Pilar Lekuona. Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakaria

«Zer egin nahi duten gure profesioarekin: hori da gure kezka»

Gaur erizainen nazioarteko eguna da; izurriak utzitako nekeak agerikoak dira arloan. Kezkez ere ari da Lekuona: beren lana aintzat hartua izateko eskeak atzenduta ikusten dituzte, eta «pribatizaziorako» joeren mende.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakari Pilar Lekuona (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) izurriaren harira usu mintzatu da hedabideetan; egin behar izan diren lanez, izan dituzten zailtasunez. Orain, pandemia aurretik plazaratuta zituzten aldarriei erreparatu nahi die, arduratuta, ikusten baitu ez daudela osasun agintarien lehentasunen artean. Erizainen nazioarteko eguna da gaur, egun egokia eskari horiek aletzeko. Zahar etxeetako egoerara so, beti izaten du begirada zoli, arlo horretan espezializatutako profesionala baita.

2020a erizainen nazioarteko urtea izan zen. Urtea hasterako, Txinan hedatzen ari zen birus baten susmoa hor zen; aurki pandemia heldu zen. Zelan zaudete hilabeteon ostean?

Oraintxe bertan, gure kezka da politikariek, administrazioak zer dakiten gutaz, eta zer egin nahi duten gurekin, gure profesioarekin. Uste genuen dena esanda zegoela, baina ikusten dugu ezetz, eta, gainera, isiltasun handia dago. Asteon jakin dugu, adibidez, diru bat jarriko dutela karrera profesionalaren aitortza egiteko, baina hori soilik izango da Osakidetzan ari diren langileentzat; beste guztiak, lantokietan, eta zahar etxeetan-eta gaudenok adibidez, kanpoan geratuko gara. Eta ez dakigu ezer. Gutxienez 2020an bagenekien estrategia batzuk zeudela: etorkizunerako begirada bat ikusten genuen.

Izurriaren aurretik preskripzioari lotuta-eta lortu zenituzten hainbat lege aldaketa, zuek ere botikak errezetatzeko modua izateko. Uste duzue hor izoztuta geratu zirela zuen aldeko neurriak?

Erabat. Baina horretan ere, preskripzioan, preskriba ditzakegun botika eta produktu sanitarioei dagokienez, asko definitu gabe daude. Beraz, bai, lortu da Jaurlaritzak bere ardurak hartzea, egin behar zituen egiaztagiri guztiak egitea, eta erizain askok ja preskripzioa dute, baina eboluzioa? Praktika klinikorako gidak, esaterako, zer egoeratan preskriba dezakegun adierazteko, edo zertan kolaboratu ahal dugun zehazteko, oraindik ere itxi gabe daude. Badakigu oso okupatuta egon garela izurriarekin, baina...

Geldirik ikusten duzue dena...

Bai, orokorrean. Badago halako adostasun bat autonomia erkidego guztietan, gainera. Eta gertatzen ari denak asko kezkatzen gaitu. Izan ere, oro har, osasun publikoa behera ari da, erritmoa ez da berreskuratzen, eta sektore pribatua, berriz, egundoko erritmoan ari da. Eta hor badugu kezka bat: zer egin nahi da osasun publikoarekin? Edota zer egin nahi da zaharren egoitzetan? Zeren eta hor ere begira zenbat pertsona hil diren, eta, eredu berri batean pentsatzean, ez dituzte buruan egun egoitzetan ditugun egoiliarrak, baizik eta orain dela 30 urtekoak. Maletarekin heltzen ziren orduan asko, egoitza hartan zaintza nahi zutela esaten.

Gaur egun, berriz, oso mendekoak dira asko, ezta?

Bai, eta oso kasu konplexuak izaten dira. Eta atzean normalean familia bat egoten da zahar etxera iritsi dena etxean ezin duelako zaindu pertsona hori.

Zahar etxeetan izaten dira erizainak, baina askotan zail izaten da zentro horietara erakartzea, ezta? Osasun sistema publikoan baldintza hobeak dituzte...

