Protestara deitu du EHUk, Gasteizen ikasle bati egindako erasoa salatzeko

Ikasle batek salatu du burua estalitako bi pertsonak eraso egin ziotela Arabako campusean. Unibertsitateak «irmo gaitzetsi» du erasoa
EHUren Arabako campuseko Letren Fakultatea, artxiboko irudi batean.
EHUren Arabako campuseko Letren Fakultatea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU

Karmele Uribesalgo Alzola -

2018ko abenduak 6
Ikasle batek jasandako erasoa salatzeko elkarretaratze bat antolatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Joan den ostiralean egin zioten eraso ikasle horri, Arabako campusean, eta ikerketa ireki du Ertzaintzak. Astelehenean egingo dute protesta, 13:00etan. EHUk ohar batean adierazi du «irmo» gaitzesten duela erasoa. «Bortizkeriak ez du tokirik unibertsitatean, ezta hemendik kanpo ere».

Letren Fakultateko ikasle batek salatu du eraso egin ziotela burua estalitako bi pertsonak. Ikaslea ospitalera eraman behar izan zuten. Ebakuntza egin diote: hautsiak dauzka masailezurra eta sudurra. Ertzaintzako iturriek BERRIAri esan diotenez, beste lekuko batzuen arabera, erasotzaile «gehiago» zeuden.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «erabat» gaitzetsi du erasoa, eta gaineratu du «totalitarismo ariketa» bat izan dela. «Bateraezina da gizarte aurreratu baten ereduarekin». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileari ere ez zaio «ongi» iruditu erasoa. Hala ere, adierazi du eraso hori «arrazoi politikoekin» lotzea «espekulatzea»dela.

Gaitzespena agertu dute Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere. «Gasteizen ez dago lekurik inolako indarkeriarentzat, ezta giza eskubideen urraketentzat ere», esan du alkateak. Ahal Dugu-k salatu du ez dagoela «ez aitzakiarik, ez justifikaziorik» halako zerbait egiteko. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak adierazi du indarkeriaren kontra dagoela, eta «giza eskubideen urraketa oro» salatzen duela.

«Askatasun falta»

Espainiako PPko presidente Pablo Casadok eta Covite elkarteak ere egin dituzte adierazpenak erasoaren inguruan. Casadok ETA aipatu du; adierazi du haren jarduna amaitu den arren «askatasun falta» dagoela, eta «nahi bezala» ibiltzen direla «erradikalak». Covitek, berriz, «ezker abertzaleari» leporatu dio erasoa. «Ezberdin pentsatzen dutenen aurka indarkeria eta larderia erabiltzen dute». Covitek azaldu duenez, erasoaren aurretik elkarrekin egon ziren ikasle hori eta AEDE Espainiaren Batasunaren Aldeko Ikasle Elkarteko kideak, «ETAko kideei sistematikoki egiten zaizkien omenaldiak gaitzesteko». Unibertsitatearen jardunari begira jarri da biktimen elkarte hori: EHUri eskatu dio zigortu ditzala «ezker abertzaleko ikasleek ezarri ohi duten biolentzia eta larderia».

PPren EAEko gazte taldeak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur eguerdian, EHUren Arabako campusean, erasoa salatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna