Airbnb plataformaren iruzurra salatu du Aldak Miarritzen

Miarritzeko pisu turistikoen herenak ez direla behar bezala deklaratuak salatu du mugimenduak. Manifestazioa eginen dute azaroaren 20an

Miarritzeko pisu turistiko batera sartu ziren atzo Aldako kideak. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Miarritze
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Miarritzeko (Lapurdi) Errepublika karrikako 20 zenbakiko etxe batera sartu ziren atzo goizean Alda mugimenduko kideak. Airbnb plataformak legez kanpo alokatzen duela salatu dute, «ez baita behar bezala deklaratua». 27 metro karratuko etxea da, eta 80 euro balio du gauak. Alda mugimendukoek ostiralera arte alokatu dute, inguruetako herritarrak sentsibilizatzeko, eta hautetsiei galdetzeko behar bezalako neurriak har ditzatela.

Alda mugimenduaren arabera, 5.600 etxe turistiko daude Miarritzen, eta horietarik 3.000 inguru ez dira behar bezala deklaratuak. Izan ere, Airbnb plataformaren webgunean ez da pisuaren erreferentziazko zenbakia agertzen—derrigorrezkoa da—, eta ez dira etxe turistiko gisara deklaratuak. Urte osorako pisu turistikoak, gainera, 1.583 dira Miarritzen: «Tokiko biztanleei urte osorako alokatzeko parada kentzen zaie», salatu dute. Okupatu duten pisuaren kasua «adierazgarria» da, haien erranetan. «Luckey izeneko Airbnb-ren zerbitzu batek kudeatzen du osoki alokatze prozesua, atezaindegi gisako baten bidez. Badakite biziki ongi legez kanpo ari direla». Parisen, erraterako, gisa horretako pisuak alokatzeagatik zortzi milioi euroko isuna pagatzera kondenatu dute Airbnb enpresa.

Protesta gehiago

Etxebizitzaren arazoa «geroz eta larriago» bilakatzen ari da, Aldako kideen ustez. Horregatik, tokiko hautetsiei galdegin diete «behar bezalako» neurriak hartzeko, eta legez kanpo alokatzen diren etxe turistikoen kontrako salaketak jartzeko. Bestalde, Euskal Hirigune Elkargoari galdetu diote «konpentsazio mekanismo bat plantan jartzeko». Alegia, turismorako etxe bat alokatzen duen orok urte osorako alokatze bat ere proposatzea. Egoera salatzeko eta, oro har, «etxebizitzaren krisiari aurre egiteko», manifestazio bat eginen dute datorren azaroaren 20an, Etxebizitza defenda dezagun lelopean, Baionan, 15:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.