Koronabirusa

Europako Batzordeak adierazi du hilaren 27an hasiko dela txertaketa

Espero da Europako Botiken Agentziak astelehenean ematea oniritzia txertoari. Esan dute ez dela estatu kide guztietan aldi berean hasiko

COVID-19aren aurkako txertaketa hilaren 27an hasiko da. Irudian, txertoaren dosi batzuk, ontzi batean. THAIS LLORCA / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Hilaren 27an: COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina noiz hasiko den iragarri zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, sare sozialen bidez. «Hilaren 27an, 28an edo 29an hasiko da txertaketa», idatzi zuen Twitterren. Izan ere, datorren astelehenean dira egitekoak, hilaren 21ean hain zuzen, Pfizer eta Biontech botika etxeek koronabirusaren aurka garatu duten txertoa onesteko bilera, EMA Europako Botiken Agentzian, eta, bilera horretan oniritzia ematen badiote, txertoak jartzen hasteko prozesua lehenbailehen jarri nahi du martxan Europako Batzordeak.

Abiadura bizia hartu du azken hilabeteotan botika konpainiek izurriari aurre egiteko txertoa bilatzeko lehiak, eta, orain, txertaketa prozesuak ahalik eta azkarren martxan jarri nahian dabiltza administrazioak ere. Erresuma Batua izan zen aurreneko herrialdea txertoa onesten eta jartzen: abenduaren 8an jarri zituen lehen dosiak. Asteon, Ameriketako Estatu Batuetan hasi dira txertaketarekin, eta Europako Batzordeak ez du atzean geratu nahi. Hasieran, abenduaren 29rako iragarrita zegoen Europako Botiken Agentziak txertoari onespena emateko batzarra, baina aste honetan iragarri dute bilera aurreratzeko asmoa.

Txertaketa Europako Batasuneko herrialde guztietan aldi berean abiatu nahi duela azaldu zuen Europako Batzordeko presidenteak: «Izurria amaitzeko, biztanleen %70 txertatzea lortu behar dugu. Itzela da erronka; beraz, has dezagun lehenbailehen txertaketa, elkarrekin».Eric Mamer Europako Batzordeko eledunak, ordea, zehaztu zuen Bruselarentzat garrantzitsuena ez dela txertaketa kanpaina estatu guztietan egun berean hastea, baizik eta pandemiari aurre egiteko «ahalegin partekatu bat» egotea. «Europako Batasunaren tamaina eta dauden egoera ezberdinak aintzat hartuta, zentzuzkoagoa da kanpaina abiatzeko zenbait egun edukitzea». Hori bai, txertaketa abenduaren 27an hasiko dela ziurtatu zuen.

Seigarren txertoa

AEBetako Pfizer laborategiak eta Alemaniako Biontech botika ekoizleak elkarlanean garatu duten txertoaren 200 milioi dosi eskuratzeko hitzarmena sinatua du Europako Batasunak horiekin. Astrazeneca-Oxford, Johnson & Johnson, CureVac eta Modernarekin ere akordioak sinatuak ditu Europako Batzordeak. Eta atzo iragarri zuen COVID-19aren aurkako beste txerto bat eskuratzeko kontratu berri bat egitekotan dagoela: Novavax konpainiaren txertoarekin. Europak 100 milioi dosi erosiko ditu, eta beste 100 milioi eskuratzeko aukera ere izango du.

Horrenbestez, Europako Batasunak eskura izango lukeen seigarren txertoa izango litzateke Novavaxena. Hala ere, gaur-gaurkoz Pfzer-Biontech eta Moderna konpainiek bakarrik eskatu diote Europako Sendagaien Agentziari euren prototipoak aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.