Iñaki Heras. EHUko Enpresa Antolakuntzako katedraduna

«Ez genuen sortu nahi lerroburu batzuek eragin duten samina»

Fagor Etxetresnen porrotaren arrazoiak aztertu ditu Iñaki Herasek, beste bi lankiderekin batera; azken egunetan hautsak harrotu ditu txosten horrek. Lan hori oker erabili dela aditzera eman du BERRIAn.
BERRIA

Xabier Martin -

2019ko maiatzak 9
Duela bost urte itxi zen Fagor Etxetresnak, eta hango langileak fokuaren azpian jarri dituzte hainbat hedabidek azken egunetan. EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko artikulu bat izan dute oinarrian zuzenki lotzeko enpresa ohiaren giza baliabideetako politika eta porrota. Iñaki Herasek (Donostia, 1968), txosten horren egileetako batek, baztertu egin du porrotaren arrazoi nagusia langileen jarrera izan zela. Enpresa antolakuntzako EHUko katedradunak uste du hainbat direla arrazoiak, eta ezin dela ardura nagusia langileengan jarri.

Langile-bazkideen jarrera desegokiengatik hondoratu zen Fagor Etxetresnak?

Ez, inondik inora ere ez. Argitu nahi dut ez dugula txosten bat egin, artikulu akademiko bat baizik, eta esan behar dut lerroburu batzuk deigarriak egin zaizkigula egileei. Fagorren gaia erakargarria da, badakigu. Kontua da Fagor Etxetresnak enpresaren porrotaren arrazoiak hainbat direla, eta horietako bat baino ez dela giza baliabideen inguruko politika. Langileez ari naiz, denei buruz, atal guztietan aritu zirenei buruz. Eta langileen politika oso lotua dago enpresaren gobernantza motarekin, noski.

Gaixotasun baimenen kopurua aipatu duzue zuen lanean, zehaztuz bazkide gazteenek hartzen zituztela gehien. Ehiza sasoian heltzen zirela ere esan izan du inork zuen aurretik.

Estatistikak hor daude, eta absentismoarena egia da: handia zen. Baina guk bakarrik azalpen bat eman dugu, egindako elkarrizketak oinarri hartuta, eta ez gara egon soilik zuzendaritzako langileekin. Ehizarena mito arrazional bat da, denek dakiten zerbait; Iriziarrekin ere asko lotzen zen kontu hori. Hori guztia baino serioagoa da hau. Dena den, gure lanaren harira egindako lerroburu batzuek eragin dezaketen ezinegona eta samina ez genuen nahi; sentitzen dugu.

Zergatik? Lan akademiko bat egin duzue, datuak bilduz.

Gure lana irakurtzen duen edonor ohartuko da ez garela esaten ari lerroburuek esaten dutena. Gure ekarpena egin dugu, gure ikuspegitik. Sarritan esaten digute bolizko dorrean gaudela, baina ez. Langileekin hitz egiten dugu, enpresariekin, sindikatuekin...

Jaurtitzeko arma gisa baliatu dutela esan nahi duzu?

Bai, hein batean bai. Egia da, ordea, oraindik askok uste dutela, bai unibertsitatean, baita Arrasaten bertan ere, Fagor Etxetresnak erori zela bakarrik kanpo aldagaiengatik. Etxebizitzaren burbuila, sektorea bera, lehiakortasuna eta abar aipatzen dituzte. Eta bai, noski, eragin zuten, baina baita barruko aldagaiek ere.

Baina arrazoi batzuek besteek baino pisu handiagoa izango dute akaso. Brandt erostearen zorra ez al zen izan zama izugarria?

Brandten zorra oso garrantzitsua izan zen; ezin da ukatu. Zure neurriko enpresa bat erostea eta hori guztia nola gobernatu zen, hori oinarrizkoa da. Horrez gain, merkataritza politikan ez zuen asmatu. Banaketa kate berriak sartu ziren, adibidez Media Markt, eta enpresak ez zuen jakin hori ondo kudeatzen. Eta marka ez zuten ongi kokatu, gainera. Erabaki guztiek, baita txikiek ere, hautu bat osatzen dute azkenean. Ez baita batere erraza asmatzea; horretaz ez da ohartzen jendea.

Kooperatiba batean pasatu zen bezala, elkarte anonimo batean ere gerta zitekeen, orduan?

Fagor Etxetresnak enpresan pasatu zena agian beste kooperatiba batzuetan gerta daiteke, eta beste edozein enpresatan ere bai. Behetik gorako hierarkia zegoen. Langileek zuzendaritzak baino pisu handiagoa zuten erabakietan. Baina hori ikusita nago elkarte anonimoetan ere. Arlo publikoan gaudenok asko entzuten dugu «hau ez da gertatzen enpresa pribatu batean». Mito bat da. Enpresa pribatu bateko akziodunek sarri esaten dute «hau beste enpresa batean ez zen gertatuko».

Metalaren itunaren soldataz garbigailuak egitea eta errentagarri izatea ez da erraza...

Baditugu enpresa asko egiten dutenak ezinezkoa dirudien hori. Autoerregulazioaren palanka oso garrantzitsua da. Baina Fagor Etxetresnak enpresak 3.000 langile ere izan zituen, eta, beharbada, hainbat atal ixteko garaia heldu zitzaion. Ekoizpena atzerrira eraman ordez, enplegu mota bati hemen eustea, beste kooperatiben ahalegin izugarriaz, eta hala ere iritsi ezinik aritzea benetako aukera zen? Gainera, Fagorren kasuan asko politizatu zen dena; herri honen gatazka politikoaren isla bat egon zen han.

Asteon Ordainduk esan du ardura guztia zuzendaritzarena izan zela. Zer diozu?

Ulertzen dut Ordainduk jarrera hori hartzea, baina auzia konplexuagoa da. Haien artean badira buruzagi ohiak, adibidez. Kontraesan handi bat dago estrategia horretan: bazkideak ziren, eta ezin dute esan ez zutela enpresaren martxaren berri. Aurrezle batzuek bai, beharbada.

CNA taldeak ere porrot egin du. Horrek ere esaten du zerbait, ezta?

Ez dugu kasu hori ikertu, baina, gaur egun merkatu horretan den lehiarekin, oso zaila da irautea. Lerro zuria aztertzen baduzu Europan, ikusiko duzu porrot ugari daudela. Oraindik badira batzuk eta ez oso urrun, baina haien balio erantsia non dagoen ikusi behar da, haien merkatu helburuak zein diren eta abar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna