Haurren aurkako abusuen preskripzioa geroago hastea nahi du Madrilek

Espainiako Gobernuak lege aurreproiektu batean proposatu du hori. Delitua biktimek 40 urte bete arte epaitu ahal izango da, gutxienez

Adingabeen kontrako abusuak salatzeko ekainean Getxon egindako manifestazioa. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Adingabeen kontrako deliturik larrienen aurkako zigorgabetasuna txikitzeko proposamen bat aurkeztu du Espainiako Gobernuak: biktimak 40 urte dituen arte epaitu ahal izatea, gutxienez. Hauek dira proposamenean jasotako delitu larriak: giza hilketako saiakera, sexu abusuak, denboran iraun duten tratu txarrak eta adingabeen salerosketa. Sexu abusuen kasuan, gaur egun biktimak 18 urte betetzen dituenean hasten da zenbatzen delituak preskribatzeko epea: delitu larrienetan preskribatzeko epea hamabost urtekoa da, biktimak 33 urte bete arte. Madrilek 30 urtera atzeratu nahi du zenbatzen hasteko unea, eta preskribatzeko epeak hamar eta hogei urtera luzatu, delituaren larritasunaren arabera.

Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteko Espainiako Lege Organikoaren aurreproiektuan jaso dute proposamen hori. Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen testu hori, hainbat elkarterekin eta eragilerekin bildu ondoren. Proposamenak oraindik ere bide luzea egin beharko du Espainiako Kongresura heldu eta onartuko duten edo ez argitu arte.

Lege aurreproiektuak adingabeen aurkako indarkeriaren definizio zabala jaso du. Tratu txar fisikoak, psikologikoak eta emozionalak biltzen ditu araudiak. Halaber, Interneten bitartez gertatzen diren jokabide batzuk delitu gisa jaso ditu: besteak beste, adingabea bere buruaz beste egitera bultzatzea, sexu delituak egitea eta elikadura nahasmenduak sustatzea.

Lege aurreproiektuak Espainiako 11 lege araudi aldatzea ekarriko luke. Justiziaren alorrean eragin berezia izango luke. Hain zuzen ere, gaur egun auzibideetan atzemandako hutsak zuzendu nahi dituzte: adingabeak behin baino gehiagotan deklaratu behar izatea, kasurako. Epaileen etengabeko formakuntza ere jaso du testuak, baita biktimaren senideek deklaratu behar izatea ere, delituaren lekuko izan direnean —egun, ez dute egin behar—.

Azkenik, legeak zeharkako izaera aitortu nahi die adingabeen kontrako indarkeria desagerrarazteko neurriei. Haurtzaroa «babestu beharreko ondare» izatea proposatu du. Adingabe bat babesgabe, arriskuan edo indarkeria jasaten ikustean, edozein pertsonak ezagutarazi beharko dio «eskumena duen autoritateari».

Legeak, berme ekonomikoa

Adingabeen eskubideen alde lan egiten duten hainbat erakundek txalotu egin dute Espainiako Gobernuaren proposamena. Save The Childrenek ontzat jo du, baina gaineratu du espero duela lege aurreproiektuak «berme ekonomikoa» izatea bertan jasotako neurriak garatu ahal izateko. Save The Childrenek 50 urtera arte atzeratu nahi zuen preskribatzeko epea zenbatzen hasteko adina. Gobernuak 30 urteren alde egin arren, justizia lortzeko balioko duela iritzi dio.

Unicefek nabarmendu du ardura kolektiboa «funtsezkoa» dela adingabeen aurkako indarkeria desagerrarazteko. Gaineratu du bortizkeria hori «maiz» eremu pribatuan gertatzen dela. Azkenik, Plan Internacional elkartearen iritziz, «asmo handiko» legea izango da, onartzen bada. Dena den, onartu arteko prozesuan hobetu dezatela eskatu die alderdi politikoei, genero ikuspuntua zeharkakoa izan dadin legean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.