Kontrako botorik gabe abiatu dute Polizien Foru Legearen tramitazioa

Geroa Bairen eta EH Bilduren helburua da Foruzaingoa «integrala eta erreferentziazkoa» izatea. PSN eta Ahal Dugu batu dira aldeko botora

Maria Jose Beaumont Nafarroako Barne kontseilaria, atzo, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak aintzat hartu zuen atzo Polizien Foru Legearen tramitazioa. Proposamena presazko prozeduraz ari dira lantzen, eta atzokoa igaro beharreko tramite bat baino ez da; orain, gaiaz eztabaidatu beharko dute Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordean, eta, gero, osoko bilkurara eramango dute berriro legegaia, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko. Egitasmoak ez zuen kontrako botorik jaso; Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-ko ildo ofizialeko parlamentariek eta PSNk babestu zuten hura aintzat hartzea, eta abstenitu egin ziren UPN, Ahal Dugu-ren zuzendaritzarekin kritiko den Orain Bai ildoko lau parlamentariak, PPN eta Ezkerra.

Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuenez, parlamentuak baztertu eta gero Nafarroako Gobernuak alor horretan aurkeztutako aurreko lege egitasmoa, «lanean jarraitu beharra zegoen erakundeari egonkortasuna emango dion Polizien Lege bat lortzeko». Gaineratu zuen oraingo lege proiektuaren helburua dela Foruzaingoa «erreferentziazkoa eta integrala» izatea.

Hain justu, adjektibo horiek erabili zituen Geroa Baiko parlamentari Patxi Leuzak ere. Uste du proposamenak «aro berri bat» islatzen duela, eta beharrezkotzat jo du egitasmoa, «Foruzaingoa modu modernoago batean eta egungo beharretara egokituta antola dadin».

«Egonkortasun» eskaerak

Sergio Sayas UPNko parlamentaria Maria Jose Beaumont kontseilariaren aurka mintzatu zen: «Ezin du minutu bat gehiago egin Foruzaingoaren buruzagitzan, ez baitu sinesgarritasunik, ezta polizia erakundeen eta parlamentuaren errespeturik ere». Halere, azaldu zuen UPNk «arduraz» jokatu zuela tramitazioari oztoporik ez jarrita.

Ruben Velasco Ahal Dugu-Orain Baiko parlamentariaren iritziz, lege proiektuak «hobekuntzak» jasotzen ditu Nafarroako Gobernuak iaz aurkeztutako proposamenaren aldean. Jakinarazi zuen zuzenketak aurkeztuko dizkiotela testuari, baina zalantzan jarri zuen lege proiektua aurkeztu dutenek aintzat hartuko ote dituzten: «Badirudi hau Francok utzitako Espainia baino lotuagoa dagoela».

Inma Jurio PSNko parlamentariak «erantzukizunagatik» babestu du legea tramitatzea, eta uste du «hitz egiteko, eztabaidatzeko eta adosteko garaia» dela, «legearen eraginpean jardungo duten langileen gehiengoak ez dezan araua baztertu». PPNko Ana Beltranek eskatu zuen legeak «Foruzaingoko kideen adostasuna» izan dezala, beharrezkotzat baitu polizien «egonkortasuna». Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, «agerikoa da Polizien Foru Legearen ezaugarria izan dela adostasun politiko eta sindikal zabal baten falta». Horregatik, espero du oraingo saioan lortzea adostasun maila hori, horrek emango diolakoan «egonkortasun juridikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.