N-121 errepiderako neurri eske ari diren eragileak hartu ditu Unai Hualdek

Olagueko istripuan hildako gazteen etxekoekin eta errepide inguruko udaletako buruekin batzartu da Nafarroako Parlamentuko presidentea

Unai Hualderekin izandako bilera, atzo. BERRIA.
arantxa iraola
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hilaren 11n Olague parean (Nafarroa) gertatu zen istripuak agerian utzi zuen N-121 errepidea zer arriskutsua den: bi gazte hil ziren, Mikel Manzano eta Xabier Taberna. Horiek horrela, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek atzo bilera bat egin zuen hildakoen senitartekoekin eta errepide inguruko udaletako buruekin: Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Etxalar, Ezkabarte, Doneztebe, Baztan eta Anueko udal ordezkariak han ziren. Istripuak saihesteko «berehalako neurriak» eskatu zituzten.

Izan ere, kopuruak kezka eragiteko modukoak dira, eta aspaldikoa da segurtasunaren aldeko aldarria. 2010etik 2019ra 31 pertsona zendu dira errepide horretan. Hamarkada hasi zenetik, gainera, ia urtero handitu da ezbeharren ondorioz hildakoen kopurua. Zaurituak ere izan dira: larri zauritutako 69 pertsona, eta arin zauritutako 222. Hualdek konpromisoa adierazi zuen legebiltzarreko taldeek lehenbailehen errepidearen gaineko neurriak aztertzeko lan saio bat egiteko.

Errepidea zabaltzeko egitasmo bat bada: 2+1 tankerako errepide bat egin nahi dute; alegia, norabide bakoitzeko errail bana, eta erdiko lerro gehigarri bat, ibilgailuen arteko aurreratzeak errazteko. Baina eskualdean ez dute argihorrek zenbateko hobekuntza ekar dezakeen, eta, gainera, horren zain egon gabe ere, esku hartzeko nahia agerikoa da. Ozen mintzatu dira hildakoen senitartekoak egunotan, eta proposamen zehatzak egin dituzte; Mikel Manzanoren gurasoek, hain zuzen ere, errepideko zirkulazioa urritzeko eskatu dute; gogora ekarri dute Belateko tunelean obrak egin zirenean trafiko astuna mugatu egin zela errepidean, eta horrek nabarmen hobetu zuela egoera. Beraz, halako neurriren bat berriz hartzeko eskatu dute. «Gure semea ez da itzuliko, baina, gutxienez, hau ez dakiola beste inori gerta», esan zuen lehengo astean Arantxa Altunak, Manzanoren amak, BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean. Eskari hori gogoan hartuta, Geroa Baik Nafarroako Gobernuko zerbitzu juridikoei eskatu die aztertzeko zer bide jorra daitekeen.

Nafarroan izan dira egunotan ezbehar larri gehiago. Lizarran, ostiralean autobus batek izandako istripuaren ondorioz, bi ume hil ziren. Txibite presidenteak laguntza osoa eskaini dio sendiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.