Josu Etxaburu. Gure Esku-ko eleduna

«Burujabetza inoiz baino biziago dago, beste izen batzuekin»

Laster aurkeztuko du Gure Esku-k Itsasargia, «datozen urteetarako» proposamen eguneratua. Etxaburuk dio autodeterminazioa ez dagoela hedabideen agendan, baina egunero azaltzen dela beste era batzuetara.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ekainetik du martxan Gure Esku-k Itsasargia prozesua, «burujabetzaren bidean jauzi bat egiteko asmoz». Josu Etxaburu bozeramaileak (Ondarroa, Bizkaia, 1961) esan du «ildo ahalduntzaileari eta mobilizatzaileari» eutsiko dietela, baita akordio zabalen aldeko apustuari ere. Martxoaren 25ean aurkeztuko du Gure Esku-k proposamen politiko eguneratua. Hura osatzeko, bihar dute eztabaida saioa, Bilbon, 18:30ean.

Nola doa Itsasargia prozesua?

Itsasargiaren hasieran argi idatzi dugu «Hamar urte baino ez», denbora asko dirudien arren oso urte gutxi direlako burujabetza prozesuak garatzeko eta burura eramateko. Gure hamargarren urteurrenean geldialditxo bat egin dugu, baina ez hausnarketa luzerik egiteko; behar den denbora baino ez dugu nahi indarra hartzeko atzera, orain arte zer den balekoa identifikatzeko.

Gizartea asko aldatu da hamar urtean. Errealitate berrira egokitu behar zuen Gure Esku-k?

Euskal gizartea dezente aldatu da, bai; pandemian asko aldatu da, baina aurretik ere aldatua zegoen oso, gizarte gisa eta norbanako gisa. Indarberritzeko eta ideiak partekatzeko egin dugu prozesu hau, datozen urteetarako Gure Esku-ren lan ildoak zein izango diren erabakitzeko, norabidea, antolakuntza eta beste.

Atzera begira ari zarete, aurrera nola begiratu zehazteko. Zertan asmatu duzue eta zertan ez?

Ez gara egiten ari ariketa nostalgiko bat. Duela hamar urte, beste gizarte bat genuen; denok dakigu nondik gentozen, eta duela hamar urte ez zela erraza erabakitzeko eskubideaz hitz egitea. Gaur, ostera, eragile subiranista askoren diskurtsoak daude, eta hor aleren bat jarri dugula uste dut, erabakitzeko eskubideaz naturaltasun osoz hitz egiten dugulako orain, eta izaera demokratikoa duen gauzatze bat dela azpimarratuz, gainera. Lorpen ederra da gatazkarako gaia zena erronka demokratikoa bilakatzea.

Erratu duzue ezertan?

Kontua da hau ez dela bukatu. Asmatu dugula baino gehiago, asmatzen ari garela esango nuke; hain zuzen, desberdinen arteko elkargune bat izaten asmatzen ari gara. Batera edo bestera pentsatu, erabakitzeko eskubideaz aterki handi horren azpian lasai eztabaidatzeko gunea gara. Oso polarizatua dagoen gizarte batentzat dezenteko lorpena da hori. Eta, horrekin batera, handia da adostasunaren oinarriari balioa ematea ere, desberdinen adostasunari.

Gizarteak burujabetza antzemateko moduan jauzi nabarmenik izan al da urteotan?

Baietz esango nuke, plazaratzen ari garelako zein garrantzitsua den ez bakarrik burujabetza formala. Euskal herritar gehienek eremu formalarekin lotzen dute Gure Esku, libreki erabakitzeko estatus politikoarekin, baina jauzi bat egin dugu tokian tokiko burujabetzen garrantzia azaleratzean.

Kataluniako prozesuak Gure Esku-ren iragana baldintzatu du. Geroa ere baldintzatzen ari da?

Uste dut asmatu genuela Kataluniako prozesuaren garaiko jardueran, bi herri desberdin izanda ere nahi bera dugulako: gure etorkizun politikoa libreki erabakitzea.

Sekulako talka gertatzen ari da Kataluniako eragile politiko subiranisten artean. Nola eragingo dio horrek guztiak Gure Esku-ren estrategiari?

