Eusko Jaurlaritzak eskubideak ukatu dizkiela esan dute etxeko langileek

Gobernuak sektorearen egoera ikertzeko zeukan epea amaitu dela salatu dute. Beste beharginen eskubide berak eskatu dituzte

Begiak ixten dituen tximinoaren ikurrarekin irudikatu zuten Jaurlaritza pankarta batean etxeko langileek. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Etxeko Langileen Elkarteak uste du Eusko Jaurlaritzak ez diela eskubiderik aitortu gura etxeetan behar egiten duten pertsonei. Salaketa hori arrazoitzeko, hainbat adibide ipini zituzten atzo, gobernuak Bilbon duen egoitza parean egindako elkarretaratzean. Besteak beste, salatu dute administrazioak, oro har, ez dituela bete azken urte bietan hartutako konpromisoak. «Ez dira despiste hutsa. Berariaz egin dute», ohartarazi du elkarteko bozeramaile Lorea Uretak.

Joan den otsailean Eusko Legebiltzarrak bederatzi hilabeteko epea eman zion Jaurlaritzari etxeko beharginen inguruko ikerlan bat egiteko. «Langileen egoera eta lan baldintzak ezagutzea zen helburua, baita enplegatzaile diren familien berri izatea ere. Sektorea ezagutu gabe ezinezkoa da hobetzeko hartu behar diren neurriak zehaztea, eta gure sektore hau oso ezezaguna da». Joan den astean bete zen epea, eta oraindik ez dute azterlanik egin.

Lan ikuskaritzak egin beharko luke, eta Uretak esan du «aitzakiak» ipini dituztela. «Esaten dute etxe pribatuetan ezin direla sartu, baina beste kasu batzuetan sartzen dira. Adibidez, mendekotasunerako diru laguntzak jasotzeko, diputazioetako teknikariak lasai-lasai joaten dira».

Era berean, salatu dute etxeko beharginek ez dituztela beste langile guztiek dituzten eskubide berak. Adibidez, kontziliaziorako Enplegu Sailak ematen dituen laguntzak ez dituzte jasotzen, araudiak berak ukatzen dizkielako. Hori aldatzeko eskatu zuten EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen bitartez, baina beste hiru alderdiek bat egin zuten, eta atzera bota eskaera. Laguntza horiek ematea bideragarri den edo ez aztertzeko konpromisoa hartu zuen gobernuak, baina oraindik ez du bete. «Egunotan, datorren urterako aurrekontuak aurkezten ari dira. Oraindik bideragarritasuna ikertu ez bada, esan nahi du aurrekontuetan ez dela jasoko. Beraz, 2018 osoan ere ez digute laguntza hori onartuko».

Segurtasuna eta istripuak

Osalani ere eskaera zehatza egin zion iaz legebiltzarrak: etxeko langileentzako segurtasunerako gida bat egin zezala. Urte eta erdi igaro dela eta ez direla egiten hasi salatu du Uretak. Bide batez, lan istripuekin urtero osatzen duen txostenean etxeko langileen ezbeharrak ere txertatzen saiatzeko eskatu zion. Eta hori ere ez dutela bete nabarmendu du: «Ez dira aintzat hartzen». 2014an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mila langileko 2,4 istripu izan ziren etxeko langileen artean. «Zahar etxeetakoekin alderatzen ditugu, ezberdintasunak badiren arren, gure sektoreko lanarekin lotura duelako. Urte berean mila langileko 24,8 istripu izan ziren. Hainbesteko aldea ez da sinesgarria. Etxean gertatzen diren istripuak ezkutuan geratzen dira».

Osakidetzari ere egin dio kritika Uretak. Azaldu du duela urte eta erdi inguru oraindik bete ez duen konpromiso bat hartu zuela: «Lantokian istripua izan eta osasun zentrora doazenean, etxean egin dutela esatean, medikuak ohiko istripu gisa hartzen du, lan istripu gisa hartu beharrean. Eta horrek ondorioak ditu gizarte segurantzak ordaintzen duen gaixoaldiko sarian». Behargin horien lan istripuak aitortzeko, medikuen artean kanpaina bat egitea hitzeman zuen Osakidetzak.

Uretaren ustez, Eusko Jaurlaritzari «asko kostatzen zaio eskubide berriak aitortzea». Baina ohartarazi du etxeko langileak beste behargin guztiek dituzten eskubide berberen jabe direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.