Landetako baso batean bilatuko dute Naparraren gorpua, gaur

Brocas eta Labrit artean dagoen harizti batean egingo dituzte indusketak jendarmeek. Iazko urrian ireki zuten auzia, froga berriekin

Eneko Etxeberria, Naparraren anaia, iazko urrian eginiko agerraldi batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2017ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Jose Miguel Etxeberria Naparraren (Iruñea, 1958) gorpua bilatzeko lanak hasiko dituzte gaur, Landetan (Frantzia), Baionatik 130 bat kilometrora, Brocas eta Labrit artean, D-651 errepidearen 53-54 kilometroetan dagoen harizti batean. 09:30ean hasiko ditu indusketa lanak Jendarmeriaren talde batek, Laurent Lesaffre koronela buru. Han izango dira, besteak beste, Eneko Etxeberria anaia, Iñigo Iruin abokatua eta Paco Etxeberria auzi medikua.

Espainiako Estatuaren «gerra zikinarekin» lotura izango lukeen pertsona batek Iñaki Errazkin kazetariari emandako informazio batzuetan oinarrituta egingo dituzte bilatze lanak, Mont-de-Marsango epaile Solenne Motylenek aginduta, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatuta. Informazio horietan oinarrituta, iazko urrian ireki zuten Espainian desagerpenari buruzko auzia.

1980ko ekainaren 11tik, inork ez dauka haren berririk. Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen Naparra —ETAtik banandutako talde bat zen KAA—, eta egun horretan hitzordu bat zuen Ziburun (Lapurdi); ez zen agertu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa, baina kasua, bi aldiz auzitegietan izan arren, ez da argitu.

Lehenik, Frantzian ikertu zuten, baina hango Justiziak utzi egin zuen auzia, 1982an. 1999an ireki zuten ikerketa judiziala Espainiako Auzitegi Nazionalean, familiak eskatuta. Hainbat lekuko deklaratzera deitzeko eskatu zuten, baina, horietako batzuei hitza hartu ondoren, 2004an artxibatu zuten auzia. Orain, berriz irekitzeko eskatu dute; auzia ez legoke preskribatuta, gisa horretako ikerketak behin betiko ixteko hogei urte pasatu behar dutelako Espainian. 2014ko azaroan, NBE Nazio Batuen Erakundeak desagertze behartutzat hartu zuen kasua.

Naparraren senideek eta abokatuak Iñaki Errazkin kazetariaren bidez lortu eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi duten informazioan oinarritzen da gorpua bilatzeko eskaera. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Espainiako zerbitzu sekretuekin eta estatu terrorismoarekin ustez lotura izan zuen pertsona batek Errazkini esandakoaren arabera, Naparraren hilotza aipatutako toki horretan legoke. Errazkinek eta Etxeberria auzi medikuak deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzitegian, halaber, familiaren DNA lagin bat dute, egiaztatzeak egiteko.

Testigantza «sinesgarria»

Errazkinek Ismael Moreno epaileari eman zion Naparra lurperatua egon daitekeen lekuari buruzko informazioa eta baita Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohiarena ere —Brasilen bildu ziren, eta haren pasaportearen kopia bat ere badu—. Iazko udan, berriz, Iruin abokatua eta Etxeberria auzi medikua izan ziren leku horretan. Errazkinen datuak tokiarekin bat zetozela berretsi zuten txosten batean, eta hori ere aurkeztu du abokatuak auzitegian. Epaileak «sinesgarritasuna» eman zien informazioei, eta gorpua bilatzeko eskaera egin zion Frantziako Justiziari.

1981ean, BVEk bahiketa bere gain hartu zuenean esan zuen bahitu, exekutatu eta Xantako (Lapurdi) inguruan lurperatu zutela Naparra. Senideak aritu ziren gorpuaren bila, baina ez zuten ezer aurkitu. Handik gutxira, BVEk jakinarazi zuen mapa bat helarazi zuela Baionako suprefeturara, gorpua non zegoen azaltzeko. Gerora, esan zuten bi jendarmek gorpua hartu eta Landetako Akize aldera eraman zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.