Prozesu subiranistek beti dute eragina herri desberdinetan gertatuta ere, katalizatzaile lana egiten baitute. Adibidez, Eskoziaren erreferenduma hauspoa izan zen beste prozesu batzuentzat. Kataluniak, ordea, gure estrategia ez du gehiegi lotu, beste herrietan dauden dinamikak haienak direlako. Pentsa daiteke Kataluniakoa ondo atera izan balitz hurrenak gu izango ginela, baina errealitateak erakutsi digu hori ez dela horrela. Hemen ez dago ilaran egoterik burujabetza lortzeko.

Zer erakutsi du, orduan, Kataluniakoaren eboluzioak?

Bagenekien zerbait: aukera bat agertzen denean, 2017ko urriaren lehenean Katalunian gertatu zen moduan, benetan garrantzitsua dela euskal herritarrok jakitea non egon behar dugun. Hori da gure benetako lana. Kanpotik datozen olatuak alde badatoz, hobe, baina guk gure bidea egin behar dugu, eta momentua iristen denerako herritarrok non egon behar dugun jakitea da oinarrizkoena.

Katalunian gertatu den guztiak ez ote ditu desanimatu euskal subiranistak?

Euskal herritarrongan geratu den oihartzuna irudiek osatzen dute. Lehen irudiek, botoa ematearenek, poztasuna ekarri dute, eta gerokoek, Espainiako Estatuaren errepresio bortitzarenek, tristura. Azken hori bakarrik hartzen badugu kontuan, dena porrota izan dela pentsa dezakegu, baina, aitortuta ere subiranistek ez zutela nahi zutena lortu, prozesuan zenbat ikasi den ere azpimarra daiteke. Batzuetan, irabazi egiten da, eta gehienetan, ikasi.

Kataluniak eta, bide batez Euskal Herriak, ez al dute ikasi subiranismoaren aurkako murrua nekez botako dela demokraziarako deien bidez?

Jakin badakigu estatu zaharrek beren botereari eutsi nahiko diotela; ostera, XXI. mendeko Europa beste ikusmira bat lantzen joango da, eta sinetsita gaude izango dugula leku bat hor.

Gure Esku-k ez du nabaritu alderdien, erakundeen eta eragileenestrategian aldaketa bat Katalunian jazotakoa eta gero?

Beren jarrera aldaketari buruz erakunde horiei galdetzea litzateke onena, aldaketarik izan bada behintzat. Baten batek esan dezake lehen baino urrunago gaudela, baina mugimendu subiranistaren aldekoen urrats bakoitza beste herrien autodeterminaziorako urrats nabarmena da.

Hauteskundeak badatoz, eta ez du ematen burujabetzak toki handia duenik alderdien agendan.

Herritarrok ez gaude hauteskundeetan; erabakitzeko eskubidea ezin da izan alderdien arteko ika-mikarako gaia edo edukia. Maiatzaren ondoren, eta Espainiako Kongresurako irabazleak direnak direla ere, haien ardura izango da herritarron eskaerei erantzutea.

Alderdien eta hedabideen agendan ikusten duzu autodeterminazio eskea?

Aitortu behar da erabakitzeko eskubidea ez dagoela hedabideen agendan, ez behintzat izen horrekin. Agian aitortu behar da ez gaudela momenturik indartsuenean, baina bi giza katetan 150.000 lagun elkartu bagara, esan nahi du jende horrek hortxe dirauela. Izan ere, gurera datozen etorkinei zer-nolako harrera egin nahi diegun guk erabaki nahi dugu, edo kanpotik aginduta etortzea? Burujabetza inoiz baino biziago dago, beste izen batzuekin; gu horretaz ohartzea falta da.

Itsasargian jasoko diren ildoei begira, zer aurrera dezakezu?

Ildo ahalduntzaileari eta ildo mobilizatzaileari eutsiko diegu. Pirinioetako 300 gailur argiztatzetik gatoz, eta Arantzazuko adierazpena Eusko Legebiltzarrean erregistratzetik. Bi lerro horiek aurrera egingo dute. Gainera, Gure Esku eragile subiranista dela jasoko dugu esplizituki, eta beste oinarrizko aldagaia izango da herri akordio zabalen aldeko apustua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.