Erabat. Gainera, ikusi denarekin, jendeak ez du joan nahi zahar etxeetara lanera. Ardura handia da, baina, gero, han jarduteak ez du balio lan eskaintza publikoetarako, karrera profesionalerako ez diote aintzat hartzen han egiten duen lana... Gaudenak hemen gaude benetan maite dugulako geriatriarekin lotutako lana, baina gorriak eta bi pasatzen ari gara jendea lortzeko. Hala ere, prekaritatea denean dago; Osakidetzan lan egiten duenak ere ez du askotan toki finkorik. Eta gutxienez egutegiak eta errespetatuko balira...

Hori ere ez da konplitzen?

Behin-behinekotasunak sarri esan nahi du beti telefonoarekin ibiltzea, dei bat noiz jasoko. Gainera, tokatzen zaizun zerbitzura joan behar duzu. Erizainok espezializatuta gaude, baina nola oro har ez den aintzat hartzen espezializazioa, igual tokatzen zaizu lehen arretara joatea, edo pediatriara, edo kontsultetara... ZIUetara edo operazio geletara, oro har, trebetasun jakin batzuk dituzten erizainak joaten dira. Gainerakoan? Tokatzen zaizun tokira.

Aspaldi ari zarete zuen espezializazioak aintzat hartzeko eskatzen, baina aldarri hori hor da oraindik. Medikuaren inguruan ardaztutako antolaketa baten ondorio argia da hori?

Bai, eta, antolaketa horren arabera, badirudi erizainek denerako balio dutela, eta hori ez da horrela. Asko balio dugu guk, baina... Beraz, bai, sentitzen dugu ez gaituztela aintzat hartzen. Hainbeste urte ikasten, espezialitateekin, masterrekin eta abar, doktoratuekin ere badira hainbat, baina hala eta guztiz ere...

Pandemiaren ondoriozko nekeak asko okertu du egoera?

Bai, doluan izaten den eboluzioa igarotzen ari garela iruditzen zait. Eta orain jende askok amorrua du. Ikusiko bagenu egoera onera ari dela... Baina jende askok egunean-eguneko arazoei erantzuten jarraitzen du, eta proiekturik gabe. Eta orduan, nekea? Bada, bai. Ahal izan dutenetan askok erretiro aurreratua hartu dute; tankera horretako erretiroak ugaritu egin dira. Kontrara, gazte asko ikusi ditugu ofizioarekiko erabateko pasioz. Baina, bai, sentipen bat badago, galdera bat: egin dugunak zertarako balio izan du? Ez da ezer mugitu, ez da ezer ere mugitzen ari.

Intrusismoa salatu izan duzue, erizainen lana beste lanbide soslai batzuekin ordezkatzeko joera. Oraindik ere hala al da?

Bada, bai. Ikusten ari gara. Adibidez, adinekoen egoitzetan erizainak falta direnez, egoitzetako hainbat konpetentzia egiteko Lanbidez Heziketako gradu bat atera dute. Baina horiek erizainen konpetentziak dira. Horri normaltasunez begiratu behar zaio? Nola etorriko da norbait guri laguntzera? Guk esango dugu zeinengan delegatu dezakegun gure lana. Baina, tira, hori bera gertatu zitzaigun aurrez laborategietan, erradiologian... Eta orain zahar etxeetako erizainekin?

Lanpostu merkeagoen aldeko hautua egiten dute gehienetan, ezta?

Hori da. Horixe ikusten ari gara.

Eta zuen jardunbiderako eremua gero eta meharragoa da...

Joera hori da. Hori da kezka, eta hori da gure amorruaren arrazoia. Izan ere, harrobia bada, badaukagu jendea lanerako, eta profesional berriak trebatzen ari dira. Baina adi, kanpoan ere erizainak behar dira, eta zenbait erizain atzerrira joaten dira lanera. Sentitu behar lukete beren herrian ere badutela lana, baldintza onetan, eta zaindu egiten dituztela. Baina, oro har, deshumanizaziorako joera dago instituzio guztietan, eta pribatizazio susmoak ditugu: zerbitzu asko pribatizatzen ari dira.

Uste duzu ez dietela begiratzen dauden premiei?

Nik askotan pentsatzen dut: baina ez al dute adineko pertsona bat etxean? Ez al dute paziente kronikorik? Politikariak ez dira zahar etxeetara joan han paseo bat ematera? Zer dagoen ikustera? Gizartea oso minbera geratu da, eta aparteko zaintzak behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.