Protestara deitu du EHUk, Gasteizen ikasle bati egindako erasoa salatzeko

Ikasle batek salatu du burua estalitako bi pertsonak eraso egin ziotela Arabako campusean. Unibertsitateak «irmo gaitzetsi» du erasoa

EHUren Arabako campuseko Letren Fakultatea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ikasle batek jasandako erasoa salatzeko elkarretaratze bat antolatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Joan den ostiralean egin zioten eraso ikasle horri, Arabako campusean, eta ikerketa ireki du Ertzaintzak. Astelehenean egingo dute protesta, 13:00etan. EHUk ohar batean adierazi du «irmo» gaitzesten duela erasoa. «Bortizkeriak ez du tokirik unibertsitatean, ezta hemendik kanpo ere».

Letren Fakultateko ikasle batek salatu du eraso egin ziotela burua estalitako bi pertsonak. Ikaslea ospitalera eraman behar izan zuten. Ebakuntza egin diote: hautsiak dauzka masailezurra eta sudurra. Ertzaintzako iturriek BERRIAri esan diotenez, beste lekuko batzuen arabera, erasotzaile «gehiago» zeuden.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «erabat» gaitzetsi du erasoa, eta gaineratu du «totalitarismo ariketa» bat izan dela. «Bateraezina da gizarte aurreratu baten ereduarekin». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileari ere ez zaio «ongi» iruditu erasoa. Hala ere, adierazi du eraso hori «arrazoi politikoekin» lotzea «espekulatzea»dela.

Gaitzespena agertu dute Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere. «Gasteizen ez dago lekurik inolako indarkeriarentzat, ezta giza eskubideen urraketentzat ere», esan du alkateak. Ahal Dugu-k salatu du ez dagoela «ez aitzakiarik, ez justifikaziorik» halako zerbait egiteko. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak adierazi du indarkeriaren kontra dagoela, eta «giza eskubideen urraketa oro» salatzen duela.

«Askatasun falta»

Espainiako PPko presidente Pablo Casadok eta Covite elkarteak ere egin dituzte adierazpenak erasoaren inguruan. Casadok ETA aipatu du; adierazi du haren jarduna amaitu den arren «askatasun falta» dagoela, eta «nahi bezala» ibiltzen direla «erradikalak». Covitek, berriz, «ezker abertzaleari» leporatu dio erasoa. «Ezberdin pentsatzen dutenen aurka indarkeria eta larderia erabiltzen dute». Covitek azaldu duenez, erasoaren aurretik elkarrekin egon ziren ikasle hori etaAEDE Espainiaren Batasunaren Aldeko Ikasle Elkarteko kideak, «ETAko kideei sistematikoki egiten zaizkien omenaldiak gaitzesteko». Unibertsitatearen jardunari begira jarri da biktimen elkarte hori: EHUri eskatu dio zigortu ditzala «ezker abertzaleko ikasleek ezarri ohi duten biolentzia eta larderia».

PPren EAEko gazte taldeak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur eguerdian, EHUren Arabako campusean, erasoa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.