Jose Luis de la Cuesta. Kriminologoa

«Delitu gehienak ezagunen artean gertatzen dira»

Buru nahaste iragankorrek delitugileak zigortzean duten eraginaz jardun da De la Cuesta. Gizarteak delitugileez dituen aurreiritziez mintzatu da, baina aipatu du sarri biktimak berak ez dakiela delitu bat jasan duela.

Donostia
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Urte luzeetako esperientzia du kriminologiaren eta zigor zuzenbidearen esparruetan Jose Luis de la Cuestak (Donostia, 1955). EHUko udako ikastaroetan parte hartu zuen uztailean, Perfil kriminalak eta delitugilearen jokabideen analisia kurtsoan hitzaldi bat emanez.

Zer da buru nahaste iragankorra?

Buru nahaste bat pairatzen duen pertsonak ezin du errealitatea ulertu, eta ezin ditu bere ekintzak kontrolatu. Psikosi batzuek eragiten dute hori, baina baita kanpo faktoreek ere; esaterako, alkoholak. Buru nahaste iragankorraren kasuan, bereizgarria da nahasmena iraupen laburrekoa dela.

Kriminologiaren barruan, zein kasutan izaten da buru nahaste iragankorra?

Kriminologian, buru nahaste iragankorraren kasurik ohikoena da mozkortuta dagoen pertsona batek delitu bat egitea. Kasu horretan, alkoholaren eragina bukatzearekin batera desagertzen da nahastea. Zenbat eta handiagoa izan alkoholaren eragina, orduan eta txikiagoa izango da pertsona horrek errealitatea ulertzeko duen gaitasuna. Eragin hori bere punturik gorenean dagoenean esaten dugu mozkortuta dagoen pertsona bat ez dela bere ekintzen jabe, ezta erantzule ere.

Zigor zuzenbidean, norbait bere ekintzen jabe izan ez bada, ez da delituaren erantzuletzat joko, eta, beraz, ezin zaio zigor bat ezarri. Hori da buru nahaste iragankorrak dakarren ondorioetako bat. Halere, argi dago ez dela balekoa delitu bat egitea mozkorra egotearen aitzakiapean, zeren pertsona horrek egoera hori aurreikus zezakeen. Bere borondatez erabaki du alkohola hartzea. Beraz, delitugile batek buru nahaste iragankorraren eragina izan duela esateko, aipatzen ari garen kasuan mozkorraldiak ustekabekoa eta eragin osokoa izan beharko du.

Zure ustetan, zuzenbidea ezin da itsua izan. Zer esan nahi duzu?

Esan nahi dut zuzenbidea ezin dela izan soilik legeak irakurtzea. Zuzenbideak bizikidetzarako tresna bat izan behar du. Arauek balio behar dute gatazkak hobeto konpontzeko eta «indartsuenaren legea» eragozteko. Baina, tira, gizarteak ez dira perfektuak, eta zuzenbiderik onena ere ez da gai guztia konpontzeko. Baina horretan lagundu behar du. Dena den, kriminologiarik gabeko zigor zuzenbidea itsua da. Zuzenbideari errealitatetik datozen datuak interesatzen zaizkio, eta normalean datu horiek ezagutza kriminologikoak ematen ditu: gertaerei buruzkoak, delitugileenak, biktimenak, testuinguruarenak... Beharrezkoak dira jakiteko delituaren larritasun maila edo delitugilearen erruduntasun maila zein diren.

Gero eta jende gehiagok du kezka bat: justizia ez dela justua. Legeak aldatu behar dira?

Kontu etikoetan sartzen gara hor.Eta epaileak ez dira etika kontuetan adituak. Nahiz eta horren inguruko formakuntza bat izan, ez dute etikaren inguruko ikasketarik. Beraz, epaia ez da ematen etikaren edo moralaren ikuspegitik; epailearen eginbeharra mugatuagoa da. Oso garrantzitsua, bai, baina mugatuagoa. Adibidez, delitugile batzuk berez pertsona akatsgabeak dira, inoiz okerrik egin gabeak, baina momenturen batean delitu bat egin dute; pertsona horren epaiketa etikoki egingo balitz, agian epaia desberdina izango litzateke, beste gauza batzuk hartuko genituzkeelako kontuan. Uste dut saiatu behar dugula esparru horiek ez nahasten.

