Koronabirusa

COVID-19ak bost milioi lagun baino gehiago hil ditu munduan

Denera, 246,9 milioi herritar baino gehiago gaixotu dira. Nazioarteko txertaketa prozesuaren «porrota» salatu du NBEko idazkari nagusiak

Erizain bat txertoa emateko prest, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
«Bost milioi heriotzak abisu bat dira: ezin da arreta txikitu». Hala adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek, Johns Hopkins Unibertsitateak datua publiko egin bezain pronto. Guterresen esanetan, egoera txertaketa prozesuaren «porrot bat» da.

Munduan, 246,9 milioi pertsona baino gehiago kutsatu dira COVID-19arekin, eta horietatik bost milioi lagun baino gehiago hil dira, Johns Hopkins Unibertsitateak eginiko kontaketaren arabera: 2,3 milioi Amerikan, 1,4 milioi Europan, 693.000 Asia hegoaldean, 301.000 Ekialde Hurbilean, 150.000 Afrikan, eta 129.000 Asia ekialdean. Kopururik handiena erregistratu duen herrialdea, berriz, AEBak dira: 745.800 heriotza. Txertaketarekin hasten lehenetakoak izan ziren arren, prozesua dezente moteldu da azken hilabeteetan, eta aldaera berriak azkar zabaldu dira; azken 28 egunetan 43.000 heriotza baieztatu dituzte.

Elkartasun eske

Begirada beste nonbait jarri beharra nabarmendu dute, baina, Guterresek eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak: mundu mailako txertaketa prozesuaren desberdinkeria salatu dute, eta elkartasunerako deia egin. Izan ere, jarritako 7.000 milioi dosien %80 diru sarrera ertain eta handiak dituzten herrialdeetan eman dituzte, horietan munduko biztanleriaren erdia baino gutxiago bizi den arren. Hainbatetan abiatu dute herritarrei dosi gehigarri bat jartzeko prozesua ere; Afrikan, berriz, herritarren %5ek besterik ez dute hartu pauta osoa.

Guterresek mundu mailako liderrei eskatu die OMEk aurkeztutako txertaketa estrategiari babesa adierazteko: «Herrialde guztietako biztanleen %40ri jarri behar diegu txertoa urtea amaitzen denerako, eta %70ri 2022 erdialderako». Era berean, gogoratu du hainbat eremutan murrizketak arindu diren arren ezinbestekoa dela «neurri eraginkorrei» eustea; esaterako, maskararen erabilera eta urruntze soziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.