HABEk espero du 35.000 ikasletik gora edukitzea ikasturte berrian

B1 eta B2 mailak egiaztatzeko deialdi irekia da berritasun deigarrienetarikoa; aurki irekiko da matrikula epea. 103 euskaltegi; 1.400 irakasle

Jaurlaritzako eta aldundietako buruak, atzo, ikasturtea aurkezteko ekitaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2016ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Erruz hitz egin izan ohi da iragan urteotan euskaltegietako ikasle kopuruaren beherakadaz. Baina egoera bere onera itzultzen ari dela ohartarazi dute hainbat aldagaik, eta horixe berretsi nahi izan zuten atzo HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko ordezkariek ikasturte berria hasteko Donostian egin zuten agerraldian. Eta agerian utzi zuten zein helburu duten: ikasturte berrian 35.000 ikasleko kopurua gainditzea da asmoa. Aurreko ikasturteetatik —34.618 izan ziren iazkoan; 33.500 aurrekoan— gorako koska bat espero dute, beraz. Xede horrekin, 103 zentro prest daude ikasturtea hasteko; 39 publikoak dira, 64 homologatuak. Horietan, 1.400 irakasle. Ikaslerik falta ez dadin, matrikulatzera deitu zuten atzo Donostiako ekitaldian Jaurlaritzako, foru aldundietako eta euskaltegietako buruek: bat eginda. Oroitarazi zuten hil bukaera arteko epea dagoela izena emateko.Urrian hasiko dira eskolak.

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte hantxe izan zen. Euskaltegietatik urtero 4.500 euskaldun berri irteten direla nabarmendu zuen. Goraipatu zuen horien garrantzia euskara biziberritzeko. «Beren bizitzan euskaraz moldatzeko gai diren hiztun berriak» ugaritu ahala, euskaraz jarduteko aukera berriak irekiko direla oroitarazi zuen. Eta onartu zuen bide horretan zinetan garrantzitsua dela administrazioen konpromisoa: «Etxean edo eskolan euskara eskuratzerik izan ez duten herritar elebakarrei elebidun bihurtzeko aukerak eta erraztasunak eskaini behar dizkiegu. Horretarako, euskaltegien sistema sendoa behar dugu».

Eta, hain justu, atzoko agerraldian gogora ekarri zuten iaz HABEren euskara mailak edo baliokideak gainditu zituzten ikasleentzako laguntzak eskatzeko epea irekita dagoela, eta aurten %25 haziko dutela, hain zuzen ere, ikasleentzako laguntza zuzenetarako diru kopurua: 1.250.000 euro bideratuko dituzte deialdirako. Urriaren 5era arte zabalik egongo da horiek eskatzeko epea.Gehienez ere 125-550 euro arteko laguntzak dira, mailaren arabera. Horien helburua da dirua ez «eragozpen» izatea euskara ikasi nahi duten herritarrentzat.

Mailarik apalenen alde

HABEren urteotako beste helburu bat da euskara maila apalenei ere dagokien aitortza ematea. Xede horrekin iaz A1 eta A2 egiaztagiriak —euskararen hastapeneko ezagutza mailak egiaztatzeko sortuak— ematen hasi ziren; 3.262 ikaslek lortu zuten maila horietan duten ezagutza egiaztatzea. Aurten, berriz, B1 eta B2 mailak egiaztatzeko deialdi irekia jarriko dute martxan lehenengo aldiz; matrikula epea, hain zuzen ere, irailaren 16a eta 22a bitartean egongo da irekita. Maila horiek guztiak Euskararen Gaitasun Agiri EGAren —C1 mailaren parekidea da— azpikoak dira, eta hauspotu egin behar direla oroitarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak atzo Donostian. «Euskarak maila guztietako hiztunak behar ditu hizkuntza bizia izateko».

Ikasturte berria aurkeztearekin batera, aurrekoko hainbat datu jakinarazi zituzten atzo HABEko buruek. 34.618 ikasleen soslaiari begira, badira datu aski deigarriak. Gehienak, esate baterako, andrazkoak izan ziren: 22.429. Mailarik apalenetan aritu ziren ikaslerik gehienak. A1ean 5.398. A2an 4.637. B1ean 5.536. B2an 7.769. Aintzat hartzeko modukoa da EGA titulua eskuratzeko mailako eskolak jasotzen aritu ziren ikasleen kopurua ere: 9.962.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.