Adingabeen zentroen kudeaketa «zabarra» salatu dute Araban

Sansohetako gatazka zuzentze aldera, gizarte zerbitzuak «berriz antolatzeko» eta «hobetzeko» eskatu diote sindikatuek aldundiari

Sansoheta adingabeentzako zentroa, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek gogor kritikatu dute adingabeak artatzeko Arabako zentroen sarearen kudeaketa. «Iparrik ez» duela hausnartu dute, eta aldundia «adabakiak» jartzera mugatzen dela. Sindikatuek gaineratu dute horrek guztiak eragiten duela Sansoheta eta Bideberria zentroetan dagoen egoera. Lehenengoan, langileen kontrako erasoak izan dira, eta, horren ondorioz, zenbait beharginek gaixo baimena jaso izana. Bideberrian, berriz, adingabeak «pilatuta» daudela zehaztu dute.

Aipatu sindikatuetako dozenaka kidek manifestazio bat egin zuten atzo, salatzeko Arabako Foru Aldundiak modu «zabarrean» kudeatzen dituela zentroak. Diputazioaren ardura da adingabe horiei arreta egokia ematea; ordea, sindikatuen iritziz, administrazioaren «jokabidea axolagabea» da. «Aldundiak ez du adingabeen beharren analisi erreala egiten, ezta zerbitzuen kalitatearena ere», kritikatu du ESK-ko eledun Javier Saenzek. Bideberria zentroaren egoera baliatu du Saenzek, adibide gisa: «Inbutu bat da: jendea sartzen da dituzten beharrak kontuan hartu gabe». Gaineratu du Bideberrian bizi den hori aldundiaren ardurapeko adingabeen zentro guztietan «duela urte asko» gertatzen dela.

Egoera zuzentzeko eskatu diote sindikatuek Arabako Foru Aldundiari, eta gizarte zerbitzu horien hobekuntzen «partaide izateko». Hobekuntza horiek lortzeko, zentroen sistema «berriz egituratzea eta antolatzea» galdegin dute, aurrez aipatutako analisian zentratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.