Tabernetan BERRIA irakurgai jartzeko kanpaina bat hasi dute

Uemarekin batera abiarazi du proiektua BERRIAk, Euskaraldiaren harira. Herritarrek aukera dute adierazteko non irakurri nahi luketen BERRIA
BERRIAko, Uemako eta udaletako ordezkariak.
BERRIAko, Uemako eta udaletako ordezkariak. ANDONI CANELLADA / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 10
Hizkuntza ohituretan eragitea du helburu Euskaraldiak, eta euskaraz irakurtzeko ohituran eragiteko asmoz jarri du martxan kanpaina bat BERRIA Taldeak: taberna gehiagotan euskarazko egunkaria izateko proiektua. Zehazki, herritarren eskura jarri du webgune bat, haiek adieraz dezaten non ez dagoen eta non irakurri nahiko luketen BERRIA, edozein herritan. Behin zerrenda hori osaturik, hilabetez egunkaria doan bidaliko du BERRIAk taberna, kafetegi edo jatetxe horretara; ondoren, sei hilabetean eskaintza berezia egingo die harpidetzan. Gainera, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 24 herritan, udalek jarriko dute dirua harpidetza horren zati bat ordaintzeko.

Euskarazko prentsa herritarren eskura jartzeak zer garrantzi duen gogoratu dute aurkezpenean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak gogoratu du urteotan guztietan ostalari askok jarri dutela irakurgai euskarazko egunerokoa. «Orain bide horretara ekarri nahi ditugu oraindik pausoa eman ez dutenak». Taberna askotan dago hutsunea oraindik, erdal prentsa soilik izaten baitute.

Hain justu ere, Euskaraldiaren bueltan, proposamen osagarri bat egina du Uemak udalerri euskaldunetarako: ahozko erabileratik haragoko arloetan eragitea. Hedabideena da horietako bat. «Oro har euskaraz aritzen garen arren, oraindik ere arlo ugaritan hutsuneak ditugu», azaldu du Josu Labakak, Uemako lehendakariak. «Hedabideena da horietako bat. BERRIA da munduari euskaraz begiratzeko daukagun egunkari nazional bakarra. Bere horretan, arnasgunea da, zaindu beharrekoa».

Euskal prentsa herritarren eskuetan jartzearen garrantziaz aritu da Zelai Amenabarro, Legorretako alkatea (Gipuzkoa). Udal hori da parte hartzaileetako bat: «BERRIA herritarren eskura jarrita, aukera emango diegu Euskal Herria eta mundua euskaraz ikusteko».