Nola epaitzen du justiziak delitu bat?

Saiatzen da justiziari buruz dugun ideiara hurbiltzen. Epaiketan, baloratu behar da gizartearen ongizatearen aurkako eraso bat egon den, eta erantzukizun osoz egin den ala ez. Akusatuak hala egin badu, horren araberako zigor bat ezarriko zaio. Epaileak elementu asko konbinatu beharko ditu horretarako; ez da lan erraza, erabaki behar du legearen zein esparru aplikatu behar zaion akusatuari. Jasotzen duen informazioaren arabera esparru hori zehaztuz joango da. Gero, kontuan hartuko dira delitugileak erasoa egiteko izan dituen arrazoiak, edo gutxienez hark azaldu dituenak. Horren arabera, zigorra gorago edo beherago jarriko zaio, betiere jada aplikatu zaion lege esparruaren barruan. Izan ere, zigorra arinagoa izango da delitua egiteko arrazoia altruista izan bada.

Delitugileak psikopatak direla esaten da askotan. Zergatik?

Oso zabalduta dagoen irudi bat da, gainera. Kriminologiaren esanetan, kartzelak dira delinkuentziaren erakusleiho. Eta argi dagokartzelan ez duzula ikusiko gizarteko sektore aberatsenetako jendea. Kartzelan amaitzen duten pertsonak «gizagaixo» batzuk izan ohi dira. Gizagaixo hitzarekin esan nahi dut laguntza sozialik gabeko jendea dela, zorte txarrekoa, egon behar ez zuten egoera batean egotea suertatu zaiena. Pertsona horiek askotan gabezia sozialak dituzte, eta, batzuetan, pertsonalak ere bai. Are gehiago, batzuek diote kartzela bera dela gabezia pertsonalak, nahasmenduak eta anomaliak eragiteko haztegi bat. Edozein herritarri delitugileak nor diren galdetuz gero, erantzungo du kartzelan preso daudenak direla. Eta hori beti ez da horrela; askotan presoak epaiketaren zain daude, eta gerta liteke nahiz eta kartzelan egon errugabe izatea.

Beraz, kartzela gaizkileekin lotzen da, eta, maiz, gaizkileak psikopatekin. Zergatik lotura hori?

Gizartea lasaitu egiten da pentsatuz gaizkileak kartzelan daudela. Gainera, herritarrei ulertezinak egiten zaizkie gizartean zirrara handien sortzen duten delituak, alegia, pertsonen aurkako delitu larrienak. Horregatik, gertaera horiek ulertu ahal izateko, jendeari laguntzen dio pentsatzeak delitugileak arazoren bat duela edo psikopata bat dela. Horrela, delitugileen kategoria bat sortzen dugu, irudi estereotipatu bat. Esaten dugu: «Jende hori ez gara gu, beste batzuk dira; gu ez gara anormalak». Gezurra da. Kriminologia frogatzen ari da delitu gehienak aurrez ezagutzen ziren pertsonen artean gertatzen direla. Besteak beste, genero indarkeria eta etxeko indarkeria kasuak.

Herritarrek badakite bereizten zer den delitua eta zer ez?

Badakite delitua zer den, baina herritarrek ikusten eta salatzen dutena izozmendiaren punta besterik ez da. Askotan, delituak ez dira epaitegietara ere iristen. Are gehiago, batzuetan biktimek eurek ez dakite delitu baten biktima izan direnik ere. Zenbatetan pasatzen da norbaitek pentsatzen duela diru zorroa galdu egin duela baina errealitatean ostu egin diotela? Pertsona hori kaleko lapurreta baten biktima izan da, berak jakin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.