariak, atzo, Bilboko Erruki Etxea egoitzaren aurrean. LAB.
Edurne Begiristain.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo Bilboko Erruki Etxea zahar egoitzaren atarian, halakoetan dagoen egoera «larria» salatzeko eta «zaintzarako eredu berri bat» aldarrikatzeko. Sindikatuko arduradun Oskar de los Bueisek bilkuran ohartarazi zuen koronabirusak sortutako osasun krisialdiak «larriagotu» egin duela zerbitzu sozialetan errotuta dagoen gatazka, eta agerian utzi dituela kudeaketa pribatuan oinarritutako ereduaren «kontraesanak». Horiek horrela, premiazkotzat jo zuen zaintza eredua aldatzea eta «eredu berri bat» sortzea lan baldintzak, sistemaren sarbidea eta kudeaketa kontuan hartuta. «Zaintzarako sistema integral bat eraiki behar da, publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa».

COVID-19ak sortutako osasun krisiaren eraginez Hego Euskal Herrian hildako lagunen %40tik gora zahar etxeetako egoiliarrak izan dira, LABeko ordezkariak gogora ekarri zuenez: «Egoitzetako egoiliarra izatea arrisku faktore nagusia bilakatu da. Oso larria da». De los Bueisen iritziz, egoera krudel horren atzean zerbitzu sozialen kudeaketa eta instituzio publikoen ardura dago, azken horiek «ez ikusiarena» egiten dutelako.

Lan esparru bateratua

Zaintza eredu berri baterako neurriak beharrezkoak direla nabarmendu zuen LABeko ordezkariak, eta, besteak beste, zahar etxeen «publifikazio prozesua» abiatzeko proposatu zuen. Adinekoen egoitzetan langile gehiago jartzea eta horien lan baldintzak eta osasunerako eskubidea bermatzea ere galdegin zuen. Halaber, beharrezkotzat jo zuen langileen eta egoiliarren arteko lankidetzaren bitartez indarrak biltzea, eta iragarri zuen datozen egunetan LAB harremanetan jarriko dela sindikatuekin eta eragile sozialekin lan esparru bateratua osatzeko.

Bestalde, ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako egoitzetako langileek bilkura egingo dute gaur goizean Donostian, Gipuzkoako diputazioaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.